Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ezkerrekoa eta abertzalea

Atalak
Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Blogak Rebeka Ubera 2009 Ekaina 19 Oriaz mendebaldera

Oriaz mendebaldera

Duela egun batzuk Gipuzkoa Aurrera deituriko foroak gure lurraldearen etorkizunerako estrategikotzat jotzen dituen proiektuen berri eman zuen. Arretaz aztertu ditugu. Gauza asko esan litezke bai aukeraketari berari buruz, baita foroaren izaera lerratuari eta mugatuari buruz edota zilegitasunari buruz ere. Dena dela, hona alor zehatz bati buruzko gogoeta ekarri nahi dugu, hain zuzen ere, Gipuzkoak behar duen trenbide-sareari buruzkoa.

Trenbide-sare horri dagokio proiektuetako bat. Topoa Donostialdeko metroa bihurtzea da helburuetako bat eta birmoldaketa horren barnean linea Hondarribiaraino luzatzea koka liteke. Ez deritzogu gaizki egitasmo horri, trenaren aldeko sutsuak baikara. Oso egokia iruditzen zaigu tren-azpiegiturak hobetzea eta zentzu horretan ongi etorria izan daitezela topoaren trenbidearen bikoizketa, Intxaurrondoko geltoki berria eta enparauak. Alabaina, Gipuzkoa Aurrera foroaren trenbide-ekimena horretara soilik mugatzen da; euskal Yari babesa emateaz landara, jakina. Ahaztu egiten ditu Gipuzkoako gainerako eskualdeak eta bereziki Urola-Kosta eta Deba arroa. Deba Goienak aspaldi galdu zuen trena, Vasco-Navarro izenekoa itxi zenean; orain 20 urte itxi zuten Urolakoa. Kostaldeko trena bestetik abandonatutako trenbidea. Apenas egin da azpiegitura inbertsiorik. Egin diren inbertsioak mantentze-mailakoak izan dira: trena abian iraunaraztekoak eta segurtasun- eta seinalizazio-sistemak eguneratzekoak. Ez da inbertsiorik egin trenbidea hobetzeko, ibilbidea modernizatzeko, trena azkarrago eta maizago joan ahal izateko eta, laburtuz, Kostaldeko trena garraiobide moderno bihurtzeko eta errepideko garraioarekin denboran lehiakorra izateko. Gonbit egiten diogu irakurleari treni hori hartzera, ikus dezan ez garela exageratzen ari. XXI. mendearen hasiera honetan ez da onartzekoa, esaterako, Elgoibar eta Donostia artean dauden 50 km-ak egiteko ordu eta laurden behar izatea trenak, errepidez 35 minututan behar direnean autobusez. Ez da ulertzekoa trenaren maiztasuna ez handitzea ordu puntetan jendeak Zumaitik Donostiara (45 minutu) zutik joan behar duenean ia egunero eta bestelako orduetan Zarauztik edo Oriotik aurrera hori bera gertatzen denean sarritan.

Era berean, mahaiaren gainean egon dauden eta etorkizun argirik ez duten beste bi trenbide proiekturi buruz ere hitz erdirik ez. Deba Goienako tranbia da horietako bat. Hauts asko harrotu ditu. Aurreproiektuak ere badira. Abiatu ezinik dago, itxura batean. Proiektuari ondo etorriko litzaioke bultzadizoa. Gipuzkoa Aurrerak ez dio eman behintzat. Urolako trenbidea berreskuratzea merkantziak garraiatzeko hizpide ere izan da. Aipurik ere ez.

Ez da ulertzekoa egoera. Ba, Gipuzkoa Aurrera forokoak ez dira egoera horretaz ohartu, nahiz eta Mugikortasuneko Foru Diputatua Zumaian bizi den. Oriaren mendebaldean ere, bada Gipuzkoa.

Aralarrekook garbi dugu trenbide-sarea berritu, indartu, modernizatu eta zabaldu behar dela. Trenbide-sarea herritarren eguneroko higikortasun-beharren zerbitzura jarri behar da: herriak eta herritarrak hurbildu behar ditu. Helburu garbiak jarri behar dizkiogu gure buruari; 2020rako trena ohizko garraiobide moduan usatzen duten gipuzkoarren kopurua % 20 haztea eta errepidez garraiatzen den merkantzia-kantitatea % 20 gutxiagotuz..

Horretarako lanari gogor ekin behar zaio. Batetik, Gipuzkoak eta EAEk Europarekin eta Iberiar penintsularekin tren-lotura modernoa eta eraginkorra behar dute; euskal Ya ez da hori. Bigarrenik, egungo sarea berritu eta modernizatu behar da eta horretan, Urola-Kostak eta Deba Arroak dute lehentasuna; Topoa eta RENFEren trenbidea ahaztu barik. Hirugarrenik, trenbide berriak egin behar dira: Urolakoa berreskuratu, Deba Goieneko tranbia (Arabarako tren-irteera berreskuratzea ahaztu gabe), Beasain-Altsasua lotura zuzena, etab. Laugarrenik, Lapurdirekin tren-lotura eraginkorra osatzea, Eurohiriaren trena antolatzea, topoa luzatuta edota RENFE-SNCFren azpiegitura baliatuz.

Trenbide-azpiegiturari dagokionez, hobe izango zatekeen Gipuzkoa Aurrerak atzera begiratu izan balu inspirazio bila, XX. mendearen hirugarren hamarkadara adibidez, egokiago asmatuko zukeen eta.

Dokumentuaren akzioak
Rebeka Ubera
image

Rebeka Ubera Aranzeta

Elgeta, 1972

1972an jaioa, Elgetan. Irakaslea da. Haur hezkuntza eta Heziketa fisiko ikasketak egin zituen, baita Psikomotrizista ikasketak ere. Gipuzkoako Batzar Nagusietan dihardu 2005etik hona, urte horretan Aintzane Ezenarrok Eusko Legebiltzarrera joateako utzitako aulkia hartu zuen. Azken hauteskundeetan, berriz, Urola-Kostako hautes-barrutiko zerrendaburua izan da. Batzar Nagusietako Emakumeen berdintasunerako batzorde burua da. Elgetako udaletxean zinegotzi da 2003tik.