Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek 2012ko EAEko aurrekontuen tramitazioa etetea eskatu du gobernuak berriz ere “hizkuntza eskubideak urratzen dituelako”

Aralarrek 2012ko EAEko aurrekontuen tramitazioa etetea eskatu du gobernuak berriz ere “hizkuntza eskubideak urratzen dituelako”

2011/11/22
  • Euskara
  • Basabe
  • Legebiltzarra
Osasun sailera idatziz eta euskaraz egindako galderak gaztelania hutsez jaso ditu Aralarrek gaur; hori dela eta, Aralar legebiltzar taldeak aurrekontuen tramitearen etetea eskatu dio Legebiltzarreko Mahaiari.

2012ko aurrekontuen gainean Osasun sailari idatziz eta euskaraz egindako galderen erantzunak gaztelania hutsez igorri ditu gaur Legebiltzarrera. “Errespetu falta izateaz gainera, ez dator bat Legebiltzarreko erregelamenduarekin ezta ere EAEko legediarekin, non hizkuntza ofizial bi ditugun eta herritarrok eskubidea daukagun administrazioarekiko hartu-emanetarako hizkuntza aukeratze”, adierazi du Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek. “Errespetu falta deritzogu euskaraz galdetu duenari gaztelania hutsez erantzutea”, gehitu du Basabek. Horrez gainera, Aralarrek lehendik ere argitzeke dituen konflikto bi aipatu ditu; izan ere, “ez da lehenengo aldia Osasun sailarekin hizkuntza eskubideen inguruan arazoa sortzen dena. Orain dela hilabete eskas gaztelania hutsez helarazi baitzigun txosten informatibo bat eta oraindik ere argitu barik segitzen duelako poliziaren legearen 4. aldaketaren tramitea, han ere ez dela behar bezala igorri informazio guztia”. Horregatik Aralarrek aurrekontuen tramitazioa etetea eskatu dio Legebiltzarreko Mahaiari.

Basaben iritziz, “logikoena litzateke gaur arratsaldean bertan Osasun sailak goizean bidalitako elebakarrez helarazitako erantzun horiek euskaraz igortzea; bestela, Mahaiaren esku geratuko da gure eskariari erantzutea”.