Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek Agirre sailburuari leporatu dio sarrera eta gastuen berroreka planean presio fiskalaren gaineko neurririk ez jartzea

Aralarrek Agirre sailburuari leporatu dio sarrera eta gastuen berroreka planean presio fiskalaren gaineko neurririk ez jartzea

2010/03/31
  • ekonomia
  • ezenarro
  • zorra
“Bateraezina da hitz egitea berrorekaz eta aldi berean 2013rako zorpetzea BPGren %10erarte” “Sarrerak eta gastuak berrorekatzeko ez da nahikoa gastuak murriztea eta behin eta berriz zorpetzera jotzea. Zuk zeuk presio fiskala igo behar dela aitortzen baduzu, bide hori nola hartu beharko litzatekeen zehaztu behar du gobernu honek berroreka planean, nahiz eta eskumena berea ez izan”, adierazi du Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok.

 

Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok, ekonomia eta ogasun batzordean bertan, salatu du gure ekonomia berrorekatzeko planak gastu murrizketa langileen soldatetan zentratzeaz gainera, sarrerak gehitzea ekarriko lukeen presio fiskala areagotzeko hartu beharreko neurriak zehaztu gabe utzi dituela Agirre sailburuak. “Gobernuak dioen moduan presio fiskala igo behar bada ez da zilegi eskumena gobernuarena ez delako aitzakian, horretarako proposamen zehatzik ez egitea. Argi dagoena da, hazkunde ekonomikoa motela dela, batetik, eta, bestetik, gastua murriztuta bakarrik ez dela berrorekarik lortzen –eta horren adibide da zorra 17 aldiz biderkatzea aurreikusten duela gobernuak–”. Hori dela eta, “presio fiskala igoera zehaztea” eskatu dio Ezenarro Ogasun eta Ekonomia sailburuari, baina sailburuak “gobernu honetan ohiko izaten den moduan, ez du erantzun eta orokorkerietan geratu da”.

Bestalde, Aralarren bozeramailearen iritziz, gobernuak eskatutako 600 milioi euroko kredituak eragingo duen kostuaz ez erantzun izanak “ziurgabetasun sentsazioa gehitzen du gizartean. Izan ere, sailburuak berak aitortu du operazio horren kostua izango dela zorraren emisioa martxoan edo maiatzean egin izan ditzakeen aldaketen araberakoa. Ez sailburuak ezta bere taldeko inork ere ez du argitu ez non jarriko den, ez ze interesetan jarriko den ezta zenbat jarriko den ere”.