Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralar poztu egiten da kristau eskolak mantendu egin duelako A eredua ez eskaintzeko bere erabakia

Aralar poztu egiten da kristau eskolak mantendu egin duelako A eredua ez eskaintzeko bere erabakia

2009/09/30
  • euskara
  • basabe
  • ereduak
Aralarren legebiltzarkide Mikel Basabek adierazi du: “pozten gara Kristau Eskolak A eredua ez eskaintzeko hartu duen erabakia mantendu egin duelako, presio guztien gainetik”. Basaberen ustez, “onartezina da euskararen kontrako gurasoen plataformak ikastetxeen hezkuntza proiektuen gainetik jarri nahi izatea bere burua eta ikastetxeak behartu nahi izatea eskaintzen ez duten eredu bat eskaintzera”.

Aralarrentzat pozgarria da Kristau eskolak hizkuntza ofizial bien aldeko apustua egin izana herri honetan hizkuntzekin gatazka permanentea egin nahi dutenen asmo atzerakoien kontra. “Elkarbizitzaren eta integrazioaren aldeko apustua da ikasle guztiak hizkuntza ofizial biak jakiteko duten eskubidea defendatzea”.

Euskararen kontrako gurasoen plataformak “ez dagoen lekuan arazoa sortu gura du”, Basaberen esanetan. Izan ere, “euskal sozietateak aspaldi egin du, argi eta garbi egin ere, hizkuntza ofizial bien aldeko apustua: Euskal Autonomia Erkidegoko gurasoek horixe gura dute euren seme-alabentzat”, adierazi du Basabek.

Era berean, Aralarrek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari exijitzen dio “segurta dezala ikasleek EAEko hizkuntza ofizial biak jakiteko duten eskubidea eta horretarako balio ez duen A eredua bertan behera utz dezala”.