Kultura bai, baina zementuarena
Kultura eta Euskara departamentuak, Foru Departamentuak, 2010erako aurkeztu dituen aurrekontuak ez dira ametitzekoak. Krisiaren aitzakipean betikoak beti galtzaile. Ez da onartzekoa krisi ekonomikoaren aitzakian departamentu horretako aurrekontuetan egon den beherakada. Departamentu guztien artean galerarik handiena izan du, eta diferentziarekin, 7 puntuko aldea ateratzen dio hurrengoari. Gainera euskarak bizi duen momentua ez denean goxoenetakoa. 2009ko aurrekontuekiko %24,12 galdu du.
Beherakada horrek arriskuan jartzen du kultur eragileen eta euskalgintzaren jarduna eta, aldi berean, enplegua; propioa zein eragindakoa. Aldundiaren Ogasunak ere nabarituko du jardueraren murrizte hori. Batzuei ahoa betetzen zaie euskarari buruzko hitz goxoekin, baina ekintzetara pasatzeko ordua iristen denean, hitzak haizeak eramaten ditu eta eskua poltsikotik atera ezinik geratzen dira. Azken finean, lehentasun kontua da; borondate politiko kontua.
Euskararen aurrekontuak xehetasun handiagoarekin aztertzera sartzen bagara, ikusten dugu gure herrialdearen jardun kulturalean eta ekonomikoan pisu handia dutenei ekarpena murriztu egiten zaiela: Eusko Ikaskuntza (%40), Euskaltzaindia (%20), UZEI (%40), UEU (%50). Beste batzuek oso-osorik galdu dute diru-laguntza, esaterako Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak, Bertsolaritzak. Mintzola Fundazioa eta Badihardugu euskara taldea, ahotsak proiektua medio, dira onik atera diren bakarrak. Ekimen horiek bultzatu eta babestu beharrekoak dira, baina ez beste batzuen kaltean.
Halaber, Gipuzkoa euskarazko kultur produkzioan edo euskararen sustapenean dabiltzan agenteek ere baliabide gutxiago izango dute. Ekimen eta ekintza gutxiago egin ahal izango dituzte; ondorioz enplegua galduko dela aurreikus daiteke, sektoreak beste sektore batzuengan eragiten duen onura gutxiagotuko dela esan daiteke eta, finean, zerga gutxiago bilduko dituela aldundiak sektoretik. Izan ere, lanpostuak soilik ez dira sortzen errepideak eta makroazpiegiturak egiten. Ekonomia ez du porlanaren kulturak soilik sustatzen.
Esan, baita ere, administrazio publikoek diru gutxiago izango dutela euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Diputazioak diru gutxiago baliatuko du ALET programan esaterako edo Gipuzkoako udalei aholkularitza zerbitzuak emateko edo udaletan euskara sustatzeko. Eta gainera, Gipuzkoako herri euskaldun txikiei ezinbestekoa den aholkularitza zerbitzuak bikain ematen ari den UEMA mankomunitateari %40 murriztu zaio diru laguntza.
Horrelako panorama ikusita, egia esan, GFAko Kultura eta Euskarako diputatua izango banintz, ez dut uste Gipuzkoa plazako jauregian jarraituko nukeenik. Etxera joango nintzateke, seguru nago, baina ni ez naiz Euskarako Kultura Diputatu anderea.
Gipuzkoan garbi geratu da beste behin, kultura bakarra dagoela: zementuarena. Eta beraientzat kultura gastua dela eta ez inbertsioa. Zementua, ordea, hori bai inbertsioa!

