Aralarrek bat egin du Aminetu Haidarren aldarrikapenarekin, eta Saharan giza eskubideak bermatzea exijitu du
Aralarretik oso argi daukagu Saharako herriaren arazoa bide politikoetatik konponduko dela; hau da, Saharako herriak une honetan behar duena babes politikoa da. Eta horixe da, hain zuzen, Espainiako Gobernuak eta Estatuak ematen ez diona. 1975ean saldu egin zituztela ikusi zuen Saharako herritarrek, eta orduz geroztik, behin eta berriro saldu egiten dituztela argi dute. Beste behin, Espainiako Gobernuari exijitu beharrean gara Saharako herriarekin eta bereziki Lanzaroteko aireportuan erretenituta daukan Aminetu Haidarrekin daukan erantzukizun politikoa har dezala behingoz.
Aminetu Haidar azaroaren 13an atxilotu zuten El Aaiungo aireportuan, munduan zehar egindako bidaia baten ondoren. Hainbat herrialdetan izan zen Haidar Saharako herriaren egoera salatzen, eta batez ere, joan den urriaren 8an Casablancan atxilotu zituzten giza eskubideen zazpi aktibista aske uztea exijitzeko. Aralarretik bat egiten dugu Haidarren aldarrikapenekin, eta giza eskubideen errespetua eta bermea eskatzen zuten zazpi aktibistak berehala aske uztea eskatzen diogu Marokoko gobernuari.
Nazio Batuen Erakundeak ere bere erantzukizun politikoa bete beharko du, adostua geratu zen bezala, Mendebaldeko Saharan autodeterminazio erreferenduma egin dadin. Nazioarteko eragileek beharrezkoak diren neurriak hartu beharko dituzte, Marokoko herriak Nazio Batuen aginduak eta hitzarmenak bete eta Saharan giza eskubideak errespeta eta berma ditzan.
Horretarako, beharrezkoa da komunikabideei eta nazioarteko begiraleei Saharako herrian sartzen uztea, haiek egiazta eta berma dezaten Mendebaldeko Saharan giza eskubide indibidualak zein kolektiboak errespetatzen direla.


