Aralarrek Aresi exijitu dio Hondarribiko alardeko pankarta beltzen kontra-manifestazioa debekatzeko neurriak har ditzala
- alardea
- ezenarro
- berdintasuna
Hondarribiko alardearen inguruan Herrizaingo sailburuordeak, segurtasun neurrien aitzakian, Jaizkibel konpainiaren alardearen ordutegia eta ibilbidea aldatu izanagatik azalpenak eman behar izan ditu Rodolfo Ares sailburuak Parlamentuan. Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok hala eskatuta, Herrizaingo batzordearen aurrean izan dira Arartekoa, Emakunderen zuzendaria, Jaizkibel konpainiako ordezkariak eta Herrizaingo sailburua.
Bereziki hari zuzendu zaio Ezenarro, “zehaztasunez eta zintzotasunez azal dezan zergatik aldatu den aurten berdintasuna bermatzen duen alarde bakarraren jarduna”. Ezenarroren iritziz, “atzerapausoa” izan da Herrizaingo sailburuorde Buenen erabakia eta “izugarrizko kaltea egin dio hainbeste urtetako borrokari”. Ares tematu egin da Jaizkibel konpainiak adierazitakoa ukatzen; alegia, ez dela egia ez dutela Ertzaintzaren zaintza berezirik behar. Era berean, Aresek bere erabakia justifikatzeko gogora ekarri du Auzitegi Gorenak alarde tradizionalari desfilatzeko baimena eman ziola 2008an eta berak, legea bete baino ez duela egin.
Ezenarrok leporatu dio aurten lehenengoz egindako aldaketek herrian “giroa aztoratu” egin dutela, “ez baita arazoa konpontzen joateko erabaki zuzena izan”. Are gehiago, Aresi leporatu dio aurreko bi urteetan ere bera sailburu izanik ez dela era horretako erabakirik hartu, baina aurten, “arrazoitu gabe, ibilbidean eta ordutegian aldaketak agindu diren ebazpena hartu zuen segurtasuneko sailburuordeak eta erabaki hori ez da zuhurra izan”.
Era berean, urtero-urtero Hondarribiko Kale Nagusian jartzen den, eta zigorgabetasun osoz iraintzeko erabiltzen den plastiko beltza desager arazteko neurriak har ditzala exijitu dio Aresi. Sailburuak adierazi duenez, ordea, horrek istiluak areagotuko lituzke.
Gauzak horrela, Aralarrek Arartekoaren 2010eko gomendioari jarraituz, Jaurlaritzari eskatuko dio “tokiko jairik garrantzitsuenak titulartasun publikoko ondare komun gisa gorde” dezala “alardea jai pribatu bihurtu izanak diskriminatzeko irekitzen dituen zirrikituak baztertzeko".
Albiste erlazionatuak
alardea
- Aralarrek Jaurlaritzari exijitu dio Jaizkibel konpainiari betiko ibilbidea berma diezaiola
- Ezenarrok Jaizkibel konpainiari babesa eta elkartasuna adieraziko dio bihar Hondarribiko alardean
- Aralarrek Kultura sailburuari eskatu dio argitzeko EITBk zergatik erabili zuen “gehiengoa duen alarde tradizionala” esamoldea alarde baztertzaileari buruz aritzeko
ezenarro
- Aralarrek biktima guztiak hartuko dituen memoriaren eguna nahi du
- Berdintasun gaietan ere perspektiba polizialari lehentasuna ematea salatu du Aralarrek Legebiltzarrean
- Ezenarro: “Laguntza sozialen hartzaileen unibertsoa murriztuz aurrekontu murrizketa gauzatu nahi izan du gobernuak”
- Aralarrek salatu duenez, laguntza sozialetatik kanpo geratuko dira 3.000 lagun inguru


