Aralarrek Arabako gasarekin "tranpa" egitea leporatu dio Jaurlaritzari
- Araba
- Energia
Eusko Legebiltzarrean PSE bakarrik geratu da Jaurlaritza Araban egiten diharduen gas zundaketak, ingurumen inpaktuaren ebaluaziorik gabe egin daitezkeela defendatzeko orduan. Zundaketa horietan apurketa hidraulikoaren sistema erabiltzeak kezka piztu du gizartean, ustiaketa mota horrek ingurumenean eta osasunean kalteak izan ditzakeelako. Eragin horiek ekiditeko, hainbat herrialdetan haustura hidraulikoa edo fracking-a galarazi egin da.
Kezka horri kasu eginez, Eusko Legebiltzarrean gaiaren inguruko eztabaida egin da gaur eta talde guztiek, PSEk izan ezik, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote "zuhurtziaz jokatu dezala eta zundaketak egin aurretik, egitasmoaren inguruko ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egin dezala". Aralarrek, EAJk, PPk eta Mistoko taldeek (EA, Ezker Anitza eta UPyD) erdibideko zuzenketa sinatu dute eta hiru eskaera eginez gobernuari: ofizioz ekin diezaiola hidrokarburoak miatzeko planaren egitasmoari ingurumen inpaktuaren ebaluazioa eskatzeko; arriskuen azterketa bat egin dezala; eta hondakinei dagokienez kudeaketa-plana egin dezala.
Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk “tranpa” egitea leporatu dio gobernuari. “Zundaketak egiteko bakarrik eskatu dute baimena eta egiten ari direna ez da soilik zulo bat; jarduera horiek plan oso baten baitan jarri behar ditugu, alegia, Arabako Lautadan gasa ustiatzeko plan orokorraren baitan”, esan du. Maezturen iritziz, hori kontuan izanda, “behar-beharrezkoa da ingurumen inpaktuaren ebaluazioa pasatzea, bi helbururekin: ingurumenak kalterik pairatuko ez duela ziurtatzeko; eta egitasmoa, publiko egin ostean, herritarren parte-hartzea bermatzeko.
Maeztuk Jaurlaritzari leporatu dio interes ekonomikoen atzetik aritzea, energia berriztagarriak sustatu ordez. Ildo horretatik, energia ereduaren inguruko eztabaida irekitzea eskatu dio gobernuari eta horretarako, Estrategia Energetikoa 2020 deritzon plana Legebiltzarrera ekartzeko legez besteko proposamena aurkeztu du Aralarrek.
Albiste erlazionatuak
Araba
Energia
- Aralarrek gogor kritikatu du Jaurlaritzaren Estrategia Energetikoa
- Garmendiak ez du aipatu ere egin Legebiltzarrak Arabako gasaren inguruan hartu zuen akordioa Bartzelonako forumean
- Aralarrek Jaurlaritzaren estrategia energetikoa epaitegietara eraman du
- Aralarrek Garoña ixtea eskatu du Iberdrola Dorrearen inaugurazio ekitaldian


