Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak Ainhoa Beola da Aralarren Donostiako alkatetzarako hautagaia, Gipuzkoako Batzarrak hala berretsi ostean

Ainhoa Beola da Aralarren Donostiako alkatetzarako hautagaia, Gipuzkoako Batzarrak hala berretsi ostean

2010/12/11
  • Gipuzkoa
Miramar jauregian elkartu diren militanteekin batera ere Aralarren koordinatzaile orde Jon Abril egon da, eta batzarraren ostean egindako ekitaldi politikoan esan du hurrengo hauteskundeetarako alderdiak "hautagai ezin hobeak" dituela.

Gipuzkoako Aralarrek gaur Miramar jauregian egin duen batzarrean Ainhoa Beola aukeratu du Donostiako udalerako alkategai. Beola gaur egun Donostiako udaleko berdintasun eta hizkuntz normalkuntzarako zinegotzia da. Militanteen aurrean hitza hartu duenean adierazi du udaberriko hauteskundeetara begira Aralarren helburua "ezker abertzalea eraginkortasunetik garatzea" dela. "Sinesten dugu Donostian ezker abertzalea eraikitzen jarraituko dugula, hitzaren bitartez eta ekintzaren bitartez, eguneroko arazoei aurre eginez, aldarriei bide emanez eta kudeaketaren bitartez", gaineratu du Beolak.

 Miramar jauregian elkartu Aralarren Gipuzkoako militanteak elkartu dira. Beraiekin batera Batzar Nagusietarako hautagaiak izan dira, Iñigo Imaz, Patxi Aierbe, Rebeka Ubera eta Ernesto Merino (argazkian). Aralarren koordintzaile orde Jon Abril ere egon da batzarraren ostean egindako ekitaldi politikoan eta alderdiak hurrengo hauteskundeetarako "hautagai ezin hobeak" dituela esan du. “Beste modu batean politika egitea” posible dela nabarmendu du Abrilek, “posible da abertzaleok gehiengoak biltzea, euskaltasuna babestea eta posible da adiskidetzan oinarritutako bakea eraikitzea”.

Koordinatzaile ordeak “herritarrak entzutea beharrezkoa dela” adierazi du, hori delako “politikarien zeregin ederrena, aberatsena eta ariketarik demokratikoena”. Hurrengo hauteskundeei begira PSEri eta PPri zuzendu zaie, “Lopezen gobernuak ez ditu herritarrak entzuten eta herritarrak aintzat hartzen eta egiten duten politika herritarrek behar dutenaren urruti dago; eraginkortasun ezaren gobernua da”, esan die. “Saiatzen ari dira modu batera eta bestera beraien españolizazioa gizartean inposatzen, sinboloak inposatzen dituzte, hizkuntza eta identitatea inposatzen dute”, gaineratu du Abrilek, eta inposaketa horren aurrean Aralarrek tinko lanean jarraituko duela esan du.

Oxel Erostarbe Gipuzkoako koordinatzaileak ere hitza hartu du eta "herriz herri Aralar sendotuz” joan behar dela nabarmendu du. “Posible delako gauzak beste modu batera egitea, krisiari erantzun sozialagoa ematea eta bakea lortzea”, esan du Erostarbek.

 

Jon Abril Aralarreko koordinatzaileordearen hitzaldia osorik