Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralarrek 2012ko aurrekontuak Jaurlaritzara itzultzea eskatu du, “defizita murrizteko obsesio bakarrarekin egin direlako”

Aralarrek 2012ko aurrekontuak Jaurlaritzara itzultzea eskatu du, “defizita murrizteko obsesio bakarrarekin egin direlako”

2011/11/30
  • Aurrekontuak
Alderdi abertzalearen iritziz “helburu horrekin obsesionaturik” egindako aurrekontuak dira eta kritikatu du hori lortzeko “gastuan bakar-bakarrik intziditzea”.

Aralarrek Eusko Jaurlaritzak aurkeztu dituen 2012ko aurrekontuei osoko zuzenketa egin die. Osoko zuzenketa egiteaz gainera 604 zuzenketa zehatz edo zatikakoak egin dizkio. Legebiltzar taldeko Aintzane Ezenarro, Dani Maeztu eta Mikel Basabek prentsaurrekoa eman dute gaur Gasteizen. Azaldu dutenez, “zuzenketa kopurutik harago garrantzitsua da azpimarratzea aurrekontuak ez direla egokiak krisiari erantzuna emateko. Ez dute bilatzen enplegua sortzeko politikak sustatzea; ez dute bilatzen gizarte kohesioa, inoiz baino beharrezkoago denean, krisiaren ondorioak pairatzen dituztenei laguntza emateko; ez dute bilatzen hezkuntza eta sanitate publiko indartsu eta eraginkorragoa izatea”. Aurrekontuen helburua laburbiltzeko, “obsesio bakarreko aurrekontuak” direla esan dute, “defizita kosta ahala kosta murrizteko obsesioarekin egin direnak”.

Aurrekontuak egiteko Jaurlaritzak hartu dituen enplegu eta langabezia datuen harira taldearen bozeramaileek esan dute “nahikeria hutsean” geratzen direla, “gobernuak badakielako errealitatea beste bat izango dela”. Aralarren iritziz, “ezkerretik bederen erantzun bakarra” dago Jaurlaritzaren proposamenaren aurrean: “kontrakotasuna agertu eta gobernuari itzultzea eskatu”. Aralarri salagarria iruditu zaio “defizitarekiko duten obsesio hori dela eta, azken bi urte eta erdian ahaleginik ez egin izana diru-sarrerak hobetzeko, zerga politika aldatzeko”. Defizita murrizteko “gastuan intziditu dute bakar-bakarrik”, azaldu dute.

604 zuzenketa partzial guztiak azaldu ez baditu ere, Basabe legebiltzarkideak adierazi du, zuzenketa horietako batzuk,  “gizartearen ongizatea ez ikutzeko" egin direla eta beste alor batzuetan murrizketak egin behar badira, "berdintasunean egiteko” asmoz aurkeztu dituztela. Aralarrek argi dauka “murrizketak egin behar badira, ez direla alde bakarrean egin behar, horiek berdintasunean egitea ezinbestekoa” dela. Horregatik planteatu du “sailburu eta sailburu-orde ohien pentsioak ordaintzeko gordetzen den diru partida murriztea”. Bestalde, pentsio planetarako Eusko Jaurlaritzak egiten duen ekarpena bertan behera uzteko zuzenketak aurkeztu dituela iragarri du, “diru horrekin, lan eskaintza publikoa egiteko eta enplegu publiko eskubideduna eta egonkorra sortzeko”.

Legebiltzar taldearen bozeramaileek beste arlo bat nabarmendu gura izan dute gaurko prentsaurrekoan. Motibazio politiko biktimak erreparatzeko partidari zuzenketa aurkeztu diote, jatorriz zeukan diru kantitatea bost aldiz handitzea eskatuz. Aintzane Ezenarrok gogoratu du “garrantzitsua” dela partida hori aurrekontuetan jasotzea, baina taldeari ez zaio nahikoa iruditu jasotako diru kantitatea. “Gogoratu beharra dago ehun eraildako baino gehiago eragin dituela mota honetako biolentziak eta 500 zauritu inguru daudela; guztira 15 milioi inguru beharko dira helburu horretarako”, esan du Ezenarrok. Milioi bat ingurutik 5 milioira igotzea eskatu du Aralarrek eta bide horretan, hiru urtean lortuko litzateke 15 milioi horietara heltzeko aurreikuspena.

Bukatzeko, Aralarrek prentsaurrekoa baliatu du bertaratutako komunikabideei gogorazteko aurrekontuen tramitazioa bi aldiz etetea eskatu duela. Legebiltzarkideen hizkuntza askatasuna errespetatzen ez delako bi aldiz egin diote Legebiltzarreko Mahaiari prozesua bertan behera uzteko eskaria. Azkenean, Jaurlaritzari euskaraz egindako galderei euskaraz erantzutea lortu du Aralarrek.