Amaiurren dauden alderdiek diote koalizioa modu egonkorrean, koherentean, konprometituan eta arduratsuan arituko dela Madrilen
Agerraldiko testua osorik:
Ezker Abertzaleko, Eusko Alkartasunako, Aralarreko eta Alternatibako ordezkariek deitu zaituztegu agerraldi honetara, azaroaren 20ko hauteskundeen ondoren agerian geratu den eszenatoki politikoaren analisia egiteko.
Lehenengo eta behin, azpimarratu behar dugu Amaiurrek azken hauteskundeetako emaitzetan izandako arrakastak ondorioztatzen duela soberanistek eta ezkerreko independentistek osatutako koalizioak gidatzen duela Euskal Herriak bizi duen ziklo politiko eta sozialaren aldaketa.
Ezkerreko soberanisten eta independentisten bat egiteak 333.624 boto-emaileren babesa jaso du eta, gainera, lau herrialdeetan ordezkaritza izatea lortu du. Horrek agerian uzten du prozesu politikoaren, gatazka gainditzeko, eta bakearen zein aldaketa sozialaren aldeko indar batuketak eta elkarlanak euskal gizartearen gehiengoaren babesa jaso duela. Era horretara, Amaiurrekoa izango da Diputatuen Kongresuko euskal ordezkaritzarik zabalena.
Herritarrek emandako babesa beti da pozgarria, baina horrek arduraz jokatzera behartzen gaitu. Egoera politikoak eskatzen digun erantzukizunarekin jokatuko dugu, eta normalizazio politikoa eta Euskal Herriak behar duen aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko lanean aurrera jarraitzeko pizgarri bezala hartzen ditugu izandako emaitzak.
Euskal gizarteak emandako bermearekin, Madrilen modu egonkorrean, koherentean, konprometituan eta arduratsuan arituko den tresna bihurtu da Amaiur. Bere eskubude nazionalak eta sozialak aldarrikatzen eta exijitzen dituen herriaren bozgorailua izango da, beti ere bizi dugun krisia aintzat hartuta, horren aitzakian egiten ari diren murrizketak euskal herritarren eskubide ekonomikoak, sozialak, lan arlokoak eta ingurumenekoak gutxiesteko arriskua gero eta handiagoa delako.
Konponbideetarako garaia da, eta Espainiako hurrengo gobernuari eskatzen diogu maila politikoarekin jokatzeko eta gatazka politikoari heltzeko. Euskal Herria aukera historiko baten aurrean dago, baina Estatuak ere ezin dio bizkarra eman parez-pare daukan erronkari.
Bizi dugun garai politiko honetan, Gernikako Akordioaren edukiak eta Aieteko Konferentziako ondorioak izango dira Amaiurren erreferente nagusiak gatazkaren ondorioen konponketan zein bakerako bidean. Bi testu horiek izango dira Madrilen egingo dugun lan instituzionaleko gure proposamenen eta ekimenen oinarria, beti ere bake eta konponbide demokratikoen eszenatokia erdiesteko bidean.
Erantzukizunarekin eta dagokion mailarekin jokatzeaz ari gara hizketan. Amaiurri, Estatuari eta Euskal Herriko eskubide nazionaletan sinesten dugun guztiori dagokigu era horretara jokatzea. Gure etorkizunari dagozkion erabakiak, arlo guztietakoak gainera —nazionalekoak, sozialekoak edota ekonomikoak—, hemen bertan hartuko ditugu, euskal gizarteari dagozkionak dira, hauteskunde kanpainan behin eta berriro agertu dugun bezala. Baina hurrengo lau urteetan, marko juridikoa eta politikoa aldatzearen alde gauden indarren ordezkaritza inoiz baino handiagoa izango da Madrilen; Euskal Herriak nazio bezala dituen eskubideetan sinesten duten indarren ordezkaritza historiako zabalena izango da. Eta aukera hori baliatzen jakin behar dugu, Madrilgo Gobernuari erakusteko interes partidistak albo batera uzteko gai garela, era horretara herri gisa jarduteko eskatzen digun gizarteari erantzun ahal izateko.
Guztion artean lortu behar dugu Alderdi Popularrak Euskal Herriko errealitate sozialaren borondateari erantzutea; izan ere, euskal gizartea eskatzen ari da gatazka politikoari garai eta eszenatoki politiko berrira egokitutako erantzuna ematea. Beharrezkoa da iraganeko eskemekin apurtzea, gizartearen eskaerekin bat ez datorren egoera mantentzea dakartelako eta gizartearen frustrazioa bakarrik eragiten dutelako. Horregatik Madrilen elkarlanean aritzeko deia egin diegu EAJri eta Geroa Bairi.
Aurrean daukagun aukerari modu baikorrean erantzutea borondate politiko kontua da bakarrik, eta Euskal Herrian Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak egiten duten bezala, beharrezkoak diren borondate politikoei atea irekitzeko lana egingo du Amaiurrek Madrilen.
Aralarkideak albiste
-
Fernandez de Garaialde y Lazkano, Asun
Nafarroako koordinatzailea. Nafarroako parlametuko parlamentaria eta Altsasuko zinegotzia


