Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek Celaari eskatu dio hizkuntza ofizial bien ezagutza bermatzen duen hizkuntza ereduaren matrikulazioa bultza dezala

Aralarrek Celaari eskatu dio hizkuntza ofizial bien ezagutza bermatzen duen hizkuntza ereduaren matrikulazioa bultza dezala

2010/02/01
  • hezkuntza
  • basabe
  • ereduak
  • celaa
Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek Hezkuntza sailburuaren arduragabekeriatzat jo du “irekitako matrikulazio prozesuan Eusko Jaurlaritzak ustezko ‘neutraltasunez’ jokatzeko hartu duen erabakia”. Aralarren legebiltzarkideak uste du, “gobernuaren ardura dela EAEn ofizialak diren hizkuntza biak ezagutzeko herritar guztiek duten eskubidea bermatzeko ardura, baita eskola adinean dauden gazteena ere”.

Era berean, Basabek gogoratu du “16 urterekin derrigorrezko hezkuntza amaitzen duten gazteek herri honetako hizkuntza ofizial bien ezaguera bermatzea eskatzen duela gizarteak, eta hala agintzen duela legeak”.

Basaberen iritziz, “Hezkuntza zaila, PPren presioengatik, benetakoa ez den gatazka eragiten ari da; gizartean ez dagoen gatazka sustatzen ari da. Euskal gizartea ari da, herri honetako gurasoak ari dira, behin eta berriz hezkuntza integratzaile baten aldeko apustu sendoa egiten, gaztelera zein euskara ikasteko balio duen hezkuntzaren alde, hain zuzen ere”.

Basabek adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak publikoki aitortu duela, “bere bozeramaileak hala adierazi du, A ereduak ez duela balio legearekin betetzeko. Arduragabekeria da, hori jakinda ere, gobernuak eredu horren eskaintza normalizatua egiten segitzea”. Bestalde, Aralarren legebiltzarkideak gogoratu du, berak osoko bilkuran egindako galdera bati erantzunez, “Celaa sailburuak konpromisoa hartu zuela ‘A eredua indartzera’ izan ere aitortu egin zuen legeak agintzen duela ‘beste hizkuntza ofiziala jakiteko derrigorrezkotasuna’, hau da, ikasketa hizkuntza gisa aukeratzen ez dena”. Baina, dirudienez, eredu horren eskaintza indartzea besterik ez da bilatzen”.

Aralarren ordezkariak eskatu dio Eusko Jaurlaritzari berma dezala EAEn derrigorrezko hezkuntza amaitzen duten ikasle guztiek herri honetako hizkuntza ofizial bietan gai izango direla “hori baita gizartea kohesionatzeko eta bazterketarik gabe herria eraikitzeko modurik onena”.

Albiste erlazionatuak