Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek “gehiegizko baikortasuna izatea” leporatu dio ekonomia sailburuari “bizi dugun egoera ekonomikoa baloratzeko orduan”

Aralarrek “gehiegizko baikortasuna izatea” leporatu dio ekonomia sailburuari “bizi dugun egoera ekonomikoa baloratzeko orduan”

2010/05/17
  • ezenarro
  • zorra
  • krisia
  • erostarbe
  • renove
Ekonomia sailburuak ez du zehaztu zenbateko kostua izango duen euskal zor publikoak, Aralarrek eskatutako agerraldian

 

Ekonomia sailburu Carlos Agirrek agerraldia egin du Eusko Legebiltzarrean. Aralarrek eskatuta. Nazioarteko agentzien kalifikazioa galtzeak zor publikoan izango duen eragina zein izango den erantzun beharra izan du sailburuak. Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok salatu du “batzordea amaitu ostean ere jakin gabe segitzea zorraren kostua zein izango den”. Ezenarrok gogoratu duenez, zorra oraindik jaulki gabe egon izana Espainiako ministro kontseiluak operazioa atzeratu izanagatik da, bai eta harrezkero Espainiako egoera ekonomikoa gehiago kaskartu delako, rating agentziek eta merkatuen egoera orokorrak adierazten dutenez”.

Ezenarrok Agirreri leporatu dio “baikorregia izatea” eta gobernuak akats bikoitza egin izana salatu du: “lehenengo eta behin zor publikoa sasoiz ez onartu izanari garrantzia kendu zion, horrek eragin txarrik ez zuela izango esanez; bigarrenik, kalifikazioa 10etik 9ra jaistea eta Espainiako egoera txartzeak euskal zorrarengan eraginik ez zuela izango adierazi zuen”.

Era berean, gehitu du Ezenarrok, “langabeziaren datuak txikiagotu nahi izatea” leporatu dio ekonomia sailburuari. “Gaur bertan ezagutu dugu 8.500 pertsona gehiago daudela langabezian eta horri ‘enplegu galera txiki’ deitzea milaka familien drama ukatzea da. Ezkerrekoa dela dioen gobernu batek langabezia datuetan gehiago eragin behar du”, gehitu du Ezenarrok. Hori dela eta, “egoeraren ikuspegi hain baikorra ezin dela izan” gogorarazi dio legebiltzarkideak.

Bestalde, Agirre sailburuak Renove planen diru-laguntzak errenta aitorpenetik salbuetsita geratzeko Diputazioek hartu beharreko erabakiaz ere galdetu dio Aralarrek. Oraingoan, Oxel Erostarbe legebiltzarkideak “noraezean” aritzea leporatu dio Jaurlaritzari. “Zerga koordinaziorako epaitegiari eta Foru Aldundiei aldez aurretik ezer ez esan izana” leporatu dio Erostarbek Agirreri, “berriz ere soluzioa partxeatzen aritu beharra izanik”. Erostarberen iritziz, “gobernuagatik izan balitz, diru-laguntza horiek jaso izanagatik ordaindu egin beharko lukete herritarrek. Ez da inondik inora kudeaketa ona egitearen erakusle gertaturikoa, azkenean konpondu egin bada ere”, gogoratu du Aralarkideak.

Albiste erlazionatuak