Aralar Kurdistango BDP alderdiaren 2. kongresuan da, Ankaran
BDP alderdiaren II. kongresua “une politiko berezian” heldu dela nabarmendu du Abrilek, “kurduek hauteskundeetan inoizko emaitzarik onena lortu baitute, eta Turkiako Gobernua inoiz baino bortitzago ari baita kurduen kontra, indarkeria areagotu baitu”.
3.000 herritarrek bete dute Çankaya kiroldegia, eta lau ordu eta erdi iraun duen ekitaldian etengabekoak izan dira herri kurduaren eta preso politikoen askatasunaren aldeko oihuak. Asko dira kartzelan diren BDPko alderdikideak, eta ekitaldian leku berezia izan dute alderdiko gazteek, horiek baitira errepresioa gogorren jasaten ari direnak, alderdiko gazteen egiturako ia kide guztiak kartzelan baitaude.
Demirtas ko-presidenteak “elkarrizketarako deia” egin dio, beste behin, Ankarako Gobernuari, “herri kurduaren autonomian eta aitortzan aurrerapausoak eman ditzan”. “Politika egiteko eskubidea dugu, giza eskubideak eta eskubide zibilak errespetatzea eskatzen dugu, eta horrek berarekin dakar, derrigorrez, asimilazio politikekin bukatzeko beharra”. Parte hartzaile guztien ahotan egon dira hizkuntza eta kultura garatzeko beharra, hezkuntzan kurduera txertatzeko eskaria, politika sozialetan inbertitzeko eskaria, eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzea.
Guntan Giçanak BDPko beste lehendakariak hurrengo hilabeteetan Ankarako Diputatuen Kongresuan eztabaidatuko den konstituzioak “herritar guztiak aintzat hartu behar dituela” azpimarratu du, “bazterkeriarik gabe”. “Konstituzio berriak Turkiako herri guztiak, nortasun guztiak bildu behar ditu, hizkuntza eta siniskera guztiak aitortu behar ditu, demokratikoa izan nahi badu”. Halaber, bakea, autonomia eta demokrazia aldarrikatu ditu herri kurduarentzat, eta horretan “nazioarteko komunitateari kurduen afera agendan sartzeko” eskatu dio, “Turkiari giza eskubideak errespetatu ditzala exijitzeko”.
Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordeak hitza hartu du ekitaldian, eta azpimarratu du Euskal Herriko eta Kurdistango errealitateak guztiz desberdinak izanagatik ere, “hizkuntzaren eta kulturaren garapenerako eskubideen aldarrikapena, eta bakerako nahiak” berdinak direla. Aralarreko koordinatzaileordeak, halaber, azpimarratu du “herrien askatasuna aldarrikatzen jarraitu behar dugu, herritarrei hitza emanez, herritarrak entzunez eta aldarri nazionalei leku eginez”.


