Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Aralar “itxaropentsu” azaldu da, eta Nafarroa Bai gauzatuko dela azpimarratu du

Aralar “itxaropentsu” azaldu da, eta Nafarroa Bai gauzatuko dela azpimarratu du

2010/05/14
  • Patxi Zabaleta
  • Txentxo Jimenez
  • Nafarroa Bai
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusia “itxaropentsu” azaldu da gaur goizean, eta hurrengo hauteskundeei begira, Nafarroa Bai proiektua gauzatuko dela azpimarratu du. “Urrats garrantzitsuak eta adierazkorrak ematen ari gara, hurrengo hauteskundeetan koalizioa Nafarroako lehen indar politikoa izan ahal izateko”.

Aralarrek eta EAk 2011n Nafarroa Bai bezala aurkezteko akordioa sinatu ondoren, Txentxo Jimenez Nafarroako Aralarreko koordinatzaileak “ziurtasun osoa” azaldu du. “Laster aurrerapausoak ikusi ahal izango dira”.

 

Gaineratu duenez, oinarri politikoen eta programatikoen dokumentuak “hiru kolore” dituzte gaur egun: Aralarrena, EArena eta jakinarazi nahi izan ez zuen hirugarren batena. “Lehen bi dokumentuen eztabaida amaitu dugu, eta hiru kolore ditugu. Horiek izango dira Nafarroa Bai proiektuaren emaitzaren eta etorkizunaren oinarria”, azpimarratu du Jimenezek.

 

Aralarrek eta EAk koalizio barruan egin duten botere banaketari dagokionez Batzarrek eta Uxue Barkos independenteak egin dituzten kritikei erantzunez, Patxi Zabaletak adierazi du Aralarren asmoa dela Nafarroa Baik egun dauzkan alderdiak izatea etorkizunean ere, independenteez gainera. “Nafarroa Baik egun daukan aniztasun bera izan behar du etorkizunean ere bai, eta ahal dela, zabaldu ere egin behar du”.

 

Zabaletak Barkosen lana eta “lan asko eta emaitza onak” lortzen dituzten pertsonen lana goraipatu du, baina koalizioak alderdi politikoek osatzen dituztela defendatu du, “batzen gaituzten minimoak bilatuz”. Era berean, Nafarroa Bai afilizioa izatea ez duela eskatzen gogoratu du, eta horrenbestez koalizioko edozein kidek independente izaten jarraitu ahal duela esan du.

 

“Ahal dela Nafarroa Bai izena izango duen koalizioa” herritarrei eskatzeko mesedetan beste indar politiko batzuekin bere alderdia egiten ari den ahalegin handia goraipatu du Zabaletak. Baina koalizioa “eraginkorra, sinesgarria eta kudeagarria” izan behar dela nabarmendu du, “eta horretarako, akordio politikoak, programatikoak eta antolaketakoak ondo lotu behar dira”.

 

Hurrengo hauteskundeei begira Nafarroa Bai osatzeko egiten ari diren prozesua ez dela erraza izaten ari aitortu du Txentxo Jimenezek, “koalizioa anitza baita”. “Baina egin beharreko prozesua da, etorkizunari begira koalizioa indartu nahi bada. NaBaik aurrerapauso bat ematea eskatzen ari da gizartea, eta hori oinarri sendo batzuen gainean egin behar da”.

 

Jimenezek azaldu duenez, etorkizunari buruzko ikuspegia ezberdinak izatea “haserrealdiak” sortzen ari da Nafarroa Bai osatzen duten alderdien artean. Era berean, kide batzuk duten jarrera kritikatu du, koalizioak foru erkidegoan izan behar duen jarrera “marginala eta bigarren mailakoa” izan behar dela defenditzen dutelako. Gaineratu duenez, “gizarteari ezin zaio proiektu eta alternatiba bat aurkeztu, aurretik definizio eta konpromiso zehatza egin gabe”.