Aralarrek bere poza azaldu du Donostiako Giza Eskubideen Batzordeak inkomunikazioaren kontrako jarrera hartu duelako
- Giza Eskubideak
- Giza eskubideak
- Erostarbe
Oxel Erostarbe Gipuzkoako Aralarreko koordinatzaileak azpimarratu duenez, “Aralarren ekimenez lortu da PSEk bere egitea inkomunikazioaren kontrako jarrera. Gogoratu beharra dago prozedura kriminaleko legea aldatzeko Aralarren proposamenaren kontra egin duela behin baino gehiagotan PSEk Legebiltzarrean”.
“Zentzu horretan”, gaineratu du Erostarbek, “poztu egiten gara Donostiako alderdi sozialistak hartu duen erabakiaz, eta espero dugu aurrerantzean ere gero eta alderdi gehiagok eta alderdi sozialistako pertsona gehiagok inkomunikazioaren kontrako jarrera izatea”.
Amaitzeko, Erostarbek nabarmendu nahi izan duenez, “giza eskubideen alde egon behar gara egoera eta baldintza guztietan”.
DONOSTIAKO UDALEKO GIZA ESKUBIDEEN BATZORDE BEREZIAREN ADIERAZPENA
Donostiako Giza Eskubideen Batzorde Berezia mozio bat aztertzeko elkartu da, Aralar, Alternatiba eta EAJ taldeek terrorismoaren aurkako legeak aplikatzeari buruz eta Espainian atxilotutako pertsonek salaturiko tortura eta tratu txarren gainean aurkezturikoa.
Aralar-Alternatiba koalizioak eskatuta, Batzordeak aztertu egin du Auzitegi Nazionalaren aginduz 2009ko azaroaren 24an Donostian atxilo hartutako gazteen senide talde batek Donostiako Udalean idatziz aurkezturiko torturen eta tratu txarren salaketa.
Hasteko, eta Espainian indarrean dagoen terrorismoaren aurkako legeriaren edukia eta aplikazioa aztergai dela, Batzordea osatzen duten udal taldeek horiek oso bestela balioesten dituzte.
Bateko, EAJ, Aralar, Alternatiba eta EA taldeen ordezkariek terrorismoaren aurkako legeen kontra daudela agertu dute, baita salatu ere lege horiek aplikatzeak eta atxilotuak inkomunikaturik egoteak tortura kasuak, defentsa gabezia eta segurtasun juridiko eza dakartzatela, atxilotuen senideengan ziurgabetasuna sortzeaz gain. Hargatik, legeok eta atxilotuen inkomunikazioa indargabetzeko eskatzen dute.
Bestalde, PSE-EE alderdiaren ordezkariak ez datoz bat haien ustez legeen gaineko iritzi politikoak diren horiekin, eta argudiatzen dutenez, halako adierazpen sakon bat, aipatu taldeek eskaturikoa, Batzordearen zereginetatik kanpo dago, arreta herritarren benetako kezka den terrorismoaren arazotik desbideratzea ekartzeaz gain. Tortura, betiere, arbuiatzen dutela adierazi dute.
Halako gai zail bat ahalik eta objektiboen aztertu eta erantzukizunez jokatzearren, Giza Eskubideen Batzorde Bereziak aztertu du Nazio Batuen errelatoreak terrorismoaren aurkako borrokan giza eskubideak eta askatasunak babesteari buruz egindako txostena (Espainiara 2008ko maiatzean bidalitako misioa, Gobernuak gonbidatua).
NBEko errelatorearen txosten aipatutik Giza Eskubideen Batzorde Bereziak azterkizun den gaiaren gainean emandako 62. eta 63. gomendioak nabarmentzen ditu, honako hau baitiote:
62. Errelatore bereziak atxilotze inkomunikatua guztiz kentzea gomendatzen du; araubide berezi horrek atxilotuei tratu debekatua emateko arriskua ekartzeaz gain, Espainia tortura salaketak jasotzeko arriskuan jartzearen ondorioz, terrorismoaren aurkako neurrien legitimitatea ahultzen duelako ere. Errelatore bereziak eskatzen du tortura eta tratu txarrak prebenitzeko neurriak sistematikoki aplikatzeko; batez ere, besteak beste, atxilotze instalazioak etengabe bideoz zainduta edukiz eta atxilotuak haiek eskatutako medikuek aztertzearen bidez.
63. Errelatore berezia erabat kezkatzen dute terrorismoaren susmopean inkomunikaturik egon diren pertsona atxilotuek aurkeztutako torturen eta tratu txarren salaketek, baita agintari espainiarrek halako salaketei sistemaz jaramonik egiten ez dietela dion informazioak ere. Errelatore bereziak sendo gomendatzen die agintari espainiarrei tratu txarrak izan direla susmatzeko arrazoiak daudenetan berehala ikerketa independente, inpartzial eta oso bat abiarazi eta halako arau-hausteak egindako pertsonak justiziaren aurrera eramatea. Torturaren nazioarteko debekuaren osagai guztiak modu sistematikoan errespetatzeak eta inkomunikazio araubidea indargabetzeak segurtasun indarrek terrorismoaren aurka gauzatzen dituzten ekintzen sinesgarritasuna areagotuko dute eta, horrekin batera, lagungarri gertatuko dira tratu txarren salaketak behar ez bezala jaso dituzten pertsonengandik susmoaren zama garbitzeko.
Azaldutako gaiak ikusita eta adostasunetik abiatuta batzordekide guztiek (alkatea eta udal talde bakoitzaren ordezkari bat) parteka dezaketen irizpide bat ezartzeko asmoz, honako ADIERAZPEN hau onartu dute Alderdi Popularraren aurkako botoarekin:
I.- Hasi bidez, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Batzorde Bereziak ETAren terrorismoa kondenatzen eta gaitzesten du, giza bizitza eta eskubideen suntsiketa dakarrelako. Era berean, berriro aldarrikatzen du noraezekoa dela indar demokratikoak bat eginda egotea indarkeria terroristari legitimazioa kentzeko helburuan.
II.- Halaber, udal Batzordeak berriz ere aldarrikatzen du giza eskubideen alde dagoela, salbuespenik gabe, eta Zuzenbide estatu batek halakoak errespetatu beharra duela.
III.- Aurreko guztia gogoan, eta adierazpen honetako I. eta II. puntuetan adierazitako hastapenen inguruan, Giza Eskubideen Batzorde Bereziak NBEko errelatore bereziaren 62. eta 63. Gomendioak kontuan izaten eta bere egiten ditu. Eta hala jokatzen du giza eskubideak errespetatzeko inperatiboari atxikitzen zaiola adierazteko, noraezeko faktoreak direlako terrorismoaren aurkako borroka eraginkorra izan dadin, baita tortura eta tratu txarrak gaitzesteko ere.
Albiste erlazionatuak
Giza Eskubideak
Giza eskubideak
Erostarbe
- PSE bakarrik geratu da, ostalariei konpentsazioak emateko Aralarren ekimenaren aurka
- Kooperatiben lege aldaketarekin aurrera egiteko asmoa duen argitzea eskatu dio Aralarrek Lehendakariari
- Tabakoaren legeak eragindako obrak egin zituztenei kalte-ordainak emateko ekimena aurkeztuko du Aralarrek Legebiltzarrean
- “Tabakoaren legearekin Jaurlaritzak zituen asmoak ezertan geratu dira”, Aralarren iritziz


