Gizarte zerbitzuak: gastua ala inbertsioa?
Zerbitzu Sozialen ereduaren Iraunkortasunari buruz hitz egiteko orduan, bitxia da Zerbitzu Sozialen iraunkortasuna kolokan jartzen dela administrazio publikotik, noski iraunkortasun ekonomikoa. Kuriosoa, jartzen al da kolokan esaterako errepideen etengabeko eraikuntzaren sostengarritasuna? Eta ondo deritzogu kolokan jartzeari eta eztabaida zabaltzeari, baina hor ez al da ikusten nola ulertzen ditugun oraindik ere Zerbitzu Sozialak?
Garbi dago oraindik erakundeak lideratzen dituzten agintariek Zerbitzu sozialak ulertzerako orduan izaera asistentzial gisa, pobreentzat, jende marginalarentzat diren zerbitzu bezala ulertzen dituztela eta ez, nahiz eta legedian jaso eskubide subjetibo eta unibertsal gisa. Gustatu edo ez, garbi dago mentalitate aldaketa, kultur aldaketa oraindik ere transizio fasean dagoela eta hori egunerokotasunean nabarmena dela. Eta sostengaritasunarekin, iraunkortasunarekin jarraituaz, soilik sostengarritasun ekonomikoaz jardun behar al dugu? Hau da, non geratzen da iraunkortasun, sostengarritasun soziala?
Gure ustez iraunkortasuna zentzu oso zabalean ulertu behar da, eta ezin duguna da faktore ekonomikoa pertsonen gainetik jarri. Hor ikusten da, momentu honetan zerbitzu sozialen ulertzea, kudeaketa, sarea garatzerako orduan ikuspegi merkantilista gailentzen dela, eta poliki poliki negozio bilakatzen ari direla, ez esatearren dagoeneko negozio direla, ikustea besterik ez dago dagoeneko zenbat enpresa barneratu diren administraziotik diseinatutako sarean, administraziotik kontzienteki edo eta ez hain kontzienteki zerbitzuak garatzerako orduan, zerbitzuak kontrolatzeko edo eta kudeatzeko sortu den ereduarekin. Eta azkenean honek, gustatu edo ez, ematen ari den eztabaida Gipuzkoan baldintzatzen dihardu, interes orokorretik haratago interes partikularrak sartu direlako tartean. Beraz, faktore garrantzitsua begi bistan izan behar duguna, nahi ta ez, eztabaida zintzo eta ireki bat planteatzerako orduan, zerbitzu sozialen etorkizunari eta finantziazioari buruz ari garenean.
Ez gara, ameslariak eta badakigu faktore ekonomikoa kontutan hartu beharreko ardatz nagusietariko bat izan behar dela. Baina gure ustez, zalantzarik gabe zerbitzu sozialen ardatz, muina PERTSONA izan behar da.
Pertsona bere osotasunean hartuta, era integral batean, eta ez gara ari soilik zerbitzu hartzaileaz, baita, zaintzailea, zentroan egon daitezkeen garbitzaileetaz, sukaldariaz, familiarrez…Sarea osa dezaketen familia handiaz. Goazen hitz egitera pertsonen sostengarritasunaz edota duintasunaz. Hau da, zerbitzu hartzaileek merezi duten kalitatezko zerbitzua jasotzeaz, sektoreko langileek duintasunezko soldatak izateaz, lan baldintza duinetan lan egitea eta abar. Ziur gaude giza faktorean inbertitzeak eragin onuragarria izango duela ekonomian bere orokortasunean. Zeren konturatu bazarete, zerbitzu sozialetaz hitz egiten dugunean gastuaz hitz egiten dugu. Zergatik ez hitz egin inbertsioaz. Pertsonen ongizatean inbertitzeaz. Honekin adierazi nahi duguna da, terminoak modu batean edo bestean ez ditugula kasualitatez erabiltzen, eta termino horiek ondo adierazten dutela, gure pentsaera.
Guretzat beraz, zerbitzu sozialak ez dira soilik gastu bezala ikusi behar. Azken finean inbertsio soziala dira, enplegua sortzen duena, ogasunentzat diru bilketa sustatzen duena, ekonomiaren sektore desberdinak sustatzen dituena: eraikuntza, elektrodomestikoaren fabrikak, zainketako lanpostuak…
Garbi dago gastua direla, administrazioko beste edozein jarduera bezala,baina ikus daiteke beste jarduera batzuetan gertatzen den antzera, lehentasun kontua da eta beraz, zerbitzu sozialen sistemaren sostengarritasuna erabaki politikoen menpe dago, adibidez gaur egun Gipuzkoak ditu 500milioi euroko zorra autopisten eraikuntzari aurre egiteko, zergatik ez dago zorrik gizarte babesean inbertitzeko?
Egia da administrazio publikoak zutabe sendoak izan behar dituela inbertsioak burutzeko, proiektuak garatzeko, zerbitzu desberdinak diseinatzeko, eta zalantzarik horretarako instrumentu ezinbestekoa, funtsezkoa fiskalitatea da, zerga politika zuzen bat ezartzea. Praktikan jartzen den zerga politikak lotura zuzena duelako praktikara eramaten diren zerbitzu sozialen ereduarekin eta berauk kudeatzeko ezartzen diren ereduekin.
Beraz, zer dago lehenago fiskalitatearen eredua edo zerbitzu sozialen eredua. Erderaz esaten den bezala “el huevo o la gallina”?
Egia esan, zerbitzu sozialak etorkizuneko erronka dira. Eta benetan, zintzotasunez gure herritarrei kalitatzeko zerbitzuak eskaini nahi baldin badizkiogu, sinistuta eskubide subjetibo eta unibertsala dela, gure apustua izango litzateke krisiak ematen digun aukera aprobetxatzea ongizate estatua indartzeko, errora joatea eta berregituraketarekin egitea, ondorengo norabidean:
1.-Fiskalitatea errotik aldatu. Errekurtso gehiago izateko eta gizarte zerbitzuak indartzeko. Gehien dutenek eta irabazten dutenek gehiago tributatu dezaten eta zerga zama gehiena soilik eror ez dadin soldatapekoen gainean.
2.-Sistemaren sinplifikazioa, optimizazioa, eraginkortasunean irabazteko.Zerbitzu Publikoen pribatizazioa etetea, kontratazio baldintzetan irizpide sozialak ezarriz. Askotan horrek sortzen duen kateak konplikatzen baitu. Adibide bat jartzearren adingabeen arreta.(Eusko Jaurlaritzak irizpide sozialak kontratuetan sartzeko dekretoa onartu zuen 6/2008. Ekainak 2koa).
3.-Errekurtsoen optimizazioa.
4.-Zerbitzu publikoak zuzenean administrazioak kudeatzea, horrek sinplifikazioan sakontzen lagunduko luke eta errekurtsoen optimizazioan.


servicios sociales