Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak “Euskal Herriak ezin du onartu ama batek, biktima batek, bere semearen hilobiaren aurrean oroimen ekitaldia debekatzen duen sailbururik”

“Euskal Herriak ezin du onartu ama batek, biktima batek, bere semearen hilobiaren aurrean oroimen ekitaldia debekatzen duen sailbururik”

2009/09/30
  • biktimak
  • Basabe
  • Ezenarro
  • Ares
Aralarrek Ares Herrizaingo sailburuari exijitu dio barkamena eska diezaiola Jon Paredes ‘Txiki’ren familiari. Era berean, Arrasaten Etxeratek presoen sakabanaketa politikaren kontrako eta Euskal Herrira ekartzeko aldarrikapena jasotzen duten zapiak erretiratzeko hartu zuen erabakia azaltzeko eskatu dio

 

“Aresen aurrerako ihesaldia onartezina da. Frankismoak eraildako biktimen senitarteko eta lagunen oroimen ekitaldiak debekatzera iritsi da; biktimak mintzeraino iritsi dira bere erabakiak”. Aralarren bozeramaile Aintzane Ezenarrok azaldu duenez, Aralar legebiltzar taldeak sailburuaren dimisioa eskatuko du “interpelazioak egiten dizkiogunean ez badu autokritika egiten eta barkamen eskari publikoa egiten”.

Aralarrek interpelazio bi aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak azal ditzan “zergatik ukatu zion Ertzaintzak Zarauzko hilerrian Frankismoak eraildako Jon Paredes Manot ‘Txiki’ri senitartekoek eta lagunek oroimen ekitaldia egitea”, batetik, eta, bestetik, “presoen sakabanaketa politikaren kontrako eta Euskal Herrira ekartzeko aldarrikapena jasotzen duten zapiak zergatik erretiratu zituen Ertzaintzak, irailaren 25ean, Arrasaten? Ze oinarri juridiko erabili du jokabide horretarako? Bide batez, nork eman zuen aldarrikapen hori jasotzen zuten kartelak erretiratzeko agindua?”

“Bere bertsioa ematetik harago barkamena publikoki eskatzeko zentzutasuna adierazten ez badu eskatuko dugu bere dimisioa, Euskal Herriak ezin baitu onartu ama batek, biktima batek, bere semearen hilobiaren aurrean oroimen ekitaldia debekatzen duen sailbururik”, azaldu du Ezenarrok.

Mikel Basabe, Aralarren legebiltzarkideak gogoratu du Txiki eta Otaegiren fusilamenduen urteurrenean ospatzen dela Gudari eguna. Txiki, Otaegi, Sanchez Bravo, Baena eta García Sanzen fusilamenduen egunean. Urteurren horretan, azkeneko 34 urteetan, familiak bere omenaldia egin dio, Zarauzko hilerrian, Juan Paredes Manot ‘Txikiri’.

Aurten, Auzitegi Nazionalak Gudari eguneko ekitaldi guztiak debekatu ditu. Eta aitzakia hori hartuta, Ares jaunak ekitaldi guztiak debekatu ditu: pribatu eta publikoak, bost fusilatuak omentzekoak eta gudari guztiak omentzekoak zaku berean sartu ditu. Berdin izan dio bost fusilatuak frankismoaren biktimak izatea. Pertsona ez bakarrik amnistiatuak, baizik eta errugabeak. Errugabeak, giza eskubideak errespetatzen ez zituen diktadura batek epaitu eta kondenatu zituelako. Errugabeak, epaitegi militarrak zigortu zituen zibilak zirelako. Errugabeak, haien epaiketa behar besteko berme prozesalik gabekoa izan zelako. Frankismoaren biktima dira, ez besterik. Ekitaldi guztiak debekatu zituen, bai frankismoaren biktimen aintzatespena eskatzen duen Ahaztuak elkartearena, baita Txikiren familiarena ere.

Bereziki larria eta onartezina deritzogu Jon Paredes, “Txiki”ren familiak eta lagunek Zarauzko hilerrian, azken hiru hamarkadetan bezala, burutu nahi izan zuen ekitaldia galarazteari.

Senitartekoak eta lagunak bertaratu zirenean (25 lagun inguru) ertzain batek ekitaldia debekatua zegoela adierazi zien eta beraz alde egin behar zutela, Ahaztuak-ek leku berean ekitaldia deitu zuela argudiatuz. Ahaztuakek, hori ikusirik, bertan behera utzi zuen bere ekitaldia, nahiz eta inolako arrazoirik ez zegoen Auzitegi Nazionalak debeka zezan. Familiak berearekin jarraitu gura izan zuen: ekitaldi pribatua, lagunartekoa, urterokoa, euren biktima omentzeko eta haren memoria gal ez dadin antolaturikoa. Baina ez zitzaien utzi. Ez hori bakarrik hara agertutako senitartekoei eta lagunei identifikatzeko eskatu eta hala ere, ezin izan zuten ekitaldia burutu, amaren eta gainontzeko guztien haserrea eta inpotentzia eraginez. Non dago delitua? Zergatik ez zitzaien ikurrina eta Espainiako bandera errepublikanoa jartzen utzi hilobian? Zergatik ez zitzaien utzi bere ilobei aurreskua dantzatzen? Non dago biktimei eta haien familiei zor zaien begirunea?

Biktima guztiak maila berekoak direla pentsatzen dugulako, errektifikazioa eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzako Barne sailari. Errektifikazioa, eta familiari barkamena eska diezaiola. Hau bai da biktimei min egitea, biktimei zuzenean iraintzea, nork eta barne sailburuak. Nork eta euren eskubideak errespetatzen direla bermatu behar duenak.

Ezenarrok, prentsaurrekoaren amaieran azaldu dudenez, “Euskadik ezin du jasan, onartu, biktima baten senitartekoei oroimen ekitaldia debekatzen dion barne sailburua izatea. Biktimak iraintzen dituen barne sailburua izatea. Horregatik exijitzen diogu barkamena eskatu diezaiola familiari eta azkenaldian hartu duen norabidea zuzendu dezala. Hori egin ezean Aralarreko legebiltzarkideok bere dimisioa eskatuko dugu”.

 

Albiste erlazionatuak