Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek dei egin dio lehendakariari zerga politikaren eztabaida egiteko "eguna, ordua eta proposamen zehatza jar dezan"

Aralarrek dei egin dio lehendakariari zerga politikaren eztabaida egiteko "eguna, ordua eta proposamen zehatza jar dezan"

2010/03/01
  • ezenarro
  • fiskalitatea
  • 1
  • martxoak
  • hauteskundeak
  • lopez
Martxoaren 1eko hauteskundeetatik urtebete igarota, Aralar oso kritiko agertu da Lopezen gobernuarekin. "Gezurraren gainean eraikitako gobernua izan da, kanpainan esandakoaren kontra, eta trantsiziotik begikotasun gutxien izan duen gobernua da", salatu du Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok. "Zalantzaz beteriko gobernua" dela gehitu du Ezenarrok, "norabide garbirik gabea eta bere burua behin eta berriz zuzentzen ari dena". Ezenarrok, egiteko dauden eztabaida biei heltzeko eskatu dio: "ezinbestekoa da zerga politikaren eztabaidari lehenbailehen heltzea eta horrekin batera akordio politiko berri baten eztabaidari, gure pentsioen gainean erabakitzeko beharrezkoa baita". Hala, deia egin dio Ezenarrok Lopezi, zerga politikaren eztabaidari ekiteko: "jar dezala, behingoz, eguna, ordua eta bere proposamena mahai gainean".

Gobernuaren sortzeari buruz, Aralarren bozeramaileak salatu du "gezurraren gainean eraikitako gobernua izan da, kanpainan esan zutenaren kontra; alegia, Patxi Lopezek hitza eman zuen ez zuela paktatuko PPrekin". Era berean, eta  formei dagokionez, Ezenarrok adierazi du:

  • Zalantzaz betetako gobernua dela.
  • Gobernukideak bilatzeko arazoak izan zituen gobernua.
  • Norabide garbirik gabekoa, PPrekin adostutako 12 orriko oinarrizko akordiotik harago; beraz, programarik ez duen gobernu baten aurrean gaude.
  • Urte osoa bere burua zuzentzen pasatu duen gobernua da eta horren adibide dira: bozeramailearen hanka sartze larria Guggenheimen zorrari buruz edo San Mamesi buruzkoa; politika ekonomikoan inprobisazioa izatea nagusi: fiskalitatearen gainean sailburuak gauza bat esan eta ondoren bere gobernukideek zuzentzea; erabakitzeko eskubideari buruz, lehendakariak azaroan erronda bat irekiko zuela esan eta hurrengo egunean bere alderdiak eta PPk zuzendu zuten; programa aurkeztu ez eta herritarren balorazioaren emaitza ikusi ondoren, herri proiektua aurkeztu zuen, baina 8 hilabete beranduago eta legebiltzarretik kanpo; lehendakaritzaren dekretua urtarrilaren amaiera arte onartu gabe izan du eta alor ekonomikoa desagerrazi ostean komunikaziokoa sortu du.
  • Herritarrei errespetu eza erakutsi dion lehendakaria da; eta horren adibide da "aldaketa hain azkarra izan da euskal gizarteak ez duela baloratu" esan izana.
  • Behin eta berriz, komunikabideetan politika egiten diharduen gobernua da, Legebiltzarrari errespetu falta adieraziz. Esaterako, Legebiltzarrean egin ez duen elkarrizketa gero medioen bidez egitea eskaintzen aritzen da. Egiten duena, edo hobe esanda egiten ez duena itxurakeriarekin estaldu nahian aritzen da Lopezen gobernua.

Edukiari dagokionez,

  • Oso produkzio eskasa izan duen gobernua da, nahiz eta 'egiten ari direla' erakutsi nahian ibili.
  • Krisiari erantzuteko neurriak hartzen hastea asko kostatu zitzaion. Uztailean, zerbait egin behar zuela ikusita, Diputazioko arduradun desberdinekin 6 lantalde jarri zituen martxan, baina inork badaki zertan gauzatu diren? Bestetik, aurrekontuetan adostasunei uko egin ondoren, Diputazio Iraunkorrean elkarrizketarako dei orokorrak egin zituen.
  • Krisiari aurre egiteko neurriei dagokienez, Euskadi 09 plan xumeaz harago, ezer gutxi egin du Lopezek. Renove plan batzuk; udaletxeei 6 hilabetera mugatzen diren enpleguak sortzeko laguntzak, beraz, lan prekarioa sortzeko laguntzak. Lehendik zetozen programetatik harago ez du ezer berririk egin. Eta, berritasuna izan behar zuena, enplegu politiken transferentzia, ez da errealitate; eta Chavezek esandakoaren arabera, abendua izango da gutxienez eskualdatzea egiterako. Beraz, enplegu politika propiorik ez dugu langabeziari aurre egiteko.
  • Gobernu honek egin duena zorpetzea izan da. Urtebetean bost bider gehitu du zorra. Martxa horretan, ez dago egoerari eutsiko dion gobernurik. Are larriagoa, oraindik ez digu esan zer egin asmo duen zorrari aurre egiteko ezta ere zein den berrorekatzeko bere plana.

Giza eskubideei dagokienez,

  • Gai honetan egin nahi izan dute bereziki agerikoa aldaketa, baina begirada murriztuz eta fokoa ETAren indarkeria eta horren ondorioetan bakarrik jarriz. Hortik Ares jaunak eman digun udara bere buruz "kale-garbitzaile" bailitzan agertuz, edozein aitzakia tarteko, herritar askoren kontra gehiegikeriak eginez.
  • Lehendakariak hanka sartu zuen biktimen omenaldian GAL-i 'atajo que nos hizo más débiles' deituz; eta agerian utziz, sozialistek gai horretan oraindik egiteko daukaten ibilbidea.
  • Horrez gain, aurrekontu proiektutik desagertu egin ziren bai "bestelako biktimei" buruzko txostena egiteko partida, bai eta frankismoaren biktimei zuzendutako laguntzen partida. Nahiz eta ondoren, gainontzeko talde parlamentarioen ekimenei erantzunez zuzendu egin dituzten bi kontu hauek.

Euskara eta kultura,

  • Atzerapauso nabarmenak: Euskal Herria kontzeptu bezala ezabatu nahi dute curriculumetik; A ereduaren aldeko publizitatea egin dute, lotsarik gabe eta hala ere ez dute lortu eredu honetan ikasle gehiago matrikulatzea eta beraz, erabat gezurtatuta geratu da PP eta PSE-EEren tesia: alegia, A ereduan gela gehiago ireki behar zirela eskaria zegoelako. Gurasoek argi utzi dute ez dutela A ereduko eskari gehiago.Ikasgeletan biktimen testigantza zuzena totem bihurtu dute, orain arte egiten zen lan onari izen txarra eman nahian. Hori guztia, komunikabideen bidez, legebiltzarrean ez dute proiektu bakar bat sartu.
  • EITB arriskuan jarri dute Iparraldean eta Nafarroan.

Erabakitzeko eskubidea,

  • Kanpainan esandakoaren aurka, eta azaroan berretsitakoaren aurka, orain ez da lehentasuna akordio politiko berria egiteko. Ez zaio gustatzen gaia eta, beraz, esaten du ez dela herritarren lehentasuna, jakina denean herritar gehienok bestelako marko politiko-juridiko bat nahi dugula.
  • Estatutuaren eguna jai egun izendatu dute, bete ez den lege organiko bat ospatzeko eguna jarriz, gehiengoaren aurka

Eta herritarrek beste behin argi utzi diete: ez dute gogoko ez gobernu honen sorburua bera, ez politika egiteko modua, ez egiten duen politika.

Lopezi deia:

Eztabaida bi egiteko zain daude oraindik herri honetan, elkar loturik dauden eztabaidak dira gainera:

  • Elkarbizitzarako akordio berria. Ez du balio esateak ez dela tokatzen, batez ere kanpainan konpromisoa hartu zuenean estatutu berriaren inguruan eztabaida irekitzeko eta alderdiekin elkarrizketak egingo zituela esan ostean. Dei egiten diogu lehendakariari ekimena har dezan eta elkarbizitzarako akordio politikoa bilatzeari ekin diezaion.
  • Baina, batez ere, dei egiten diogu zerga politikaren eztabaidari ekin diezaion. Ez da zilegi "eztabaida egin behar dela" esatea behin eta berriz, asteburuetako mitinetan, eta gero ez dezala proposamen zehatzak egin. Hori dela eta, dei egiten diogu jar dezan egun eta ordua eta proposamen zehatza zerga politikaren gaineko eztabairi ekiteko. Izan ere eztabaida biak lotuta daude: gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea, pentsioak erabakitzea, langabezia saria, azken finean, gure eredu soziala.

Albiste erlazionatuak