Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek bere esku dagoena egingo du erabakitzeko eskubidearen alde abertzale eta demokraten arteko indar metaketa gauzatu dadin

Aralarrek bere esku dagoena egingo du erabakitzeko eskubidearen alde abertzale eta demokraten arteko indar metaketa gauzatu dadin

2010/02/15
  • Patxi Zabaleta
Gaur betetzen dira 20 urte Legebiltzarrak autodeterminazioa Euskal Herriari dagokion eskubidea dela jasotzen duen adierazpena onartu zuenetik. Gaur arratsaldean Donostian egindako prentsaurrekoan, Aralarreko Hegoaldeko Zuzendaritzak adierazi du data hori gogoratua eta ospatua izan behar dela. Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak azpimarratu duenez, “gaur egunera arte autodeterminazio eskubidea gauzatzeko aukerarik ez izatea ez dio garrantzia kentzen data horri”.

Zabaletak gogoratu duenez, autodeterminazioaren inguruko adierazpena onartu zenetik, “Lizarra-Garaziko hitzarmena eta beste bi ahalegin izan dira Legebiltzarrean, estatutu berriaren proposamena eta Kontsulta Legea, erabakitzeko eskubidea euskal gizartearen aurrean jasoa eta aitortua gera zedin. Nafarroako Parlamentuan estatutu berri baterako proposamena ere izan da”.

“Proposamen horiek aurrera egin ez duten arren”, azpimarratu du Aralarreko koordinatzaileak, “ez dugu etsiko eskubide horiek aitortuak izan arte, Euskal Herriak nazio gisa aitortua izateko borondatea daukalako eta Europako beste nazioen markoan nazio gisa aitortua izateko nahia daukalako”.

Zentzu horretan, eta Aberri Egunerako aste batzuk geratzen direnean, Zabaletak adierazi du “abertzale eta demokraten artean erabakitzeko eskubidearen alde indar metaketa gauzatzeko aukera on baten aurrean gaude. Aralarrek bere esku dagoena egingo du indar metaketa hori gauza dadin”.

Ezker abertzaleko beste sentsibilitatearen agiria

Gaur arratsaldean ezker abertzaleko beste sentsibilitateak kaleratu duen agiriaren harira Zabaletak azpimarratu duenez, “Aralarrek uste du ezker abertzaleak gaur kaleratutako agiria oso urrats positiboa dela”.

“Aralarren postulatuetara hurbilketa ideologikoa izan dela deritzogu. Eta gure ustean, horixe da etorkizunean politikak garatu behar duen bidea eta norabidea”, azpimarratu du Aralarreko koordinatzaileak.

“Agiriak daukan garrantziaren froga”, gaineratu du, “bertan jasotako hitzetatik eratorritako ondorio zehatzak ateratzeko gaitasunean egongo da eta ondorio horiek praktikara eta errealitatera eraman ahal izateko bide zehatzak irekitzeko gaitasunean”.

Bestalde, Zabaletak adierazi du “ezker abertzaleko bi sentsibilitateen artean elkarrizketa ireki eta zintzoa gauzatzeko baldintzak ematen dira. Eta Aralarrek elkarrizketa hori irekitzeko eta beharrezkoak diren harremanak izateko borondatea dauka, beti izan duen moduan”.