Abril: “Bi urteko agintaldiaren ondoren Patxi Lopezek herri honetarako bake planik ez izatea onartezina da”
Era berean, Abrilek Bilduri gogorarazi dio bakegintza arloan “erantzukizun handia” daukala. “Maiatzeko hauteskundeetan lortu zuen babes sozial handiari erantzun behar dio, kontuan izan behar baita hauteslariaren zati handi batek Bilduren alde egin zuela bakegintzari bultzada bat eman ziezaion”. Zentzu horretan, salatu du Bilduko ordezkariek saihestu egiten duela bakegintzak iraganaren begirada kritikoa eskatzen duela, beren adierazpen publikoetan etorkizunera begiratu behar dela esaten dutelako. “Jakina bizitzan eta politikan etorkizunera begiratzea oso garrantzitsua dela, baina gurea bezalako izaera politikoko gatazka bat konpontzeko, funtsezkoa da iraganera begiratzea, egindako akatsak aitortzea eta horiek konpontzeko edo elkarbizitza hobetzeko neurriak bilatzea”.
Abrilek azpimarratu duenez, “bake prozesu batek argitasuna eta bakea lortzeko behar diren posizionamendu guztiekiko konpromisoa eskatzea du”. Zentzu horretan, gogoratu du Gernikako Akordioan aipatzen dela beharrezkoa dela presoen eta biktimen sufrimendua aitortzea eta konpontzea. “Hori egiten ez den bitartean, ezin izango dugu bake prozesuan aurrera egin”.
Bestalde, Aralarreko koordinatzaileordeak azaldu du Bildu osatzen duten alderdiek egindako proposamena aztertuko dutela, eta argitu du hurrengo Kongresuan eztabaidatuko duten ponentzia politikoan jasotzen den proposamenarekin joango dela Aralar. “Gu ere abertzaleak indarrak batzearen alde gaude, baina EAEn eta Nafarroan nola garatzen den kontuan izango dugu”. Gaineratu duenez, “erabaki esparru bakoitzari ondoen egokitzen zaizkion soluzioak bilatu beharko ditugu, eta guk Nafarroako errealitatea mahai gainean jarriko dugu. Ez dugu nahi hori oztopo bat izatea, baina egungo errealitatea kontuan hartzea nahi dugu. Gaur egun, Aralar Nabain dago, eta Espainiako Kongresurako azken bi hauteskundeetan ordezkaritza lortu du, eta hori kontuan izan beharreko errealitatea da”.


