Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak “Tabakoaren legearekin Jaurlaritzak zituen asmoak ezertan geratu dira”, Aralarren iritziz

“Tabakoaren legearekin Jaurlaritzak zituen asmoak ezertan geratu dira”, Aralarren iritziz

2011/01/20
  • Erostarbe
Oxel Erostarbe Aralarren legebiltzarkideak gaur azaldu du, “onartu diren zuzenketei esker, Jaurlaritzak gura zuenaren kontrako bidea hartu duela Legeak” eta gaineratu du, “Madrilen onartutakoak balio gabe utzi duela hilabeteetan Legebiltzarrean egindako lana”.

Legebiltzarkideak berriro elkartu dira gaur Eusko Legebiltzarrean, tabakoaren erabilera arautzen duen legearen inguruko eztabaidarekin jarraitzeko. “Batzordean onartu diren zuzenketak eta Madrilen onartu den legeak Jaurlaritzaren asmoak ezertan utzi” dituela adierazi du batzordea bukatzean Oxel Erostarbe Aralarren legebiltzarkideak. Gaineratu duenez, “Madrilgo legeak Legebiltzarrean hilabeteetan egindako lana balio gabe” utzi duela. Erostarbek esan du, “Jaurlaritzaren proposamena hobetzeko urratsak eman diren arren”, Aralarrek bere zuzenketak mantenduko dituela osoko bilkuran eztabaidatzeko.

 

“Onartu diren zuzenketei esker Jaurlaritzak gura zuenaren kontrako bidea hartu du Legeak” Aralarren legebiltzarkidearen iritziz, eta ildo horretatik, “positibotzat” jo du Legea alor pribatuan ez sartzea, eta “Ertzaintzak eta herrietako poliziek inspekzioen eta isunen ardura ez izatea”. “Erretzaileek eurek izan behar dira erretzea debekatuta dagoen guneetan erretzen badute erantzunkizuna dutenak, eta ez negozioaren ugazabak edo bertan lan egiten dutenak”, gaineratu du Aralaren legebiltzarkideak.  Era berean, aire librean erretzea ez zigortzearen alde agertu da alderdia.

 

Gaur PSEk eta PPk adostu dute urtebeteko epean legeak izango duen inpaktua aztertzea. Erostarberen iritziz, “ondo dago ikerketa egitea. Hala ere, Erostarberen ustez, “aurreko legearen harira, 2005ean establezimenduak egokitzeko egindako inbertsioak galduko dituzte tabernariek”. Hori dela eta, Aralarrek mantendu egingo du ildo horretan egindako zuzenketa, Legebiltzarreko osoko bilkurari begira, “inbertsioak egin zituzten ostalariei kalte-ordainak emateko neurriak bideratzeko”.