Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek aurrekontu proiektuei osoko zuzenketa egingo die

Aralarrek aurrekontu proiektuei osoko zuzenketa egingo die

2009/11/25
  • aurrekontuak
  • ezenarro
Legebiltzarreko Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok “ez legezkotzat” jo ditu EAEko aurrekontu orokorrak; era berean, Patxi Lopezen gobernuari leporatu dio “PPrekin adostutako proiektu politiko jakin bati erantzuteko aurrekontuak” egin izana. Aurrekontuak aurreko urtetako babes soziala bermatzera ez direla heltzen salatu du eta azkeneko 30 urtean egindako pausuetan “atzera” egitea leporatu dio Lopezi, “bai gure hizkuntzan eta identitate zeinuetan baita ere herri honetako sufrimenduaren gaineko ikuspegian.

Hasteko, gure harridura azaldu nahi dugu Eusko Jaurlaritza, Agirre sailburua, ez delako gurekin harremanetan jarri Legebiltzarrean aurkeztu duen aurrekontu lege proiektua aurkezteko. Modu ezegoki batean jokatzen duen Gobernuaren aurrean gaude. Ez du inolako begirunerik erakutsi legebiltzar-taldeekiko, eta ezta Legebiltzar honekiko ere; kontutan hartu behar da, azken finean, Legebiltzarrak duela boterea legeak egiteko. Horrelakorik ez da inoiz gertatu. Gainera, kontuan hartuta legegintzaldia “guztion gobernua” zela esaten hasi zutela, jada ez da bakarrik ez dela ezkerreko talde honekin akordioetara heldu; arazoa ez da ez dutela akordio txikiena ere bilatu oposizioko talde nagusiarekin. Kontua da zerbait egiten duen bakoitzean bere hitza jaten duen gobernu baten aurrean gaudela. Ez da batere harritzekoa gizarteak ematen dion balorazio mailan 20 puntu behera egin izana Patxi Lopez Lehendakariak eta, beraz, buruzagi politikoen artean 3. izatea. Hori gaur arte ez da inoiz gertatu.

Hala hasi du prentsaurrekoa Aralar legebiltzar taldeko bozeramaile Aintzane Ezenarrok. Aurrekontu orokorren lege proiektua gobernua itzultzea eskatuko du taldeak, osoko zuzenketa baten bitartez. Hasteko legearen kontrako doazen aurrekontuak direlako, bigarrenik, orain arteko babes maila bermatzen ez dutelako, aurrekonturik sozialenak direla esan duten arren, eta hirugarrenik,  azkeneko 30 urtetan emandako pausuetan atzera egiten dutelako, ez bakarrik gure hizkuntzari edo identitate zeinuei dagokienez, baizik eta herri honen sufrimenduaren ikuspegia murrizten dutelako eta elkarrizketari bide emateko aukerak ukatzen dituelako eta elkarrizketari uko egiten diolako". Horren haritik Ezenarrok azaldu du "gobernuak ez du elkarrizketa sinesten, ezabatu egin baititu horretara bideratzen ziren diru partidak aurrekontuen proiektutik.

Aurrekontu ez legezkoak

"Lege arauak betetzen ez dituen proiektua da. Estatutuaren 45. artikuluak dioenez aurrekontu legean zorpetzerik badago beti ere inbertsioetara bideratzen bada zor hori. Baina Lopezek ez du horrelakorik egiten, gastu arruntera bideratzen du zorpetzea legearen kontra joz. 600 milioi inguru bideratzen dira gastu arruntera".

Bestetik, LANBIDE aurrekontuen lege proiektuaren baitan arautzearen kontra agertu da Aralar. "Ez dugu ondo ikusten hori, aurrekontuen lege proiektua horretarako erabilia izan dadin. Hori baino gai garrantzitsuagoa da eta lege propio bat eta eztabaida propio bat beharko lukeela uste dugu. Gainera, ez gaude ados LANBIDEri eman nahi zaion forma juridikoarekin eta horretan bat egiten dugu gehiengo sindikalak egin duen salaketarekin".

Atzerapausoak

  • Aralarrek salatu egin du 2010eko aurrekontuek ez dutela gizartearen babes maila bermatzen. "Diru sarrerak bermatzeko errentaren eskatzaile kopuruak nabarmen egin du gora, %40, aldiz horretara bideratzen den diru partida ez da proportzio berean igo, %16 igo da bakarrik". Aralarren bozeramailearen iritziz, "aurrekontu hauek ez dira aurreko urteetako babes mailara heltzen".
  • Hezkuntzan eta euskaran atzerapausoak.  A ereduan eskolak emango dituzten kontzertaturiko ikastetxeei 4 milioi euroko partida jasotzen dute aurrekontuek eta EAEtik kanpo euskarari laguntzeko diru-laguntzak desagertu egin dira proiektutik.
  • Gure herriaren kanpora begirako proiekzioak murrizketa gogorra jasaten du. Gure nortasuna barruko zein kanpoko mugetatik desagertzeko asmoz.
  • Giza eskubideetan atzerapausoak. Motibazio politikoak eragindako indarkeriaren biktimentzako diru partida desagertzen da. Frankismoaren biktimentzako partida nominala desagertzen da. Egiaren batzordea sortzeko partidarik ez da aurreikusten, Legebiltzarrak emandako aginduari muzin eginez.
  • Bakea eta Elkarbizitza diru partida desagertzen da. Horren barruan zegoen Konpondu proiektua ere ezerezean geratzen da, herrietan elkarrizketa sustatzeko egitasmoari uko eginez.

 

Laburbilduz, ez legezko kontuak dira, aurrekontu arloko arauak betetzen ez dituzten kontuak, zorra gastu arruntera bideratuz. Lege proiektu honek PSEk eta PPk adostutako herri diseinu politiko jakin bati erantzuten dio eta ahaztu egiten ditu krisia gehien jasaten ari diren gizarte sektoreak, gure hizkuntza eta nortasun zeinuekiko atzerapauso nabarmena egiten du, elkar onartzetik ezberdinen arteko elkarbizitzara eramango gaituen elkarrizketaren aldeko ekimenak ukatzen ditu. Beraz, Aralarrek aurrekontuak itzultzea eskatuko du eta horretarako osoko zuzenketa aurkeztuko du, gutxiengo batek gehiengoak defendatzen duenaren kontra egindako aurrekontuak direlako, elkartasuna, gure nortasunaren defentsa, sufrimenduarekiko ikuspegi irekia eta bakea lortzeko elkarrizketa.