Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek bere esku dagoena egingo du ezkerreko aukera aurrerakoi eta abertzalea Nafarroako eskuinaren alternatiba bihurtu eta harekin lehiatu ahal izateko

Aralarrek bere esku dagoena egingo du ezkerreko aukera aurrerakoi eta abertzalea Nafarroako eskuinaren alternatiba bihurtu eta harekin lehiatu ahal izateko

2010/03/15
  • Nafarroa Bai
Egin beharreko konpromisoei eta lanei data jartzea komenigarria dela uste du Aralarrek, are gehiago gizartearen zati handi bati eragiten bazaio. Zentzu horretan, gaurko eguna, martxoaren 15a, NaBairen inguruan gainontzeko alderdiek duten jarrera zein den ezagutzeko epe-muga bezala ezartzea komenigarria iruditu zitzaigun eta hala iruditzen zaigu orain ere.

Era berean, arazoak zeintzuk diren, gureak zein besteenak, daukagun erantzukizunarengatik ezagutzea garrantzitsua iruditu zaigu beti; eta jakina, arazo horiek konpontzeko lan egitea. NaBairen arazoekin ere berdin jokatu dugu. Lehendabizi, barne mailan ikusten genituen arazoen berri eman dugu, eta horien konponbiderako neurririk hartzen ez zela ikusita, gizarteari ere jakinarazi dizkiogu, azken baten, herritarrekin daukagulako konpromisorik nagusiena.

Arazoei konponbide aproposak emateko, gure proposamenak jarri ditugu mahai gainean, eta eztabaidarako eta akordiorako jarrera irekia izan dugu, nahiz eta jarrera hori ez den beti ondo ulertua ez erantzuna izan.

Aralarrek zuzen eta erantzukizunez jokatzeko konpromisoa hartua dauka. Baina ez hori bakarrik, gizartearekin hartutako konpromisoei ere modu argian erantzun behar diegu, jakinaraziko kontuak desatseginak izan arren eta gaizki ulertuak izateko arriskua  daukagula jakin arren.

Urritik martxora arteko hilabete hauetan irizpide eta konpromiso horien arabera jokatu du Aralarrek, aurkitutako arazoak konpondu nahian eta Nafarroan aldaketa gertatu ahal izateko proposamenak eginez eta koalizioari gaitasun handiagoak emanez.

Aralarrek 20 bitako bilera baino gehiago egin ditu koalizioko gainontzeko alderdiekin. Guzti-guztiak izan dira Aralarrek deituak, eta guztietan ahalegindu gara arazoen diagnostiko eta konponbide bateratua egiten, nahiz eta nahi genuen arrakastarik eskuratu ez dugun.

Gainera, Aralarrek hiru dokumentu jarri ditu mahai gainean: irizpide politikoena, esku-hartze programarena eta antolaketa ereduarena. Horiek guztiak NaBai osatzen dugunon artean eztabaidatzeko eta adosteko jarri dira mahai gainean. Jaso dugun erantzuna ez da berbera izan, eta batzuk bere jarrera aldatzeko borondaterik ez dute agertu, kontuan izan gabe koalizioak etengabe berritzen diren errealitateak direla.

Gaur, martxoak 15, Aralarrek uste du aurrerapausoak eman direla. Alde batetik, arazoen identifikazioan, eta beste alde batetik, konponbideetarako hurbilketan.

Etorkizunean baieztatu beharko diren hurbilketak gertatu dira. Beharrezkoa da hurbilketa horiek egonkortzea, baina alde ideologikoan, eta baita alde programatikoan eta funtzionamendukoan.

Aralarrek bere esku dagoena egingo du esparru politiko abertzalea, ezkerrekoa eta aurrerakoiak hauteskunde eskaintza duina, zentzuzkoa eta erantzukizunekoa izan dezan; izan ere, Nafarroako lehen edo lehenengoetako indar politikoa izateko borondatea eta itxaropenak dauzka.

Elkarrekiko leialtasuna, herritarrekiko zintzotasuna eta erantzukizun politikoa izan behar dira Nafarroako gizarteak eskatzen duen ezkerreko aukera aurrerakoia osatzeko oinarriak.

Nafarroakoa gizarte heldua eta zentzuzkoa da, eta horren eskaerei erantzun behar zaie oinarri ideologikoak, eta ez izaera koiunturalekoak, dituzten proposamenak eginda. Alternatiba izan nahi duenak esku-hartze programa baikorrak, ondo prestatutakoak eta ondo egituratutako funtzionamendu ereduak izan behar ditu.