Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Arabako Aralarrek eredu fiskal berri bat sustatuko du eta herrialdeko politikagintza gardenagoa izatea exijituko du ikasturte politiko berrian

Arabako Aralarrek eredu fiskal berri bat sustatuko du eta herrialdeko politikagintza gardenagoa izatea exijituko du ikasturte politiko berrian

2010/09/01
Hasi berria den ikasturte berrirako bost jarduera ardatz nagusi izango ditu Arabako Aralarrek: gizarte politikak eta eredu fiskal berri bat sustatzea, Arabako politikagintzako jarduera politikoa gardenagoa eta garbiagoa izatea exijitzea, herrialdeko abertzaleen arteko elkarlana, herritarren partehartzea eta Arabako aniztasunaren artikulazioa sustatzea aldaketarako motorea izan dadin Gasteizen eta Araban, eta Euskal Herrian hain beharrezkoa duen bake prozesurako gure herrialdetik eman daitezkeen pausoak bideratzea.

Aralarrek eduki sozial argia duten politikak sustatuko ditu, eta murgilduta gauden krisi ekonomikoa aintzat hartuta, arreta berezia jarriko du horren ondorioak gehien eta gogorren pairatzen ari diren sektoreetan; horretarako, ahalegin berezia egingo du azken urteetan atzerapausoak baino izan ez dituen politika fiskalaren eredu berria sustatzeko. Bestetik, ahalegin berezia egingo du abertzaleen arteko elkarlana sustatzeko, gure herrialdean hainbatetan auzitan jarri den gure hizkuntza eta identitatea babesteko. Bestalde, Aralarrek ahalegin berezia egingo du Arabako politikagintzatik edozelako ustelkeria zantzu uxatu eta herrialdeko instituzioak eta politikagintza “garbitzeko”. Jada beren proposamenak mahai gainean jartzen ari diren gizarte mugimenduen partehartze aktiboa sustatzeko eta Arabako artikulazio bidezkoagoa bideratzea izango dira beste bi ardatz nagusienetako bi. Era berean, Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko ekimenak babestuko ditu.

 

Horregatik guztiagatik, Arabako Aralarren helburua izango da Aralarrek ordezkatzen duen ezkerreko alternatiba abertzalea herrialdeko instituzio guztietan indartzea.