Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralar ez dator bat Donostiako Udal langileei Elkarkidetzako kuotan egin zaizkien murrizketekin

Aralar ez dator bat Donostiako Udal langileei Elkarkidetzako kuotan egin zaizkien murrizketekin

2010/10/18
  • Beola
Donostiako Udalak instituzioko langileei dagokien Elkarkidetzako kuotan murrizketak egin izana kritikatu du Aralarrek. Ainhoa Beola Donostiako Udaleko Aralarreko zinegotziak adierazi duenez, “ez gaude ados Udalak Zapateroren dekretua ezarri duen moduarekin, eta bereziki, ez gatoz bat Elkarkidetzako kuoten ordainketarekin Udalak harturako erabakiarekin”. Zentzu horretan, gogoratu du Aralarrek beste erakunde batzuetan ere ez duela babestu Zapateroren dekretua.

Beolak azaldu duenez, joan den irailetik hainbat bilera izan ditu Udaleko Giza Baliabideetako Sailarekin, eta bilera horietan behin baino gehiagotan eskatu du Elkarkidetzako kuoten hartutako erabakia berraztertu dezala. Era berean, gogoratu du Gobernu Batzordean Aralarrek ez zuela babestu udal langileei soldatak jaistea, Elkarkidetzako kuoten ordainketa %50ean jaistea eta ordezkapenetarako eta prestakuntzarako diru-partida murriztea.

“Finantza krisi hau ez dute langileek ordaindu behar, beraiek ez duelako sortu”, azpimarratu du Beolak, eta ohartarazi duenez, “urteetan borroka sindikal eta sozialen bitartez lortutako hobekuntzak bertan behera uzten ari dira”.