Belar Metatik Lilatoira
Ostiralean, Aretxabaletako gure Felisen gonbidapenari kasu eginez, Mirari eta Idoia Elexpururen (Aretxabaletan gure zerrendetan joandako laguna) Belar Meta denda berriaren inaugurazioan egon nintzen, edozein aitzakia ona baita Atxabaltara hurbiltzeko.
Giro aparta, denda jendez gainezka, arropa politak, jateko eta edateko soberan, musika eta gure atxabaltako aralarkideak pozez zoratzen izandako emaitzengatik igandean, bereziki Joxe Angel. Talde bikaina eta jende bikaina atxabaltan daukaguna, nahiz eta azkenaldian egurra jasotzen besterik ez diharduten alde guztietatik. Han zeuden ere, nire gaztetako futbol taldeko kideak, beraien artean gure atxabaltarrei egurra ematen diharduen EAko zinegotzia, baita ikaskideak ere.
Aspaldiko lagun asko ikusteko parada Belar Meta dendaren inaugurazioak eskaini zidana. Mila esker Felis protokolo arduradun txit gorenari. Atxabaltako Belar Metatik Elgetako Udalaren eta Herri Eskolaren artean antolatzen dugun II. Aste Berdera jauzi egin genuen. Aupa Elakarlana! Ba halaxe, larunbat arratsaldean ur jolasak antolatu behar izan genituen umeentzat. Aurreko urtean ura izan genuen jolasen ardatz, baina oraingoan, ze kontxo! Bururatu zitzaigun urarekin zer ikusia, baina ura ez den elementuekin jolasak egitea, izan ere aurten nahikoa ur baitaukagu gure inguruan, hezurretaraino sartuta.
Eta toaila aukeratu genuen. Ba ez dakizue zeinen ondo pasa genuen toailekin jolasten, eta zenbat jolas egin daitezkeen toaila sinple batekin, umeak pozik eta gurasoak zer esanik ez. Ez dago gauza hobeagorik jolasaldiaren bukaeran gurasoen esker ona jasotzea baino.
Eta aste bukaera bukatzeko igande goizean Batzar Nagusietako talde desberdinetako emakumeok Lilatoia egitera hurbildu ginen Donostiara. Giro aparta aurkitu nuena, baita gure Batzar Nagusietako familian ere, barre galantak egin genituen geure buruen kontura; han ibili ginen aralarrekoak, Ezker Batukoa, PSE-EEko hainbat batzarkide, Idoia legelaria, Gerardo gure informatikoa argazkilari lanetan…Han aurkitu nituen ere, Irteeran, Jokin, gure furgoneteroa Lorearen gorabeheren zain, Miren Oñatiko zinegotzia, Helmugan Andoni bere familiarekin, Miren itzultzailea bere ilobarekin…
Bukaeran Batzar Nagusietako kideontzat lehendakariak domina eta denok poz pozik trago bat hartzera joan giñan. Azken fiñean hori da normalkuntza politikoa edo eta hori izan beharko litzateke normalkuntza politikoa, hasi harreman pertsonaletatik eta politikoan bukatuz. Ah! eta hemendik Behobiara, Batzar Nagusietako lehendakariarekin egin dut plana, dagoeneko entrenatzen hasiko gera, eta Elgetako arkitektuari kasu eginez, baietz hobetu gure parlamentari eta alkate, Oxelen marka!

