Aralarrek babesa eskatuko dio militantziari akordio estrategiko eta elektorala saiatzeko
Prentsaurrekoko testua osorik
1.- Aralar alderdiak datorren martxoak 3an egingo du Gasteizen bere araudian ezarritako ohiko Batzar Nagusia. Batzar Nagusi horren gai-ordena, nondik-norakoa eta beste ezaugarri bereziak adierazi nahi ditugu prentsaurreko honetan.
Bertan aztertuko ditugu azken aldian izan diren gertakizun polítiko eta sozial garrantzitsuak, eta gaur-egungo egoera eta aurrean ditugun erronkei aurre egiteko hartu beharreko erabakien lehen urratsak abian jarriko ditugu.
Egoeraren eta azken gertakizun polítikoen azterketan ikuspegi, arazo eta eduki ezberdin eta anitz izan behar ditugu gogoan:
- Bakegintzan eta nomalkuntza politikoaren arloan eman diren eta emateke dauden urratsak. Zer egin eta nola jokatu bake prozesua bultzatzeko, elkarrizketa politikoa
- Hauteskundeetan eta arlo politikoan gertatu diren eta eman diren urratsak
2.- Aralar alderdiak bere erabakietan eta bereziki IV. eta V. Biltzar Nagusietan hartutako erabakiak betetzeko eman beharreko urratsak nola eman, eta datozen garaietan aurrean dauzkagun erronkei nola erantzun da Batzar Nagusi honetan aztertuko duguna.
Aralar alderdiaren sortzeko eta izateko arrazoiak bakea eta jokabide soilik politikoak bultzatzea ezezik, Ezker Abertzale zibil eta zabala lortzea izan dira, dira eta izango dira.
Helburu, xede eta zeregin horietan den-denok ados gaude Aralar alderdian. Alderdiaren barruan halere, izan badira aldaketa hauek daramaten abiadurari buruzko sentsibilitate ezberdinak, gizartearen baitan badiren bezalaxe; batzuek uste dute azkarregi doazela eta sinesgarritasun osoa ukatu nahi izaten diete; beste batzuk uste dute astiroegi doazela eta astinketa bat beharko luketela. Edonola ere, horrek ez lioke inori Aralar alderdiaren azken helburu ideogiko eta estrategikoa ezkutatu edo estali beharko, eta esan bezala helburu hori, giza eskubide guztietan oinarritutako bakea eta normalkuntza demokratikoa, aniztasun osoa bermatuko duen barne egitura eta balio aurrerakoi eta ezkerrekoak bultzatzea dira.
3.- Aralar alderdiaren ustez, Amaiur koalizioarena izan da Euskal Herrian ezker abertzale anitzak hauteskunde orokor batzuetan inoiz lortu duen emaitzik onena. Amaiurren emaitzak adierazten du ez bakarrik ondorio bat, baizik herriak erakusten digun norabide bat eta ez diezaiokegu entzungor egin.
Orain dirudienez EAEko hauteskundeak aurrean ditugu. Eta nahiz eta berez edo kalendarioaren arabera datorren urterako aurrikusiak dauden, aurten deituak izatea ere gerta liteke.
Horregatik Aralar alderdiko Batzorde Eragileak aho batez erabaki du alderdiaren Batzar orokorrari baimena eta babesa eskatzea beharrekoak diren elkarrizketa eta negoziaketak aurrera eramateko. Gero, gure araudian dagoen modura elkarrizketa eta negoziaketa horien ondorioak onartzeko Batzar Orokorrera berriro ekarri ahal izateko.
Datorren martxoak 3an beraz, horixe da eginen duguna, aurretik egoera polítiko, ekonomiko eta sozialaren azterketa, ahal bezain sakonki egin ondoren. Gasteiz auketatu dugu horretarako, besteak beste, egun horrek Euskal Herrian eta estatu osoan duen esanahiagatik.


