Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralar Irunen izango da, berdintasuna bermatzen duen alardean parte hartzen dutenei bere babesa adierazteko

Aralar Irunen izango da, berdintasuna bermatzen duen alardean parte hartzen dutenei bere babesa adierazteko

2010/06/28
  • Berdintasuna
Aralarreko hainbat ordezkari, Jon Abril koordinatzaileordea eta Ainoa Beola Donostiako Berdintasun zinegotzia, esaterako, Irunen izango dira asteazkenean, berdintasuna bermatzen duen alardean parte hartzen duten gizon eta emakumeei beren babesa adierazteko. Aralarren pertsona guztien berdintasunean sinesten dugu, eta hori gizarteko eremu guztietan ikusgarri egin behar dela deritzogu, festetetan ere bai.

15 urteren ondoren Irungo gizarteak urte gehiegi irauten ari den gatazka konpontzen jakin ez izana deitoratu du Aralarrek, eta erakunde guztiei eskatu nahi die alardearen festan berdintasuna ikusgarri egiteko, laguntza ekonomikoa eta politikoa ematen jarraitzea.

 

Era berean, Aralarrek Irungo alkate Jose Antonio Santanoren jarrera salatu nahi du. 15 urte darama alarde mistoarekin elkarrizketaren aldeko jarrera izan gabe, baina, aldi berean, harro adierazten du Alarde Tradizionalistaren Batzordearekin harreman bikaina daukala, horrek berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzeko lanari egiten dion kaltea kontuan izan gabe. Irungo ordezkari politiko gorena den heinean, bere ardura da gizon eta emakume guztiek gizarteko esparru guztietan beren parte-hartzea bermatua izatea, alardean ere bai.

 

Aralarrek espero du 2011n jarrera hori aldatzea, eta Irungo Udalak herritar guztiok parte hartu ahal dezakegun alardea antolatzea eta sustatzea.