Aralarrek bake hezkuntza planari bere kontrakotasuna berretsi dio “gobernuak indarkeria guztien aurreko ikuspegi kritiko eta autokritikoa garatzen ez duen bitartean"
- ezenarro
- bakea
- biktimak
- hezkuntza
Aralarren bozeramaileak berretsi egin du “ez gaudela bakerako hezkuntza plan baten aurrean, baizik eta testuaren sarreran argi jartzen den bezala, gobernu honen politika antiterroristaren, anti-ETAren, luzapen baten aurrean”. Hala iritzi dio Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok Elkarbizitza Demokratikorako eta Indarkeriaren Deslegitimaziorako Planaren aurkezpena egiteko batzordean. Ezenarrok salatu egin du planak indarkerien mailaketa egiten duela eta, “ ETArenak ez diren indarkeriak testutik ia desagertu araziz”. Horren haritik, Ezenarroren iritziz, “planak, hasieratik bertatik egiten du kale”. Izenak berak argi uzten du planaren helburua ez dela bake-hezkuntza, baizik eta ETAren indarkeriaren deslegitimazioa eta ETAren biktimei zentralitatea ematea. “Horrela gure historia garaikidean izan den indarkeria bakarra ETArena dela aditzera eman nahi zaio gure ondorengo belaunaldiei”, adierazi du Ezenarrok. “Gainontzeko indarkeriak, arrazoi politikoengatik burutu diren bestelako indarkeriak, bigarren mailakoak balira bezala azalduz. Beraz, gure historia garaikidean jasandako sufrimenduaren zati bat besterik ez da azaldu nahi, indarkeria horrek bakarrik beharko balu bezala deslegitimatua izan”.
Hala, Aralarren bozeramaileak alderdi sozialistari gogorarazi dio “estatu demokratiko batek, beste ezer baino lehenago, estatu terrorismoa, estrukturalki estatuari lotua egon den terrorismoa, deslegitimatu beharko luke, estatu demokratikoa bera legitimatzeko”. Ezenarroren iritziz, “ez dago indarkeria larriagorik giza eskubideen bermatzaile izan behar duten erakunde publikoek eurek erabiltzen duten indarkeria ilegitimoa baino. Hori da alderdi sozialistak gidatutako gobernu honek izan beharko lukeen lehenengo helburua”. Ezenarroren ustez, “gure historia garaikidean estatuaren egiturei eta, baita, alderdi sozialistaren egiturari lotua agertu den terrorismoa deslegitimatzen hasi beharko luke alderdi sozialistak, bakerako eta elkarbizitzarako bidean, baldin eta gai horretan sinesgarritasuna izan nahi badu gizarte osoaren aurrean”. Celaari sailburuari propio zuzenduta, Ezenarrok esan dio “GALen auzian autokritika egin eta biktimei barkamena eskatzen” hasi beharko lukeela aderdi sozialistak. Eta, kritikatu egin du “gobernuak bakarrik nahi izatea besteek eragindako sufrimendua, terrorismoa, deslegitimatzea eta hor amaitzea bidea”.
“Hori egiten ez den bitartean, planak ez du balioko elkarbizitzara hurbiltzeko”, berretsi du Ezenarrok. “Nahi duzuen antzerki guztia egingo duzue”, leporatu dio Celaa sailburuari, “baina horrek ez du balioko gaur egun indarkeria legitimatzen duten horiek indarkeria deslegitima dezaten, baldin eta zuek ez bazaituzte ikusten indarkeria guztiak kritikatzen, kondenatzen eta autokritika egiten”.
Ildo horretan, Aralarren bozeramaileak kritikatu egin du planean espresuki esaten dela “lehengo planetik bereizten duena fokua terrorismoan jartzea dela, bereziki, ETArenean; hori guztia elkarbizitzarako ezinbesteko baldintza terrorismoaren deslegitimazioa dela argudiatuz”. Aldiz, Ezenarroren ustez, “elkarbizitzarako ezinbesteko baldintza autokritika da, ondoren elkar-ulertzea, eta urrutien gelditzen zaigun sufrimenduarekiko enpatia. Hori gabe ez dago hurbilketarik, eta hurbilketarik gabe ez dago elkarbizitzarik. Alde bakarreko begiradek ez dutelako inoiz bakera hurbiltzen eta, are gutxiago, elkarbizitza normalizatu batera hurbiltzen”.
Plana, kea besterik ez da
“Zorionez, plan hau kea baino ez da; komunikabideetan ateratzeko kea”, adierazi du Ezenarrok. Eskoletan derrigorrezko aplikaziorik izango ez duen plana dela azaldu du Aralarren ordezkariaz, “curriculumak ez baitie ematen fokua terrorismoaren biktimei, baizik eta indarkeria guztiei”. Hala, eta ikastetxeen autonomia aitortzen denez, planaren edukiak ikastetxe bakoitzean garatzeko orduan, Ezenarrok garrantzitsutzat jo du horixe bera azpimarratzea, “curriculuma delako eskoletan aplikatu beharko dena eta ez plana”.
Amaitzeko, Aralarrek berretsi egin du planarekiko “kontrakotasuna”, “beti ere gobernuak begirada zabaldu eta indarkeria guztien aurreko ikuspegi kritiko eta autokritiko bat garatzen ez duen bitartean eta bakea elkarrizketa eta elkar ulertzetik bilatzeko helburuari uko egiten jarraitzen duen bitartean”. Aurrean izango gaituzte.
-------------------
Aintzane Ezenarroren diskurtso osoa
HEMEROTEKA
- Gara:
- Berria:
- DV:
- Correo:
Albiste erlazionatuak
ezenarro
- Aralarrek biktima guztiak hartuko dituen memoriaren eguna nahi du
- Berdintasun gaietan ere perspektiba polizialari lehentasuna ematea salatu du Aralarrek Legebiltzarrean
- Ezenarro: “Laguntza sozialen hartzaileen unibertsoa murriztuz aurrekontu murrizketa gauzatu nahi izan du gobernuak”
- Aralarrek salatu duenez, laguntza sozialetatik kanpo geratuko dira 3.000 lagun inguru
bakea
- Ezenarrok “garrantzitsutzat” jo du Otegik esan izana indarkeriaren erabilera politikoki ez dela eraginkorra
- Ezenarro: "Tentazioa dago beste barik aurrera egiteko, baina horrela ez da bake iraunkorra bermatuko"
- Ezenarrok “iraganaren errebisio kritikoa egiteko premia” aldarrikatu du “indarkeriak arazo politikoak konpondu beharrean areagotu egiten dituela aitortzeko”
- Aralarrek salatu egin du "inoiz Jaurlaritza batek egin dituen murrizketa sozialik handienak egiten ari dela gobernua"
biktimak
- Biktimek izan duten errekonozimenduaz galdetu dio Aralarrek Espainiako gobernuari
- Ezenarro: “Biktima guztiei egia, justizia, ordaina eta memoria zor zaie, baina ez dute arrazoi politikoa”
- Aralarrek Lopezi eskatu dio kontsentsuaren bidera buelta dadila "memoriak adostua eta elkarbanatua behar duelako"
- Aralarrek biktima guztiak hartuko dituen memoriaren eguna nahi du
hezkuntza
- Jaurlaritzak jarraituko du ordezkapenak lehenengo egunetik ez betetzen
- Basaberen iritziz “onartezina da Celaak B ereduko ikasleak hizkuntza eskakizunetik salbuetsi gura izatea”
- Santurtziko Haurreskolak eskari guztiei erantzungo diela segurtatu du Celaak
- Aralarrek EAEko gurasoak zoriondu nahi ditu euskararen aldeko apustua egiteagatik


