Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralar eta Bilduko hautetsiek babesa agertu diete eragile sozialek murrizketen kontra deitutako mobilizazioei

Aralar eta Bilduko hautetsiek babesa agertu diete eragile sozialek murrizketen kontra deitutako mobilizazioei

2012/01/28
Aralar eta Bilduko hautetsiek batzarra egin dute gaur Donostiako Kursaalean, Euskal Herriaren egoera sozioekonomikoa aztertzeko. Batzarra bukatu eta gero egindako agerraldian, babesa agertu diete eragile sozialek murrizketen kontra deitutako mobilizazioei.

Gaurko agerraldiko testua osorik:

Hainbestetan entzun dugun krisia gure etxeetaraino iritsi da, gure instituzioetaraino heldu da, gure udaletxeetaraino, diputazioetaraino, bi gobernuetaraino.

Eta krisiaz hitzegitean badirudi fenomeno metereologikoaz ari garela, euria, ekaitza, txingorra eta elurra etortzen diren bezala etorri zaigula, inork zehazki jakin gabe, nola, noiz eta zergatik etorri den.

Baina hau ez da egia, krisi honen atzean arduradunak eta eragile jakin batzuk daude eta errudun horiei izen abizenak jarri behar zaizkie eta erantzukizunak eskatu.

Ekaitz handi baten aurrean gaude, langileon eskubideen kontrako ekaitzaldi gogorra dator eta oraingoan aterki eta euritakoarekin soilik ezingo diogu aurre egin, neurriak hartu beharko ditugu eta mugitzea egokituko zaigu.

Esan bezala, egun bizi dugun krisia, maiuskulaz idatzi beharreko krisia da, izan ere, ez baita soilik krisi ekonomikoa nahiz eta gehien eragiten diguna izan. Egungo sistemaren krisiaz ari gara, hori da krisi honen atzean dagoena, finantza kapitalismoaren krisia, eredu baten krisia.

Nazioartean eta orohar mundu mailan neoliberalismoa indartzeko ahalegina izugarria da, neoliberalismo berriari ateak parez pare ireki zaizkio betiere helburu zehatz batzuekin, merkatuaren interesak bermatzeko, multinazionalen beharrak asetzeko eta finantzal entitateen irabaziak handitzeko, estatuak eta herritarrak horren mesedetara makurtuz.

Estatuak merkatuaren menpe eta honen esanetara, araurik eza, espekulazioa, despilfarroa… horiek izan dira politika honen ikur eta eguneroko praktika eta politika honen aplikazioak eta berau sutsuki defendatu dutenek ekarri gaituzte egungo egoerara.

Azken finean, politika egiteko eredu jakin batetaz ari gara eta ia hondamendira ekarri gaituen sistema honen defendatzaile nagusiek PNV, PSE eta PP-UPNk bere erantzukizuna onartuko beharko dute krisi honen sortzaile laguntzaile eta sustatzaile gisa. Ostrukarenak egiteak ez du balio, ezta guztiok zaku berean sartzeak.

Ekaitzaldi horren erdi-erdian gaude eta gaur da eguna krisi honen jatorria eta erantzuleak argitu eta izendatu gabe, egoera honetan jarri gaituen kapitalismoaren moldaketaz edo birsortzeaz hitzegiten dutela, alegia, krisira ekarri gaituzten neurri berdinetan sakondu behar dela esaten digute krisia sortu duten berberak. Honek gure herrian esaera bat du adarra jo nahi izatea!

Beraz, sistemaren porrotaz ari garela, porrot horretara ekarri gaituzten neurri berdinetan sakontzeko errezetak proposatzen dizkigute.

Rajoy-ren gobernuak hartu berri dituen neurrien artean, zorpetze publikoaren, alegia, defizitaren jaitsi beharraren aitzakipean, Merkel eta Sarkozy-ren aginduz, zerbitzu publikoen murrizketa iragarri du eta hori dela eta pribatizazioari ate eta bide guztiak irekitzen dizkio. Lan harremanen alorra guztiz liberalizatzeko eta langileon baldintzak kolpatzeko eta ondorioz oraindik ere sakonago prekarizatzeko erreforma jarriko du indarrean, beste behin behar gehien duten herritarron bizkar jarriko du zama guztia, horretarako neurri andana martxan jarriz, murrizketa sozialak, lan merkatuaren erreforma aplikatuz eta herritarron kontra basati jokatzen ari den, desauzioak aplikatuz, kreditoak ukatuz…, sistema finantzieroari gure poltsikotik dirua emanez. Hau berriz lotsagarria iruditzen zaigu!

Egoera larri honetaz baliatuz, Rajoy-ren gobernuak estatuaren baitan zentralizazio politiko-administratibo bati ekin nahi dio, azken finean gure herriari burujabetza politiko eta ekonomikorako bidea itxi nahian.

Eta bide honetan Lopez EAEko lehendakari eta Barcina Nafarroako presidentak inolako lotsarik gabe bat egingo dute PPko gobernuak iragarritako neurri antisozialekin. Bai Lopez-i eta baita Barcina-ri herri honen herritarren nahiei entzutea dagokie eta euskal herritarren etorkizun politiko eta ekonomikoa erabakitzeko eskubidea aitortzea eta errespetatzea.

Baina nola egin aurre ekaitzaldi bortitz honi?

Guk ez dugu eredu hau nahi, goitik behera datorren eredu honi ezetz diogu, ez dugu eredu neoliberal hau onartzen eta eredu berri bat, justuago, demokratikoago, ezkertiarrago bat aplikatzeko lanean arituko gara. Bide horretan zailtasun ugarirekin egingo dugu topo, Estatu mailako arautegia inposatuz eta eskuduntzei egiten zaien mugapenaren ondorioz, Lan Harremanen Euskal Esparrua sektore publikoan ere eragotziz, eta etsai amorratu asko izango ditugu, baina aliatuak ere bai: herritarrak, langileak, baztertuak, eta oro har guregan konfidantza jarri duten herritar guztiak. Ez diegu kale egingo. Zintzoki saiatuko gara gauzak errotik aldatzen, lau herrialdeak jasoko dituen marko burujabea eraikiz, Lan Harremanetarako Euskal Esparrua egikarituz, sektore publikoa eta zerbitzu sozialak babestuz, eta fiskalitate justuago bat ezarriz, hori bai, herritarrekin gure asmoak konpartitzen eta erabakiak guztion artean hartzen.

Beraz, hemen gauden hautetsiok, udaletatik, eta oro har instituzioetatik bestelako politikak egiteko etorri gara, zerbitzu publikoak bultzatzeko, lan harremanak eta hitzarmenak ahulduta dauden honetan, berauek hobetze bidean jartzeko. Gure langileen lan baldintzak arautuko dituen sektoreko markoaren aldeko apustua egiteko; langileen lan eta bizi-baldintzak eta herritarrei eman beharreko zerbitzuak hobetu ahal izateko. Eta norabide horretan urrats eta konpromiso zehatzak planteatu ditugu, aurreko agerraldi batean publiko egin genituenak.

Norabide honetan, bat egiten duten eragile politiko eta sindikalekin elkarlanean aritzeko borondatea dugu.

Azkenik, arestian aipaturiko egoera guzti honek gure haserrea erakusteko eta ateratzeko erabili behar dugu. Ez gaude edozer onartzeko prest, ez kontatu gurekin jarri nahi dituzuen neurriak aplikatzeko. Herritarrek guregan jarri zuten konfidantza politika beste modu batera egiteko eta horretara goaz, burujabetza, justizia soziala eta eredu berri eta jasangarria da gure iparorrotza eta norabide horretatik ez gaituzte aterako.

Horregatik, datozen egunetorako iragarrita dauden mobilizazioekin bat egiteaz gain, datorren otsailaren 4rako Bilbon egingo den manifestazioarekin bat egiteaz gain eta jendea horretara deitzeaz gain, otsailaren 9an lau ordutako PAROA egingo dugu, hautetsiok lau ordu horietan ez  gara lanean arituko, egun EAE-n gehiengo sindikalak iragarritako aldarrikapenarekin bat eginaz.