“Gure gobernuak Palestinan egiten ari diren genozidioaren konplizeak dira”
- Nekane Perez
- Ezkerraberri fundazioa
Prentsaurrekoan Nekane Perez Nafarroa Baiko parlamentaria izan dute ondoan. Azaldu duenez, Aralar hainbat erakundetan (Nafarroako parlamentua, Legebiltzarra eta batzar nagusiak) lantzen ari da Palestinako gatazka, eta atzo bertan, Nafarroako parlamentuak Adierazpen Instituzionala onartu zuen, NaBairen ekimenez. Era berean, biktimei ematen zaien tratamendua salatu du. “Biktima eredu bakarra sortu nahi dute, pairatu duten indarkeriaren jatorriaren araberakoa. Baina gaur hemen dauzkagun bi pertsonak ere biktimak dira”.
Askatasunaren Ontziarekin bat egiteko izan zituzten arrazoiak azaldu dituzte Arau eta Tapialek. Israelgo Gobernuak Gazan ezartzen ari den “legez kanpoko” blokeoa haustea zela lehen helburua azaldu dute. “Orain hiru urte, Israelek legez kanpoko dekretua indarrean jarri aurretik, giza laguntzako 4.000 kamioi sartzen ziren astero Gazara. Baina hori ez zen nahikoa, bertan bizi diren milioi eta erdi pertsonen oinarrizko beharrak asetzeko. Orduan nahikoa ez bazen, gaur egun, 380 kamioi astero bakarrik sartzen direnean, egoera jasangaitza da”, adierazi du Tapialek.
Gaineratu duenez, “inguru horretan agertzea ere nahi genuen, gure gobernuak konturatu daitezen zer gertatzen ari den Gazan. Izan ere, gure gobernuak Palestinan egiten ari diren genozidioaren konplizeak dira”.
Bestalde, Laura Arauk azaldu du Kultura, Bakea eta Elkartasuneko kideek helburua zela Madrilgo ikasle talde batek Palestinako egoerari buruz idatzitako liburuak Gazako umeei entregatzea. Gazako hezkuntzaren inguruko dokumentala grabatzeko asmoa ere bazuten.
Baina ez zuten lortu bertara heltzea, Israelgo armadak eraso egin zielako. “Nazioarteko uretan erasoa jaso genuen, eta eraso hori erabat legez kanpokoa izan zen. Ikerketa bat egingo dutela esaten ari dira, baina guri inork ez digu galdetu ezer. Gure ustean, ikerketa horrek ez dauka inolako sinesgarritasunik, eta ikerketa egiteko premiarik ez dago. Delituak argiak eta objektiboak dira. Zibilekin eta giza laguntzarekin beteta zeuden ontzien kontrako erasoa izan zen, nazioarteko uretan, eta eraso horren ondorioz, 9 hildako eta 50 zauritutik gora izan ziren, guzti-guztiak suzko armek eraginda. Hemen justizia da egin behar dena”. Hala, Tapialek aurreratu du hurrengo asteetan salaketa kriminala jarriko dute Audientzia Nazionalean Israelgo Gobernuaren kontra.
Bestalde, Askatasunaren Ontziko aktibistek nazioarteko komunitatearen jarrera salatu dute, pairatu zuten erasoa kondenatu ez dutelako. “Gure lider politikoekin oso haserre gaude, bat berak ere ez duelako Israelek egindako erasoa salatu. Israel kondenatzeak esan nahi du neurriak eta zigorrak ezarri behar zaizkiola estatu horri, egin dutena onartezina dela adierazi behar zaio. Baina gobernu bat berak ere ez ditu bere harremanak eten Israelekin eta jarraitzen dute berari armak saltzen”.
“Publiko eta begi bistakoa den delitu baten aurrean”, gaineratu du Tapialek, “estatuko fiskal nagusiak diligentziak jarri behar lituzke abian ofizioz, baina oraindik ez digu deklarazioa ere hartu. Hemen lehen mailako, bigarren mailako eta hirugarren mailako biktimak daude, eta hori ez da inolaz ere onargarria”: Era berean, salatu du itzuli zirenetik gobernuko edo estatuko estamentu bat bera ere ez dela haiekin harremanetan jarri, nola dauden jakiteko.
Arau, bere aldetik, aurreratu du 15 eguneko epean beste ontzi pare bat bidaliko dituztela Gazara: bata giza laguntzaz betea eta bestea zibilez betea.
Albiste erlazionatuak
Nekane Perez
- Nafarroa Baik gobernuari eskatu dio azal dezala hezkuntzan egindako murrizketekin zenbat aurreztu duen
- Gazarako bidean oztopoak izaten jarraitzen du Askatasunaren Flotillak
- Aralarrek Saharako herriaren eskubideak errespetatzeko eskatu du, Saharako Emakumeen Kongresuan
- Nafarroa Baik salatu du UPN etengabe ari dela euskarazko komunikabideei oztopoak jartzen
Ezkerraberri fundazioa
- Elektropoluzioan Estatuko aditurik garrantzitsuenak izango dira Bilbon Ezkerraberri Fundazioak antolatutako jardunaldian
- Aralarren Ezkerraberri Fundazioak ilegalizatutako Kurdistango DTP alderdiko diputatu Ibrahim Binicirekin hitzaldia egingo du bihar Bilbon
- Carod Rovirak hitzaldia eskainiko du gaur, Donostiako Miramar jauregian, Ezkerraberri Fundazioak gonbidatuta


