Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek Alardearen ibilbide aldaketa salatu du, “emakumeak ikusiezin bihurtu nahi dituelako”

Aralarrek Alardearen ibilbide aldaketa salatu du, “emakumeak ikusiezin bihurtu nahi dituelako”

2011/09/01
  • Alardea
  • Berdinasuna
Herrizaingo sailburu Rodolfo Aresek Legebiltzarrean azaldu beharko du, Sailak alarde mistoaren ibilbidea aldatzeko hartu duen erabakiaren arrazoia. Emakundek erabaki horri zergatik men egingo dion azaltzera joango da ganberara eta Jaizkibel konpainia bere iritzia emateko deitu du Aralarrek. Alderdiaren iritziz, erabakia “inposatua izan da, eta emakumeak ikusiezin bihurtzeko helburua du”.

Aralarren Eusko Legebiltzarreko bozeramaile Aintzane Ezenarrok Eusko Jaurlaritzak Hondarribiko Alarde mistoaren ibilbidea aldatzeko hartu duen erabakia kritikatu du gaur. “Onartezina da segurtasunaren aitzakia, oinarrizko eskubidea den part-hartze librearen gainetik jartzea, eta aitzakia hori erabiltzea ibilbidea aldatzeko”, esan du. Ezenarron iritziz argumentazioa “arbitrarioa” da, “ez baitio modu berean alarde tradizionalari eragiten eta horren ibilbidea bere horretan mantentzea erabaki delako”. Legebiltzarkideak uste du “emakumeak ikusiezin bihurtzeko” hartu dela erabakia eta larritzat jo du, “hain zuzen, berdintasunezko aldarrikapenekin urte asko egin ondoren, elkarbizitza giroa normalizatuz baitzihoan”. Ezenarrori oso larria iruditu zaio ere Herrizaingo sailaren argumentazioan Ertzaintzak 2007an egindako txosten jakina aipatzea. “Atzerapauso nabarmena” da ere Emakunderen jarrera, “erakunde horrek berdintasunezko parte-hartzearen alde lan egin beharko bailuke”, gaineratu du.

Agerraldi eskaera hirukoitza

Horrela, Aralarrek Herrizaingo sailaren erabakia salatu eta Emakundek izandako jarrera kritikatu nahi izan du. Horregatik, Aralarren bozeramaileak iragarri du alderdiak agerraldi hirukoitza eskatu duela Legebiltzarrean. Herrizaingo sailburuaz eta Emakundez gain, Jaizkibel alarde mistoko konpainiaren agerraldia ere eskatu du alderdiak, elkarteak erabakiaren aurrean duen iritzia azal dezan.