Aralarrek bakea sendotzeko proposamena aurkeztu du, “inolako bazterketarik gabea eta lidergo politikorik gabea”
- Bakea
- Bake prozesua
Gaurko prentsaurrekoan Patxi Zabaleta Aralarren koordinatzaile orokorrarekin batera, Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide Dani Maeztu eta Nafarroako koordinatzaile asun Fernandez de Garaialde izan dira. Aralarrek azkenaldian bakegintzan aurrera egiteko egin diren adierazpen politikoei erantzun gura izan die, proposamen propioa eginez. “PPko Antonio Basagoitik aipatu zuen ekimena, eta horren antzekoak, baztertu egin behar dira, indar jakin batzuen lidergo politikoak sortzea ekarriko lukeelako. Aldiz, gure iritziz, beharrezkoa da berdinen arteko foroa eratzea, bazterketarik gabekoa eta garaile eta garaiturik gabekoa”, azaldu dute.
Aralarren proposamenak parte-hartzea irekita uzten du. “EAEko, Nafarroako eta Iparraldeko indar politiko guztiek, indar sindikalek eta gizarte eragileek parte hartu ahal izango lukete, hala gurako balute”, esan dute. “Ez da onargarria egiten ari direna, proposamenak EAEko edo Nafarroako erakunde konkretu batera bideratzea, alegia”, gaineratu dute. “Proposamen ezberdinak egin dira, euren artean kontrajarriak, baina batek ere ez du Aralarrek gura duena betetzen: bazterketarik gabeko elkarrizketa izatea, indar politikoen eta lurraldeen arteko ezberdintasunik gabea”, azaldu dute Zabaletak, Maeztuk eta Fernandez de Garaialdek.
Mahaiaren egoitza izateko Iruñea proposatu dute. Ez dago susmorik Nafarroako indar korrelazioak indar politiko jakin baten edo bestearen alde egiten duenik eta Iruñeak badu nazioartean errekonozimendua. Hori bai, mahaian lortutako akordioak erakundeetara helarazteko konpromisoa hartu dute.
PRENTSAURREKO TESTUA:
ARALAR ALDERDIAREN PROPOSAMENA
ALDERDIEN ETA INDAR SOZIALEN MAHAIA NAFARROAN EGIN DADIN
1.-Indar politikoen mahai edo foro baten premia.- Gehien gehienok onartutakoa da indar politiko eta sozialen mahai baten premia, inolako bazterketarik gabekoa beharko lukeena, bakegintza eta normalkuntza behin-betikoa egin dadin eta hori nahiz eta proposamenak ezberdinak eta kontrajarriak izan daitezen.
ARALAR alderdiaren ustez bakegintzako eta normalkuntzako prozesua hurrengo oinarri etikoetan eraiki behar da, behin-betikoa izan dadin:
- Abantaila politikorik ez izatea inolako indar politikorentzat. Xede hau gainera, bakea eta politika ez nahastearen ondorio zuzena da. Eta horri dagokionez alderdi politikoen mahai edo foroak ez du izan behar liderazgo edo lehentasun politikoak sortzeko helbururik, zeren eta heleburu hori aniztasunaren eta salbuespenik ezaren aurkakoa izanen bailitzateke. Horregatik ez da onargarria EAEko PP alderdi Basagoiti jaunak plazaratutako proposamena. Bakegintza eta elkarbizitza berdinen arteko gizartean eraiki behar dira, ez garaile eta ez menderaturik gabekoan.
- Alderdien mahai edo foroaren bigarren zeregina nazioarteko eragileekin salbuespenik gabeko harremana sustatzea da, ETAren armak uztea berdintasunean ziurtatu ahal izateko. Agerikoa da izan ere, helburu hau gobernuek eta erakundeek burutu ahal izateko duten zailtasuna.
- Hirugarrenik, alderdien mahai edo foroak erantzunkizun politikoa hartu behar du indarkeriaren ondorioak gainditu ahal izateko. Eta hori, nahiz eta gero, xede horren gauzapena erakundeetako akordio, arau eta ekintzetan gauzatu beharko den.
- Azken eta laugarrenik, beharrezkoa da ELKARRIZKETA irekia bultzatzea normalkuntza politikoari dagokionez; zera, salbuespenezko legedi eta jurisdikzio bereziak gainditu eta ez dadin gehiago posiblea izan ideien eta jardun politiko soilaren kriminalizazaiorik.
2.-Nafarroako, EAEko eta Iparraldeko indar politikoen atxikimendua bilatu beharra.- Zeregin hauen esparrua ez daiteke EAEko erakundeetara muga. Beharrezkoa da ahalegin honetan Nafarroako eta Iparraldeko indar politikoak atxiki eta eskua botatzea. Izan ere, Frantziako Errepublikako indar politikoak, este baterako UMP eta PSF jarrera baikorrak agertzen ari dira. Guzti hori ikusita uste dugu alderdien mahai edo foro honek bere egoitza Iruñean izan lezakeela. Europa edo nazioarteo arloan Nafarroak duen ezagutzak alde batetik eta hemen daukagun indar politikoen korrelaziok Iruñeari sinesgarritasun eta inpartzialtasun garrantzitsua emanen diote.
3.- indar politikoei deiera.- ARALAR alderdiak deia luzatzen die beste indar politiko guztiei Iruñean egoitza izango lukeen salbuespenik gabeko mahai edo foro baten eraikuntza onar dezaten, elkarrizketa politikoa areagotuz, behin-betikoa bakea eta normalkuntza politikoa eskura ahal izan ditzagun eta elkarbizitza iraunkor eta egonkorra lortu.
Iruñean 2012ko otsailaren 17.
Albiste erlazionatuak
Bakea
- Bakegintzan eta elkarbizitzan aurrerapausoak emateko “ezinbestekotzat” jo du Ezenarrok lan talde irekia eratzea Legebiltzarrean
- Aralarrek Lopezi eskatu dio “besteei eskatzetik harago, zehaztu dezala Adiskidetasunerako bere akordioa”
- Ezenarro: “Bizikidetzarako Hezkuntzaren aldeko gobernuaren konpromisoa aurrerapausoa da eta bere egiten ditu oposizioko taldeon argumentuak”
Aralarkideak albiste
-
Fernandez de Garaialde y Lazkano, Asun
Nafarroako koordinatzailea. Nafarroako parlametuko parlamentaria eta Altsasuko zinegotzia


