Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak “Ezberdintasunetik harago batasunaren eta aniztasunaren jardunaldiak izan dira”

“Ezberdintasunetik harago batasunaren eta aniztasunaren jardunaldiak izan dira”

2010/03/21
  • gazteak
  • jardunaldiak
  • iratzarri
Hala iritzi diote Iratzarri, Aralarren gazteen erreferenteko kideek. Asteburuan Nazioarteko Gazteen Lehenengo Jardunaldiak, "Herrien aurkako erasoen aurrean", egin dituzte Bilbon. Iratzarriko gazteekin batera, Herrialde Katalanetako (Mallorca, Valentzia, Katalunia) eta Galiziako gazteek ere parte hartu dute. Jardunaldien amaieran, Berriako zuzendari Martxelo Otamendik, Egunkaria auziaren inguruko hitzaldia eskaini du, Bilboko Ekoetxean.

Hiru egunez aritu dira Bilbon Nazioarteko Gazteen Lehenengo Jardunaldietan. Iratzarrik Baleareetako JEN, Valentziako Bloc Jove, Herrialde Katalanetako Jerc, Galiziako Galiza Nova, Segi, Gazte Abertzaleak eta Alternatiba Gazteak erakundeetako kideak izan dira. Gazte erakunde guztiek Egunkaria auzian auziperatutako guztien absoluzioa eskatu dute.

Iratzarriko kide Fabio Gonzalezek adierazi duenez, “behar-beharrezkoa da elkarrekin lan egitea herri eta lurralde ezberdinetako ezkerreko erakundeetako gazteok. Izan ere, ezinbesteko zaigu alternatibak eraikitzen jakitea, bizi ditugun arazoei aurre egiten jakitea, gazte guztioi eragiten dizkiegun arazoei soluzio bateratuak ematea”.

Parte-hartzaileen iritziz, “jardunaldiek balio izan dute konturatzeko gure herriko gazteok ditugun arazoetariko asko beste herrietako eta lurraldeetako gazteek ere badituzten arazoak direla eta horiei erantzuteko eraikitzen ari garen alternatiba bertsuak direla. Hori dela eta, komunean jarrita erantzunak indartsuagoak eta efektiboagoak egiten dira”. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “ezberdintasunetatik harago, jardunaldi hauek batasunaren eta aniztasunaren jardunaldiak izan dira. Hainbat kultura politikoetatik gatoz eta estrategia ideologiko eta lurraldetasun eredu ezberdinetatik etorri arren, batasuna eta aniztasuna bidean elkartzen direnean gera ezinak gara”.

Galiziako eta Mallorcako gazteek euren prestutasuna adierazi dute hurrengo jardunaldiak euren herrialdeetan egiteko.