Hemen zaude: Hasiera Aktualitatea Albisteak “Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko burujabetza ezinbestekoa” dela aldarrikatu du Aralarrek gaurko manifestazioetan

“Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko burujabetza ezinbestekoa” dela aldarrikatu du Aralarrek gaurko manifestazioetan

2012/02/11
  • Manifestazioa
Milaka pertsona kalera atera dira gaur Hego Euskal Herrian, Aralarrek, Alternatibak, EAk eta ezker abertzaleko beste sentsibilitateak deitutako manifestaldietan. “Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku” lemapean, eraldaketa sozialaren aldeko eta burujabetzaren aldeko oihartzuna entzun da gaur Bilbon, Donostia, Gasteizen eta Iruñean.

Aralarren ordezkari eta militanteak ere Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako deialdietan parte hartu dute. Bilbon, Madrileko Kongresuko Amaiurreko parlamentariak adierazpenak egin ditu komunikabideen aurrean. Rajoiren lan erreformak “aurreikuspenik ilunenak” baieztatzen dituela esan du, “langile klasearen aurkako erasoa datorrelako kapitalismo neoliberalaren eskutik”.

Euskal Herriko ezkerrak “mobilizatzeko inoiz baino arrazoi gehiago dituela” adierazi du, “ezkertiarrak eta abertzaleak biltzeko momentua iritsi da, ezberdintasunak alde batera utzita langileon eskubideen alde borrokatzeko”, gaineratu du.

Jon Inarrituren iritziz, Euskal Herria aurrera ateratzeko, “burujabetza politikoa eta ekonomikoa ezinbestekoa da, ez soilik identitate kontuengatik, baizik eta herritarren ongizatea defendatzeko”. “Euskal Herriak esparru sozioekonomiko eta laboral propioa behar du, lan legeria herritarren alde jarri ahal izateko eta ez merkatuen alde, gertatzen ari den bezala. Enplegua sortzeko eta babes soziala areagotzeko tresnak behar ditugu, munduko edozein estatuk dituen mailakoak. Euskal Herri bidezkoagoa eta solidarioa eraiki dezagun. Euskal Herria Ezkerretik eraiki dezagun”, bukatu du Inarrituk.

 

Manifestazioan irakurritako testua:

 

Gaur milaka lagun atera gara Iruñea, Gasteiz, Bilbo eta Donostiako kaleetara, helburu argi batekin: bere biziko indarrarekin kolpatzen gaituen krisiari aurre egiteko, burujabetza politiko eta ekonomiko propioaren esparrua aldarrikatzea.

 

Argi baitugu irtenbide integral baten eraikuntzatik bakarrik erantzun ahalko zaiola, inondik unekoa eta lokala den krisi honi, aitzitik, sistema kapitalistak eragindako krisi globalari erantzuten baitio.

 

Neurri horretan, Aralarrek, Alternatibak, Eusko Alkartasunak eta Ezker abertzaleak, gogor kritikatzen ditugu espainiar gobernuak, lehen PSOEk eta orain PPk, krisiari aurre egin ahal izateko abian jarri dituen neurri guztiak.

 

PSOEren eta PPren gobernuek, krisira ekarri gaituzten arrazoien inolako azterketa kritikorik egin gabe, hainbat neurri, murrizketa eta erreforma jarri dituzte abian. Izan ere, eskubide sozial eta laboralen, bai eta zerbitzu publikoen murrizketa orokorren bitartez, egoera honetara ekarri gaituen sistema bizirik mantendu nahi baitute.

 

Horrela, PSOEk eta PPk abian jarri dituzten erreforma desberdinek, atzo iragarritako finantza edo lan erreformen moduan, norabiderik gabeko ihesaren adierazle dira, banka nagusiak, finantza merkatuak eta enpresa eliteak direlarik erreforma hauen guztien onuradun bakarrak.

 

Eta ez dezagun ahaztu, erreforma hauek guztiak, EAJren onespenarekin izan direla onartuak, eta UPN, PP eta PSE-PSNren bitartez izan direla abian jarriak.

 

Izan ere, Iruñean eta Gasteizen dauden gobernuek, bai eta EAJk, PSOEk eta PP-UPNk ere, aste hauetan ahotan izan dituzten eztabaida dialekto hutsetatik haratago, herri hau eta bertako herritarrak galzorira daramaten eredu ekonomiko berdina ordezkatzen eta partekatzen baitute.

 

Neurri hauek guztiek, guztiz latzak diren ondorioak ari dira ekartzen: pribatizazioen bitarteko sektore publikoaren desagertzea, lan baldintzen okertzea, lan harremanen esparrua erabat liberalizatzea, eta kapital publikoaren galera kapital pribatuaren alde, besteren artean.

 

Azken batean, okerren dauden sektoreen egunerokoari eragiten eta berau prekarizatzen dituzten erreformak baitira guztiak: soldata baxuenak dituztenak, minusbaliotasunak dituzten pertsonak, eskubide eta soladatarik gabeko  zaintza lanetan jarduten duten emakumeak, pentsio bajuenak dituzten adinekoak, eta bere lan baldintzak defendatu nahi dituen edozein herritar.

 

Aipatu behar da, bizitza eta lan baldintzen prekarizazio honek, egunerokoan jasaten ditugun ondorio trajikoak dituela: hor ditugu iazko 90.000 lan istripuak, 81 langileren heriotzarekin; edo desjabetzen drama, banketxeen diru goseak eraginda, familia osoak etxebizitza galtzen ari direlarik.

 

 

Horregatik, argi esan dezakegu: Madriletik inposatzen ari zaigun eredua, gure herriarentzat zulo beltz bat besterik ez da izaten ari. Inposatzen diguten sistema politiko eta ekonomikoak, gure oraina eta geroa hipotekatzen du.

 

 

ERANTZUNA

Horregatik beharrezkoa eta ezinbestekoa dugu, esparru guztietatik eman beharreko erantzuna, maila instituzional eta politikoan, eta kale mailan ere, sindikatu eta eragile sozialekin batera mobilizatuz.

 

Mobilizazio soziala beharrekoa dugu, eta etenik gabekoa behar da izan.

 

 

ALTERNATIBAK

 

Bizitzen ari garen eguneroko gogor honek, erantzunez gainera alternatibak behar ditu; oinarri burujabetza politiko eta ekonomikoa izango dituzten aterabideak, eta eredu berri baterako bidea markatuko dutenak. Burujabetza ekonomikoa nahi eta behar dugu, beste eredu sozial bat eraikitzeko, honako arrazoiengatik.

 

  • Herri bezala dugun erantzukizuna eta eskubidea delako. Elkartasuna bermatzeko, ekimen ekonomikoa gure esku behar dugu izan.
  • Benetako demokrazian oinarrituko den beste eredu bat garatzen hasteko.
  • Urtetako lanaren ondorioz lortutako eskubide eta zerbitzu sozialak bermatu eta areagotzeko. Hezkuntza, osasuna eta etxebizitza eskubideak bermatzeko.
  • Garapen ekonomikoaz haratago, garapen sozialean eta naturarekiko errespetuan oinarrituko den ekonomia garatzeko.
  • Langileriaren eskubideak bermatzeko, bai eta ondasuna eta lanaren banaketa ekarriko dituen politika fiskal, laboral eta publikoak garatzeko.
  • Azken batean, Euskal Herria ezkerretik eraikitzeko, pertsona guztiek eskubide eta aukera berdinak izan ditzaten.

 

 

Bide honetan lan egiteko eta helburu hauei begira jarduteko, herritarrei eta eragileei dei egiten diegu kalera irten daitezen. Hartzen ari diren neurriei, aski da esateko, eta burujabetza politiko eta ekonomikoan oinarrituko den beste eredu ekonomikoa aldarrikatzeko. Euskal Herriak, munduko gainerako herrien moduan, bestelako eredu sozioekonomikoa behar du, eta berau lortzeko bidean tinko ekingo diogu lanari, errealitate bilaka dezagun.

 

Helburu bezala Euskal Herriaren burujabetza daukagu, justizia sozialean eta eredu jasangarri batean oinarrituko dena. Eta horretarako, euskal jendarteari alternatiba tinkoa eskaini nahi diogu. Baina alternatiba hori ez dugu guk bakarrik eraiki nahi, bidea eragile sozial eta sindikal desberdinekin, eta noski herritarren eskutik batera egin nahi dugu. Jasaten ari garen murrizketa sozial, laboral eta politikoei aurre egiteko guztion ekarpenak ezinbestekoak direlako.