Aralarrek Basagoitiri erantzun dio normalizazioan eta bakegintzan ez dela “lidergorako borondate zaharkiturik egon behar”
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak agertu duenez, “egotekotan, urtarrilaren 7an Bilbon egin zen manifestazioan kalera atera zen gizarteari dagokio lidergoa”. “Normalizazioan eta bakegintzan edukiak dira garrantzitzuenak, eta ez lidergoak; Basagoitirena politikan jarduteko era erabat zaharkitua da”, gaineratu du.
Zabaletaren hitzetan, “ETAren amaierarekin errelato bakarra egiteko erretolika zaharkitua izateaz gainera, antidemokratikoa da, ikusi besterik ez dagoelako frankismoaren erreformaren inguruko errelato bakarrik ez dagoela, eta, egunotan ikusten ari garen bezala, orain dela 500 urteko Nafarroako konkistaren inguruko errelato bakarrik ere ez dago”. Zentzu horretan, galdetu du: “Nolatan pentsa dezake norbaitek XXI. mendean bere historiaren inguruko errelato bakarra egongo dela?”. Aralarreko koordinatzailearen ustean, “honen atzean dagoen helburu bakarra da gustukoak ez dituen errelatoak gutxiestea, baina hori ikuspegi antidemokratikoa da”.


