Zaborren kudeaketa. Ereduak, egon badaude
Hainbat urte eman ditugu Gipuzkoan zaborrak kudeatzeko ereduaren gainean eztabaidan. Askorentzat gehiegi, eta euren ustez horrek eragin omen du irtenbidea atzeratzea eta ondorioz izan ditugun hainbat arazo, esaterako zabortegiak gainezka egotea eta berauen itxiera atzeratzea. Baina gure ustez, nahiz eta eztabaidan urteetan aritu, eztabaida kanpora begirakoa izan da, aspaldidanik dena erabakia baitzegoen, baita zein enpresak eramango duen kudeaketa ere, eta egia esan indar korrelazioak ere ondorio horretara eramaten gintuen.
Erakundeetan, zaborren kudeaketa bat edo beste ezartzeko eskumena zutenetan, zaborren kudeaketa desberdinak aztertu eta hori gauzatuko lukeen eztabaida politikoa bideratu beharrean, dena aurrez planifikatua eta bideratua zegoen, eta bidean egon diren arazoak eta betebeharrak gauzatzen joan beharrean dena uzten, uzten joan da, errua betikoei leporatuz, benetako eztabaida eskatzen zutenei. Denok dagoeneko ondo ikasia dugu esaldiren bat edo beste: “Gipuzkoan proiektuak gauzatu beharrean, bukaera gabeko eztabaidetan murgiltzen gara eta ondorioz beste lurraldeekiko atzeratuta, estankatuak geratzen gara”. Ondorioz, 2006ko uztaila pasa eta ondoren ere zaborrak tratatu gabe isuritzen jarraitu izan da, San Markoseko zabortegiak irekita jarraitzen du, nahiz eta esan dagoeneko itxita dagoela, lixibiatu plantak erdiz purdiko funtzionamenduarekin, Hondakinen legerik gabe, zaborren gutxitzea eta birziklapena hala moduz bideratuta…En fin makina bat kontu oraindik orain ere berde – berde.
Baina hori bai, batzuen pelikula bikain salduta gizarteari: zabortegiak ala errausketa planta. Denok dakigunean zabortegiak modu batekoak ala bestekoak hor jarraituko dutela, zaborren kudeaketako azkenean. Egia da, zabortegi batzuetatik bestera izugarrizko jauzia dagoela. Eta zabortegiak aipatzen dihardugunez, oraindik ez digute azaldu zabor arriskutsuak isuritzeko zabortegia non joango den. Zeren Itxierako fasea den errausketa plantatik azken gerakin gisa eskoriak eta errautsak geratuko dira, kutsadura maila altuarekin, aurretik metalak ez baitira bereiztuak izan. Baina bueno, beraien eredua, azken aste hauetan argitzen joan da, inoiz baino argiago utziz orain dela ez asko sortutako Hondakinen Konsortzioko estatutuen aldaketarekin zeintzuk diren beraien oinarriak: udal eta mankomunitateak eskumenetaz hustu, errausketa planta ardatz duen eta ekonomikoki bideragarria ez den kudeaketa bideragarri bihurtu nahi, urteetarako mankomunitateak eta udalak hipotekatuz, eta ondorioz beste proiektu batzuk kolokan jarriz. Ingurumen baldintzei dagokionean ere bideragarri izateko izugarrizko kostea duten filtroak jarri behar zaizkio errausketa plantari, eta noski horien funtzionamendua ere, hau da kutsadura maila handiagoa edo txikiagoa izatea kudeatzen duen enpresaren esku geratzen da. Hori da errealitate gordina, oraindik orain ere kutsadura mailaren kontrol zorrotzik ez delako eramaten gure erakundeetatik, eta sarriegi diruarekin konpontzen delako isurketetan sortutako kalteak. Baina pertsonen osasunean sortutako kalteak aldiz, diruak ezin konpondu. Mila adibide, mila kontu aipatu daitezkeenak. Eta egia da errezeta magikorik ez dagoela eta kudeaketa gztiek dituztela beraien alde onak eta alde txarrak. Baina azkenean zer, ba Gipuzkoan eraikiko dela Europako azken errausketa planta.
Egon badaude beste eredu batzuk ere zaborrei kudeaketa integral bat emateko, hasi zaborren gutxitzean, jarraitu birziklapenean sakonduz eta bukaera fasean, itxierarako beste azpiegitura mota batzuk erabiliz, azken gerakinak arriskutsuak izango ez lituzkeenak, aurretik metalak kenduz. Esaterako zergatik ez gasifikazioa? Aurretik tratamendu termiko mekanikoa ezarriz zaborrak gehiago bereizteko (geiser box bezala ezagunagoa), metalak kentzeko eta homogeneizatzeko. Gasifikazio plantan galdutako beroa bidera genezake energia beharra asetzeko.
Egia da zenbait lekutan badagoela oraindik halako mesfidantza bat gasifikazioaren inguruan, batik bat ingalaterran. Hori zeragatik da: errausketa teknologi hornitzaile askok (Compact Power, Lurgi, ...), beren errausketa prozesuak zertxobait aldatu, eta gasifikazioa deitu izan diote, naiz eta errausketa kamuflatu bat izaten jarraitu.
Argi dago ordea oso prozesu ezberdinak direla funtsean, eta hala onartua dago. Errausketan, konbustioa gertatzen da, aire askoren presentzian. Gasifikazioan, ez dago konbustiorik, airerik ez dagoelako. Oinarrizko fenomenoak erabat ezberdinak dira. Dioxinak, furanoak, NOx ... ez dira sortzen, beraiek sortzeko baldintzarik ez dagoelako. Oxigenorik ez badago, ez dira sortzen
Benetako gasifikazio bat, eta errausketa kamuflatu bat bereiztea, erraza da: sortzen den gasa, distantzia batera dagoen motor baten erabil badaiteke, orduan gasifikazioa da. Sortzen den gasa, ia labean bertan erre behar bada, hori errausketa optimizatu bat da, batzuk gasifikazio deitzen diotena.
Errausketaren helburu energetikoa, beroa sortzea da, lurrin turbina batekin elektrizitatea egiteko (oso efizientzia baxua). Gasifikazioan berriz, helburua erregai gaseoso bat sortzea da. Gero gas hori, normalean elektrizitatea sortzeko erabiltzen da gaur egun (errausketa baino bastante efizienteagoa da), baina erabil daiteke ere gas sarean sartzeko edo erregai likidoak sintetizatzeko (etorkizun hurbila), erregai fosil ordezkapen baliokide askoz altuagoa lortuz.
Gainera, eskala txikiagoan errausketa planta baino bideragarriagoa da, beraz makroazpiegiturak ekidinez eta hurbiltasun printzipioa errespetatuz.
Beraz, errezeta magikorik ez, baina egon badaude hainbat eredu zaborren kudeaketarako.

