Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek antenak ezartzeko araudi berria egiteko proposamena egin du Legebiltzarrean

Aralarrek antenak ezartzeko araudi berria egiteko proposamena egin du Legebiltzarrean

2009/07/22
  • antenak
  • Legebiltzarra
  • ingurumena
Udazkenean eztabaidatuko den ekimenak Euskadin antenak ezartzeko legedia eguneratzea proposatzen du. Aralarrek Eusko Legebiltzarrean aurkeztu duen legez besteko proposamenak gizarteak uhin elektromagnetikoen inguruan duen kezka jasotzen du.

Isuri elektromagnetikoak sorrarazten dituzten azpiegiturak arautzea nahi ditu Aralarren ekimenak. Horretarako Jaurlaritzari eskatu dio, sei hilabeteko epean,  lege bat gara dezala eta Legebiltzarrera aurkez dezala. Herritarrok pairatzen ditugun isuri elektromagnetikoen gehiegizko esposizioa arautu eta mugatuko da, beti ere gaur egungo balioen azpitik. Bestetik, Aralarren helburua da telefonia enpresek beregain hartzea antenek ingurumenean eta osasunean izan ditzaketen eraginak aztertzea, antenak non jarriko diren erabakitzeko kontuan izango direlako ikerketa horiek.

Aralarren legebiltzarkide Dani Maeztuk “arduraz jokatzeko printzipioa” ezinbestekoa dela uste du, “hainbat ikerketak azaltzen dutena kontutan hartuz, bai eta Europako Parlamentuak apirilean egindako ebazpenari kasu egiteko ordua” dela. Legez besteko proposamenak, hain zuzen ere, Europan egindako ebazpena hartzen du oinarri.Besteak beste, babes zabalagoa eskaintzen die gizarte talde jakin batzuei (umeak, gaixoak, etab.) eta telefoniaren erabilera arrazionalerako sentsibilizazio kanpainak bultzatzeko gomendioa egiten du.

“Enpresa handiek Euskadin dagoen hutsune legala baliatu dute azken urteotan, mozkin ekonomikoak osasunaren aurretik jarriz. Gaur egun, gizarteak beharrezkoak dituen arren uhin elektromagnetikoak komunikaziorako, teknologiaren erabilera arrazionalagoa egin beharra daukagun eta zentzuz jokatu behar dugu”.

Rusiak, Alemaniak, Indiak, Erresuma Batuak eta Frantziak antenen ezarpena arautzen duen legedia eguneratu dute azkeneko hilabeteetan. Izan ere, azkenaldian egin diren ikerketek neurriak hartzeko gomendioa egiten dute. Esate baterako, Europako Parlamentuak bi ebazpen onartu ditu gai horren inguruan (2008ko irailean eta 2009ko apirilean) eta gehiengo zabalak egin zuen ebazpenaren alde. Ebazpenak, pertsonek pairatzen duten isuri elektromagnetikoen esposizioa gutxitzeko neurriak hartzeko gomendioa egiten die estatuei.