Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralar RTVEn euskarazko programak egotearen alde dago, eta salagarria iruditzen zaio sozialista eta popularrak RTVEk euskaraz emititzearen kontra agertu izana

Aralar RTVEn euskarazko programak egotearen alde dago, eta salagarria iruditzen zaio sozialista eta popularrak RTVEk euskaraz emititzearen kontra agertu izana

2010/03/11
  • Basabe

Gaurko Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran RTVEri (Radio Television Española) euskarazko programak ekoizteko eta emititzeko proposamena eztabaidatu da. EAJren proposamenaren aurka agertu dira alderdi sozialista eta alderdi popularra. Gainontzeko taldeek aldeko bozka eman dute, Aralarretik UPyDra. Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek gogoratu du RTVEren jarduna arautzen duen legearen 3.artikuloko e puntuak beren beregi jasotzen duela RTVEren eginkizunen artean “Espainiako hizkuntza aniztasuna sustatzea”.

 

Hori horrela izan arren, sozialista eta popularrek baliabide falta dagoela aitzakia hartuta RTVEk bere egin behar hori egitearen kontrako bozka eman izana ulergaitza egiten zaio Aralarri. Alderdiaren iritziz “ulertezina da elebitasuna defendatzen dutela dioten alderdi bi horien jarrera, ez baitute bilatzen euskararen presentzia normalizatua herri administrazio guztien erakunde guztietan, izan erakunde hori estatuaren mendekoa nahiz autonomia erkidegoarenekoa”, adierazi du Basabek. “Ulertezina da baliabide gutxi dagoelako aitzakia erabili eta, aldi berean, baliabide gehiago ez eskatzea RTVEri”, gaineratu du legebiltzarkideak.

 

Aralarrek “hizkuntza normalizazioaren aldeko lanean jarraituko duela” esan du eta “RTVEri herri honetako hizkuntza bietan programazio duina izateko” lanean jarraitzeko asmoa adierazi du.