Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek Audientzia Nazionalak Arnaldo Otegiren kontra emandako epaia kritikatu du

Aralarrek Audientzia Nazionalak Arnaldo Otegiren kontra emandako epaia kritikatu du

2010/03/02
  • Batasuna
Audientzia Nazionalak Arnaldo Otegiren kontra gaur eman duen epaiaren eta ezarri dizkion zigor larrien kontrako jarrera azaldu nahi du Aralarrek. Terrorismoa goratzea izenarekin ezagurtzen den delitua izan da, epailearen arabera, Otegik egindako delitua, eta hori Espainiako Zigor Kodeko 578. Artikuluan jasotzen da, terrorismoaren goratze edo arrazoitze bezala.

Aralarren desadostasuna ideologikoa eta politikoa da, eta 2000 urtean jatorria duten delitua erregulazio eta sailkatzean dute oinarria.

 

Demokrazia aurreratu eta zibilizatuetan ez da antzeko deliturik erregulatzen, eta beraz, ezinezkoa da praktikan ideien zigortzetik bereiztea.

 

Espainiako Zigor Kodeko 571tik 580ra doazen artikulu guztiak moldatu ahal izateko ekimenak hartzea aztertzen ari da Aralar, horietan oinarritzen delako legedi antiterrorista. Legedi antiterrorista salbuespeneko legedia da, Aralarren aburuz, eta bere manuak ez datoz bat zuzenbide penal modernoan izan behar diren legeekin eta gizarte moderno eta aurrerakoi batean izan behar den elkarbizitzarekin.

 

Aralarrek bere egiten du Euskal Herriak oro har eta Espainiako estatuak bakea lortzeko daukan nahi sakon eta tinkoa. Aralarren ustez, indarkeria uzteko aldebakarreko eta kalteordainik gabeko erabakia zuzenbide penalaren eta penitentziarioaren normaltasun eta modernitatearekin osatu behar da, eta horretarako aldaketa asko eta sakonak behar dira; horien artean dago, 2000. Urtean, Aznar eta Mayor Orejaren garaian, ezarritako terrorismoaren goratzea delituaren indargabetzea.

 

Ezker abertzale ofizialeko, lehengo Batasuneko, askok bakea eta normalizazio politikoa lortzeko egiten ari diren lana zintzoa dela ziur gaude. Hain zuzen, horiek lortzeko  kezka eta helburu politikoak ditu Aralarrek.