Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek Celaari azalpenak eskatu dizkio, Wifi-ak eskoletan duen kaltegarritasun ezaren harira egin dituen adierazpenengatik

Aralarrek Celaari azalpenak eskatu dizkio, Wifi-ak eskoletan duen kaltegarritasun ezaren harira egin dituen adierazpenengatik

2010/03/11
  • Maeztu
  • Osasuna
  • Ingurumena
Aralarrek Eusko Legebiltzarrean ikastetxe bakoitzak interneterako sarbide mota aukeratzeko askatasuna aldarrikatuko du. Alderdiak galdera bi zuzenduko dizkio Hezkuntza sailburu Isabel Celaari biharko kontrolerako osoko bilkuran, Eskola 2.0 egitasmoak EAEko eskoletan izan duen harreraren inguruan. Konkretuki, haririk gabeko internet konexioak ikastetxetan izan duen harreraren inguruan izango dira galderak.

“Sailburuak herritarrak nahasten ditu: legea betetzeak ez du Wifi-aren kaltegarritasun eza frogatzen”. Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk Hezkuntza sailburu Isabel Celaak astelehenean egindako baieztapena kritikatu du. Celaak Eskola 2.0 egitasmoan erabiltzen den wifi teknologia kaltegarria ez dela esan zuen. Adierazpen hauek egin zituen EAEko Telekomunikazioko Ingeniarien Elkargo Ofizialak wifi-aren uhin elektromagnetikoak neurtze aldera laborategi eta eskola jakin batean egindako neurketen harira. Eusko Legebiltzarrak Aralarren ekimenez onartutako proposamenaren harira egin dira neurketak.

 

Maezturen iritziz “sailburua arinegi aritu da funtsik gabeko baieztapen horiek egiterako orduan”. Orain 9 urte egindako arautegia betetzeak ez du esan nahi zerbait kaltegarria ez dela. Kontutan hartu behar da urte hauetan egon den garapen teknologikoa alde batetik, eta bestetik, garrantzitsua da baita ere kontutan hartzea Europako Parlamentuak egin duen ikerketaren ondorioz egin diren ebazpenak, non egun dauden lege gehienak zaharkituak daudela jasotzen den”, gaineratu du legebiltzarkideak.

 

Horregatik guztiagatik, Aralarrek gogoratu du ezinbestekoa dela herritar guztiei interneterako sarbidea ahalbidetzea, eta beraz, ez dagoela zenbait kasutan haririk gabeko konexioa erabiltzearen aurka. Hala ere, ezinbestekoa deritzo Europako Parlamentuak aldarrikatzen duen prekauzio-printzipioari kasu egitea, “elektropoluzioaren inguruan eztabaida irekita dagoen artean hauskorrenak diren pertsonen osasuna babeste aldera”. “Badirudi sailburuak ez ikusiarena egiten duela Europar Batasunean egin diren ikerketak kontutan hartzerako momentuan, eta bere ondorioak hartu ditu; hainbat erakundek, gobernuk eta parlamentuk aldarrikatu duten arduraz ibiltzeko beharrari ez dio kasurik egiten, eta horrek gizartearen osasunak arduratzen ez duenaren seinale izan daiteke”, esan du Maeztuk.

 

Ostiraleko osoko bilkuran Aralarrek bi galdera luzatuko dizkio Hezkuntza sailburuari gai honen inguruan. Alderdiak ikastetxeek nahi duten internet konexioa aukeratzeko askatasuna izatea eskatuko du, prekauzio-printzipioa dela eta kablea ezartzeko erabakia hartzeko aukera Eskola 2.0 egitasmoan jasotzea, alegia. “Jakin badakigu zenbait eskolatan arduratuta dabiltzala gai honekin, eta kablearen aldeko apustua egiten dutela”, azaldu du Maeztuk.