Aralar Bateragune auziko epaiketaren hasieran egongo da, absoluzioa eskatzeko eta elkartasuna agertzeko
Aralarrek epaiketa hau “lekuz eta garaiz kanpo” dagoela azpimarratu du. “Politika egitea inoiz ezin da delitu izan, eta auzipetuak politikan aritzeagatik epaituko dituztela” gogorarazi du Jon Abrilek.
Halaber, Abrilek aldarrikatu du bakerako bidean “ezinbestekoa dela horrelako estrategia, epaiketa eta justiziaren politizazioarekin bukatzea. Alderdi sozialistak behin betirako utzi behar du errepresioaren estrategia alde batera, eta herri honek bakerako duen borondateari entzungor egin, eta bere politikak aldatzen hasi behar du”.
Abrilek oroitarazi du “honen guztiaren funtsean alderdien legea dagoela, politikan aritzeko muga ezartzen baitie milaka herritarri”. Hala ere, “ulertezina eta onartezina” deritzo “ezker abertzaleko beste sentsibilitatean soilik bide politikoen aldeko apustu tinkoa egin duten kideak kartzelan ikustea eta 10 urteko kartzela zigor eskariei aurre egin behar izatea”.


