Cambiar a contenido. | Saltar a navegación

Ezkerrekoa eta abertzalea

Secciones
Herramientas Personales
Usted está aquí: Inicio Blogs Rebeka Ubera

26/05/2010

Krisiak eta krisiak

Garaiak eta garaiak omen daude, urteak eta urteak. Batzuk lasaiagoak eta beste batzuk mugituagoak. Badirudi, azken urteak mugituak ditugula. Mugituak zentzu zabalenean: gatazkak, krisiak non nahi. Krisi ekonomikoan omen gaude. Eta krisi sozialean? Gizakia ez al dago krisian? Ba al dakigu zer nahi dugun, norantza goazen?

 

Umeengatik esaten dugu, eta noski, gurasoengatik. Ez ditugula ondo hezten, dena ematen diegula, ez dutela fustrazioa ezagutzen. Gauza guztiak berehala eta bat-batean nahi dituztela: ia! Baina nik esango nuke ez dela umeen kontua bakarrik. Ikustea besterik ez dago, supermerkatuan, toki desberdinetako iladetan eta beste hainbat tokitan zein den helduen jokabidea: bat-batean, berehala bakoitzak berea nahi du: ia! Beste guztien gainetik, itxaron gabe, presaka. Dena nahi dugu niretzat eta ez guretzat. Norbera bere mikromunduan murgildua, tik-tak, tik-tak denboraren zurrunbiloan korrika, itsu. Zer gertatzen ari zaigu? Stop. Gelditu, hartu distantzia eta so egin. Baina horretara ausartzen direnak gizartetik at. Baina zoriontsu! Bagoaz, lehen, orain, gero, bihar. Nork esan du krisia?

 

Krisiak eta krisiak omen daude ere, baina krisi guztietan betikoak irabazle eta betikoak galtzaile. Zergatik ote? Ahulena beti galtzaile. Tik – tak, tik – tak nor gogoratzen da ahulenekin, galtzaileekin…Krisiak aurrera dirau, gizakiak aurrera dirau. Presaka, aberatsei zergak ez igotzeko aitzaki merkeak asmatuz eta hitz mozorrotuak erabiliaz, orain modan jarri da: “zergen igoera” hemen ez dugu beharrezkoa, nola ba…jarrai dezagun ahulena zapaltzen.

 

Eta zer dio ahulenak? Ba al dauka erloju eroaren zurrunbilotik atera eta momentu bat besterik ez bada ere, entzuteko zer dioten, zer gertatzen den… presaka denborak lapurtzen dion tartetxo apurra harrapatu nahian dabilenean, “ni” “ni” aldarrikatzen dutenen zangopetik atera ezinean dagoenean…

 

Zer gara, zer ginen eta zer izango gara?

06/05/2010

Giza faktorea

Edozein taldetan, kutur taldea izan, enpresa izan, zein alderdi polítiko bat izan. Azkenean talde hori baldintzatzen duena gauza guztien gainetik Giza Faktorea da. Talde hori osatzen duten pertsonen perfilek, ezaugarriek, izaerek: zorrotzak, malguak, besteei entzuteko prest dauden, amore emateko gaitasuna…Beraien arteko feelingak ere zer ikusi handia izango du. Noski beraien artekoa eta topo egiten joango diren taldetik kanpo egongo diren beste eragile batzuekin izango dutena.

 

Azkenean hori izango da taldearen ibilbidea, ideiak… baldintzatuko dituena. Zeren bertan orotariko pertsonak egon daitezkelako: batzuk ibilbide pertsonala lehenesten dutenak, beste batzuk taldearen kohesioa lehenesten dutenak, adostasunak bilatuko dituztenak, sua etengabe piztuko dutenak… gizartearen isla.

 

Giza faktorea: politikariak ere ez dira estralurtarrak, gizarteko parte dira, isla dira, pertsonak dira, bakoitza bere ezaugarri on eta txarrekin.

 

Modan dago, bai politikan jarduten dutenen aldetik eta bai politikan jarduten ez duten herritarrengandik entzutea: politikariak ez dira gai adostasunetara iristeko, herritarrengandik urrun daude, abar eta abar. Nire galdera da: familietan zer gertatzen da? Atarietan bizilagunen artean ze gertatzen da? Zenbat eztabaidatzen dute? Adostasunetara iristen al dira?

 

Ba Politikan jarduten dutenak ere pertsonak dira, bakoitza bere sektoreko gizartearen isla. Eta eztabaidatzea garrantzitsua da, ez da txarra, zergatik bizi da hain gaizki hain naturala den gauza bat, hau da EZTABAIDATZEA. Agian ez gaituzte hezi eztabaidatzeko; minik sortu edo jasan gabe, maila pertsonalera eraman gabe. Gora eztabaida!

 

Eta bukatzeko hausnarketa bat: politikariak ez al dira, nahiz eta eztabaidatu sutsuki, beste edozein tokitan edo taldetan baino adostasun gehiagotara iristen?

18/12/2009

Kultura bai, baina zementuarena

Kultura eta Euskara departamentuak, Foru Departamentuak, 2010erako aurkeztu dituen aurrekontuak ez dira ametitzekoak. Krisiaren aitzakipean betikoak beti galtzaile. Ez da onartzekoa krisi ekonomikoaren aitzakian departamentu horretako aurrekontuetan egon den beherakada. Departamentu guztien artean galerarik handiena izan du, eta diferentziarekin, 7 puntuko aldea ateratzen dio hurrengoari. Gainera euskarak bizi duen momentua ez denean goxoenetakoa. 2009ko aurrekontuekiko %24,12 galdu du.

Beherakada horrek arriskuan jartzen du kultur eragileen eta euskalgintzaren  jarduna eta, aldi berean, enplegua; propioa zein eragindakoa. Aldundiaren Ogasunak ere nabarituko du jardueraren murrizte hori. Batzuei ahoa betetzen zaie euskarari buruzko hitz goxoekin, baina ekintzetara pasatzeko ordua iristen denean, hitzak haizeak eramaten ditu eta eskua poltsikotik atera ezinik geratzen dira. Azken finean, lehentasun kontua da;  borondate politiko kontua.

 

Euskararen aurrekontuak xehetasun handiagoarekin aztertzera sartzen bagara, ikusten dugu gure herrialdearen jardun kulturalean eta ekonomikoan pisu handia dutenei ekarpena murriztu egiten zaiela: Eusko Ikaskuntza (%40), Euskaltzaindia (%20), UZEI (%40), UEU (%50). Beste batzuek oso-osorik galdu dute diru-laguntza, esaterako Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak, Bertsolaritzak. Mintzola Fundazioa eta Badihardugu euskara taldea, ahotsak proiektua medio, dira onik atera diren bakarrak. Ekimen horiek bultzatu eta babestu beharrekoak dira, baina ez beste batzuen kaltean.

 

Halaber, Gipuzkoa euskarazko kultur produkzioan edo euskararen sustapenean dabiltzan agenteek ere baliabide gutxiago izango dute. Ekimen eta ekintza gutxiago egin ahal izango dituzte; ondorioz enplegua galduko dela aurreikus daiteke, sektoreak beste sektore batzuengan eragiten duen onura gutxiagotuko dela esan daiteke eta, finean, zerga gutxiago bilduko dituela aldundiak sektoretik. Izan ere, lanpostuak soilik ez dira sortzen errepideak eta makroazpiegiturak egiten. Ekonomia ez du porlanaren kulturak soilik sustatzen.

 

Esan, baita ere, administrazio publikoek diru gutxiago izango dutela euskararen normalizazioan aurrera egiteko. Diputazioak diru gutxiago baliatuko du ALET programan esaterako edo Gipuzkoako udalei aholkularitza zerbitzuak emateko edo udaletan euskara sustatzeko. Eta gainera, Gipuzkoako herri euskaldun txikiei ezinbestekoa den aholkularitza zerbitzuak bikain ematen ari den UEMA mankomunitateari %40 murriztu zaio diru laguntza.

 

Horrelako panorama ikusita, egia esan, GFAko Kultura eta Euskarako diputatua izango banintz, ez dut uste Gipuzkoa plazako jauregian jarraituko nukeenik. Etxera joango nintzateke, seguru nago, baina ni ez naiz Euskarako Kultura Diputatu anderea.

 

Gipuzkoan garbi geratu da beste behin, kultura bakarra dagoela: zementuarena. Eta beraientzat kultura gastua dela eta ez inbertsioa. Zementua, ordea, hori bai inbertsioa!

17/09/2009

Gizarte zerbitzuak: gastua ala inbertsioa?

Zerbitzu Sozialen ereduaren Iraunkortasunari buruz hitz egiteko orduan, bitxia da Zerbitzu Sozialen iraunkortasuna kolokan jartzen dela administrazio publikotik, noski iraunkortasun ekonomikoa. Kuriosoa, jartzen al da kolokan esaterako errepideen etengabeko eraikuntzaren sostengarritasuna? Eta ondo deritzogu kolokan jartzeari eta eztabaida zabaltzeari, baina hor ez al da ikusten nola ulertzen ditugun oraindik ere Zerbitzu Sozialak?

Garbi dago oraindik erakundeak lideratzen dituzten agintariek Zerbitzu sozialak ulertzerako orduan izaera asistentzial gisa, pobreentzat, jende marginalarentzat diren zerbitzu bezala ulertzen dituztela eta ez, nahiz eta legedian jaso eskubide subjetibo eta unibertsal gisa. Gustatu edo ez, garbi dago mentalitate aldaketa, kultur aldaketa oraindik ere transizio fasean dagoela eta hori egunerokotasunean nabarmena dela. Eta sostengaritasunarekin, iraunkortasunarekin jarraituaz, soilik sostengarritasun ekonomikoaz jardun behar al dugu? Hau da, non geratzen da iraunkortasun, sostengarritasun soziala?

Gure ustez iraunkortasuna zentzu oso zabalean ulertu behar da, eta ezin duguna da faktore ekonomikoa pertsonen  gainetik jarri. Hor ikusten da, momentu honetan zerbitzu sozialen ulertzea, kudeaketa, sarea garatzerako orduan ikuspegi merkantilista gailentzen dela, eta poliki poliki negozio bilakatzen ari direla, ez esatearren dagoeneko negozio direla, ikustea besterik ez dago dagoeneko zenbat enpresa barneratu diren administraziotik diseinatutako sarean, administraziotik kontzienteki edo eta ez hain kontzienteki zerbitzuak garatzerako orduan, zerbitzuak kontrolatzeko edo eta kudeatzeko sortu den ereduarekin. Eta azkenean honek, gustatu edo ez, ematen ari den eztabaida Gipuzkoan baldintzatzen dihardu, interes orokorretik haratago interes partikularrak sartu direlako tartean. Beraz, faktore garrantzitsua begi bistan izan behar duguna, nahi ta ez, eztabaida zintzo eta ireki bat planteatzerako orduan, zerbitzu sozialen etorkizunari eta finantziazioari buruz ari garenean.  

Ez gara, ameslariak eta badakigu faktore ekonomikoa kontutan hartu beharreko ardatz nagusietariko bat izan behar dela. Baina gure ustez, zalantzarik gabe zerbitzu sozialen ardatz, muina PERTSONA izan behar da.

Pertsona bere osotasunean hartuta, era integral batean, eta ez gara ari soilik zerbitzu hartzaileaz, baita, zaintzailea, zentroan egon daitezkeen garbitzaileetaz, sukaldariaz, familiarrez…Sarea osa dezaketen familia handiaz. Goazen hitz egitera pertsonen sostengarritasunaz edota duintasunaz.  Hau da, zerbitzu hartzaileek merezi duten kalitatezko zerbitzua jasotzeaz, sektoreko langileek duintasunezko soldatak izateaz, lan baldintza duinetan lan egitea eta abar. Ziur gaude giza faktorean inbertitzeak eragin onuragarria izango duela ekonomian bere orokortasunean. Zeren konturatu bazarete, zerbitzu sozialetaz hitz egiten dugunean gastuaz hitz egiten dugu. Zergatik ez hitz egin inbertsioaz. Pertsonen ongizatean inbertitzeaz. Honekin adierazi nahi duguna da, terminoak modu batean edo bestean ez ditugula kasualitatez erabiltzen, eta termino horiek ondo adierazten dutela, gure pentsaera.

Guretzat beraz, zerbitzu sozialak ez dira soilik gastu bezala ikusi behar. Azken finean inbertsio soziala dira, enplegua sortzen duena, ogasunentzat diru bilketa sustatzen duena, ekonomiaren sektore desberdinak sustatzen dituena: eraikuntza, elektrodomestikoaren fabrikak, zainketako lanpostuak…

Garbi dago gastua direla, administrazioko beste edozein jarduera  bezala,baina ikus daiteke beste jarduera batzuetan gertatzen den antzera, lehentasun kontua da eta beraz, zerbitzu sozialen sistemaren sostengarritasuna erabaki politikoen menpe dago, adibidez gaur egun Gipuzkoak ditu 500milioi euroko zorra autopisten eraikuntzari aurre egiteko, zergatik ez dago zorrik gizarte babesean inbertitzeko?

Egia da  administrazio publikoak zutabe sendoak izan behar dituela inbertsioak burutzeko, proiektuak garatzeko, zerbitzu desberdinak diseinatzeko, eta zalantzarik horretarako instrumentu ezinbestekoa, funtsezkoa fiskalitatea da, zerga politika zuzen bat ezartzea. Praktikan jartzen den zerga politikak lotura zuzena duelako praktikara eramaten diren zerbitzu sozialen ereduarekin eta berauk kudeatzeko ezartzen diren ereduekin.

Beraz, zer dago lehenago fiskalitatearen eredua edo zerbitzu sozialen  eredua. Erderaz esaten den bezala “el huevo o la gallina”?

Egia esan, zerbitzu sozialak etorkizuneko erronka dira. Eta benetan, zintzotasunez gure herritarrei kalitatzeko zerbitzuak eskaini nahi baldin badizkiogu, sinistuta eskubide subjetibo eta unibertsala dela, gure apustua izango litzateke krisiak ematen digun aukera aprobetxatzea ongizate estatua indartzeko, errora joatea eta berregituraketarekin egitea, ondorengo norabidean:

1.-Fiskalitatea errotik aldatu. Errekurtso gehiago izateko eta gizarte zerbitzuak indartzeko. Gehien dutenek eta irabazten dutenek gehiago tributatu dezaten eta zerga zama gehiena soilik eror ez dadin soldatapekoen gainean.

2.-Sistemaren sinplifikazioa, optimizazioa, eraginkortasunean irabazteko.Zerbitzu Publikoen pribatizazioa etetea, kontratazio baldintzetan irizpide sozialak ezarriz. Askotan horrek sortzen duen kateak konplikatzen baitu. Adibide bat jartzearren adingabeen arreta.(Eusko Jaurlaritzak irizpide sozialak kontratuetan sartzeko dekretoa onartu zuen 6/2008. Ekainak 2koa).

3.-Errekurtsoen optimizazioa.

4.-Zerbitzu publikoak zuzenean administrazioak kudeatzea, horrek sinplifikazioan sakontzen lagunduko luke eta errekurtsoen optimizazioan.

02/09/2009

Zaborren kudeaketa. Ereduak, egon badaude

Hainbat urte eman ditugu Gipuzkoan zaborrak kudeatzeko ereduaren gainean eztabaidan. Askorentzat gehiegi, eta euren ustez horrek eragin omen du irtenbidea atzeratzea eta ondorioz izan ditugun hainbat arazo, esaterako zabortegiak gainezka egotea eta berauen itxiera atzeratzea. Baina gure ustez, nahiz eta eztabaidan urteetan aritu, eztabaida kanpora begirakoa izan da, aspaldidanik dena erabakia baitzegoen, baita zein enpresak eramango duen kudeaketa ere, eta egia esan indar korrelazioak ere ondorio horretara eramaten gintuen.

Erakundeetan, zaborren kudeaketa bat edo beste ezartzeko eskumena zutenetan, zaborren kudeaketa desberdinak aztertu eta hori gauzatuko lukeen eztabaida politikoa bideratu beharrean, dena aurrez planifikatua eta bideratua zegoen, eta bidean egon diren arazoak eta betebeharrak gauzatzen joan beharrean dena uzten, uzten joan da, errua betikoei leporatuz, benetako eztabaida eskatzen zutenei. Denok dagoeneko ondo ikasia dugu esaldiren bat edo beste: “Gipuzkoan proiektuak gauzatu beharrean, bukaera gabeko eztabaidetan murgiltzen gara eta ondorioz beste lurraldeekiko atzeratuta, estankatuak geratzen gara”.  Ondorioz, 2006ko uztaila pasa eta ondoren ere zaborrak tratatu gabe isuritzen jarraitu izan da, San Markoseko zabortegiak irekita jarraitzen du, nahiz eta esan dagoeneko itxita dagoela, lixibiatu plantak erdiz purdiko funtzionamenduarekin, Hondakinen legerik gabe, zaborren gutxitzea eta birziklapena hala moduz bideratuta…En fin makina bat kontu oraindik orain ere berde – berde.

Baina hori bai, batzuen pelikula bikain salduta gizarteari: zabortegiak ala errausketa planta. Denok dakigunean zabortegiak modu batekoak ala bestekoak hor jarraituko dutela, zaborren kudeaketako azkenean. Egia da, zabortegi batzuetatik bestera izugarrizko jauzia dagoela. Eta zabortegiak aipatzen dihardugunez, oraindik ez digute azaldu zabor arriskutsuak isuritzeko zabortegia non joango den. Zeren Itxierako fasea den errausketa plantatik azken gerakin gisa eskoriak eta errautsak geratuko dira, kutsadura maila altuarekin, aurretik metalak ez baitira bereiztuak izan.  Baina bueno, beraien eredua, azken aste hauetan argitzen joan da, inoiz baino argiago utziz orain dela ez asko sortutako Hondakinen Konsortzioko estatutuen aldaketarekin zeintzuk diren beraien oinarriak: udal eta mankomunitateak eskumenetaz hustu, errausketa planta ardatz duen eta ekonomikoki bideragarria ez den kudeaketa bideragarri bihurtu nahi, urteetarako mankomunitateak eta udalak hipotekatuz, eta ondorioz beste proiektu batzuk kolokan jarriz. Ingurumen baldintzei dagokionean ere bideragarri izateko izugarrizko kostea duten filtroak jarri behar zaizkio errausketa plantari, eta noski horien funtzionamendua ere, hau da kutsadura maila handiagoa edo txikiagoa izatea kudeatzen duen enpresaren esku geratzen da. Hori da errealitate gordina, oraindik orain ere kutsadura mailaren kontrol zorrotzik ez delako eramaten gure erakundeetatik, eta sarriegi diruarekin konpontzen delako isurketetan sortutako kalteak. Baina pertsonen osasunean sortutako kalteak aldiz, diruak ezin konpondu. Mila adibide, mila kontu aipatu daitezkeenak. Eta egia da errezeta magikorik ez dagoela eta kudeaketa gztiek dituztela beraien alde onak eta alde txarrak. Baina azkenean zer, ba Gipuzkoan eraikiko dela Europako azken errausketa planta.

Egon badaude beste eredu batzuk ere zaborrei kudeaketa integral bat emateko, hasi zaborren gutxitzean, jarraitu birziklapenean sakonduz eta bukaera fasean, itxierarako beste azpiegitura mota batzuk erabiliz, azken gerakinak arriskutsuak izango ez lituzkeenak, aurretik metalak kenduz. Esaterako zergatik ez gasifikazioa? Aurretik tratamendu termiko mekanikoa ezarriz zaborrak gehiago bereizteko (geiser box bezala ezagunagoa), metalak kentzeko eta homogeneizatzeko. Gasifikazio plantan galdutako beroa bidera genezake energia beharra asetzeko.

Egia da zenbait lekutan badagoela oraindik halako mesfidantza bat gasifikazioaren inguruan, batik bat ingalaterran. Hori zeragatik da: errausketa teknologi hornitzaile askok (Compact Power, Lurgi, ...), beren errausketa prozesuak zertxobait aldatu, eta gasifikazioa deitu izan diote, naiz eta errausketa kamuflatu bat izaten jarraitu.
 
Argi dago ordea oso prozesu ezberdinak direla funtsean, eta hala onartua dago. Errausketan, konbustioa gertatzen da, aire askoren presentzian. Gasifikazioan, ez dago konbustiorik, airerik ez dagoelako. Oinarrizko fenomenoak erabat ezberdinak dira. Dioxinak, furanoak, NOx ... ez dira sortzen, beraiek sortzeko baldintzarik ez dagoelako. Oxigenorik ez badago, ez dira sortzen
 
Benetako gasifikazio bat, eta errausketa kamuflatu bat bereiztea, erraza da: sortzen den gasa, distantzia batera dagoen motor baten erabil badaiteke, orduan gasifikazioa da. Sortzen den gasa, ia labean bertan erre behar bada, hori errausketa optimizatu bat da, batzuk gasifikazio deitzen diotena.
 
Errausketaren helburu energetikoa, beroa sortzea da, lurrin turbina batekin elektrizitatea egiteko (oso efizientzia baxua). Gasifikazioan berriz, helburua erregai gaseoso bat sortzea da. Gero gas hori, normalean elektrizitatea sortzeko erabiltzen da gaur egun (errausketa baino bastante efizienteagoa da), baina erabil daiteke ere gas sarean sartzeko edo erregai likidoak sintetizatzeko (etorkizun hurbila),  erregai fosil ordezkapen baliokide askoz altuagoa lortuz.

Gainera, eskala txikiagoan errausketa planta baino bideragarriagoa da, beraz makroazpiegiturak ekidinez eta hurbiltasun printzipioa errespetatuz.

Beraz, errezeta magikorik ez, baina egon badaude hainbat eredu zaborren kudeaketarako.

19/06/2009

Oriaz mendebaldera

Duela egun batzuk Gipuzkoa Aurrera deituriko foroak gure lurraldearen etorkizunerako estrategikotzat jotzen dituen proiektuen berri eman zuen. Arretaz aztertu ditugu. Gauza asko esan litezke bai aukeraketari berari buruz, baita foroaren izaera lerratuari eta mugatuari buruz edota zilegitasunari buruz ere. Dena dela, hona alor zehatz bati buruzko gogoeta ekarri nahi dugu, hain zuzen ere, Gipuzkoak behar duen trenbide-sareari buruzkoa.

Trenbide-sare horri dagokio proiektuetako bat. Topoa Donostialdeko metroa bihurtzea da helburuetako bat eta birmoldaketa horren barnean linea Hondarribiaraino luzatzea koka liteke. Ez deritzogu gaizki egitasmo horri, trenaren aldeko sutsuak baikara. Oso egokia iruditzen zaigu tren-azpiegiturak hobetzea eta zentzu horretan ongi etorria izan daitezela topoaren trenbidearen bikoizketa, Intxaurrondoko geltoki berria eta enparauak. Alabaina, Gipuzkoa Aurrera foroaren trenbide-ekimena horretara soilik mugatzen da; euskal Yari babesa emateaz landara, jakina. Ahaztu egiten ditu Gipuzkoako gainerako eskualdeak eta bereziki Urola-Kosta eta Deba arroa. Deba Goienak aspaldi galdu zuen trena, Vasco-Navarro izenekoa itxi zenean; orain 20 urte itxi zuten Urolakoa. Kostaldeko trena bestetik abandonatutako trenbidea. Apenas egin da azpiegitura inbertsiorik. Egin diren inbertsioak mantentze-mailakoak izan dira: trena abian iraunaraztekoak eta segurtasun- eta seinalizazio-sistemak eguneratzekoak. Ez da inbertsiorik egin trenbidea hobetzeko, ibilbidea modernizatzeko, trena azkarrago eta maizago joan ahal izateko eta, laburtuz, Kostaldeko trena garraiobide moderno bihurtzeko eta errepideko garraioarekin denboran lehiakorra izateko. Gonbit egiten diogu irakurleari treni hori hartzera, ikus dezan ez garela exageratzen ari. XXI. mendearen hasiera honetan ez da onartzekoa, esaterako, Elgoibar eta Donostia artean dauden 50 km-ak egiteko ordu eta laurden behar izatea trenak, errepidez 35 minututan behar direnean autobusez. Ez da ulertzekoa trenaren maiztasuna ez handitzea ordu puntetan jendeak Zumaitik Donostiara (45 minutu) zutik joan behar duenean ia egunero eta bestelako orduetan Zarauztik edo Oriotik aurrera hori bera gertatzen denean sarritan.

Era berean, mahaiaren gainean egon dauden eta etorkizun argirik ez duten beste bi trenbide proiekturi buruz ere hitz erdirik ez. Deba Goienako tranbia da horietako bat. Hauts asko harrotu ditu. Aurreproiektuak ere badira. Abiatu ezinik dago, itxura batean. Proiektuari ondo etorriko litzaioke bultzadizoa. Gipuzkoa Aurrerak ez dio eman behintzat. Urolako trenbidea berreskuratzea merkantziak garraiatzeko hizpide ere izan da. Aipurik ere ez.

Ez da ulertzekoa egoera. Ba, Gipuzkoa Aurrera forokoak ez dira egoera horretaz ohartu, nahiz eta Mugikortasuneko Foru Diputatua Zumaian bizi den. Oriaren mendebaldean ere, bada Gipuzkoa.

Aralarrekook garbi dugu trenbide-sarea berritu, indartu, modernizatu eta zabaldu behar dela. Trenbide-sarea herritarren eguneroko higikortasun-beharren zerbitzura jarri behar da: herriak eta herritarrak hurbildu behar ditu. Helburu garbiak jarri behar dizkiogu gure buruari; 2020rako trena ohizko garraiobide moduan usatzen duten gipuzkoarren kopurua % 20 haztea eta errepidez garraiatzen den merkantzia-kantitatea % 20 gutxiagotuz..

Horretarako lanari gogor ekin behar zaio. Batetik, Gipuzkoak eta EAEk Europarekin eta Iberiar penintsularekin tren-lotura modernoa eta eraginkorra behar dute; euskal Ya ez da hori. Bigarrenik, egungo sarea berritu eta modernizatu behar da eta horretan, Urola-Kostak eta Deba Arroak dute lehentasuna; Topoa eta RENFEren trenbidea ahaztu barik. Hirugarrenik, trenbide berriak egin behar dira: Urolakoa berreskuratu, Deba Goieneko tranbia (Arabarako tren-irteera berreskuratzea ahaztu gabe), Beasain-Altsasua lotura zuzena, etab. Laugarrenik, Lapurdirekin tren-lotura eraginkorra osatzea, Eurohiriaren trena antolatzea, topoa luzatuta edota RENFE-SNCFren azpiegitura baliatuz.

Trenbide-azpiegiturari dagokionez, hobe izango zatekeen Gipuzkoa Aurrerak atzera begiratu izan balu inspirazio bila, XX. mendearen hirugarren hamarkadara adibidez, egokiago asmatuko zukeen eta.

27/03/2009

Indarkeria zilegi?

Azkeneko plenoan, eztabaidagai izan genuen guk aurkeztutako proposamen bat, zehazki Urbinan burututako ekintza zibilen aurrean Ertzaintzak eta Barne Sailak izandako jarrera salatzearena. Barne Sailaren aginduz, Ertzaintzak erabili zuen indarkeria salatu nahi izan genuen. Argi eta garbi esan genuen Ertziantza, Barne Saila pasatu egin zirela.

Eta ezin dena izan dela, herritarrek burututako ekintza irudikatzaile baten aurrean, AHTk okupaturiko lurrak berriz herritarrek okupatzea irudikatu nahi izateagatik, haien aurka inolako begiramenik gabe indarkeria erabiltzea, atxiloketak burutzea eta atxilotuak Auzitegi Nazionalera eraman nahi izatea. Benetan larria! Gainera horri gehitu behar zaio, berriki irakurtzeko aukera izan duguna, Ertzaintzak badituela irizpideak AHTren aurkako ekintzak terrorismo delitutzat jotzeko. Eta hori, konfirmatuko balitz, oso larria izango litzateke. Zeren eta horrek esan nahiko bailuke ETAren jarduera onartezina erabili nahi dela mugimendu sozialak kriminalizatzeko. ETAri berdin zaio AHTren proiektua. Erabili egiten du bere jarduerari zilegitasuna ematen saiatzeko. Baina erabilpen berdina egingo lukete ETAren ekintzak medio proiektu horren aurka daudenei zilegitasuna kentzeko tentazioa izango luketenek. Erabilpen berdina.

Baina zer gertatu zen osteguneko plenoan? Ba alderdi guziak ekidin egin zutela eztabaida, eta proiektuaren eztabaida mahai gaineratu zutela. Orain arte, AHTren proiektua mahai gaineratu dugunean eztabaidarako ehundokoak entzun behar izan ditugunean eta hamaika kostatu zaigunean proiektuaren inguruko eztabaida gauzatzea, baina orain beraiei nola ez zitzaien gustatzen mahai gaineratu genuen eztabaida ba…edozein aitzaki da ona! Eta hori dena gutxi balitz, indarkeria legitimatu zuten!

Badirudi indarkeriaren erabilera, indarkeria horren sortzailearen arabera, zilegi dela. Ez al dira proiektuak, bai aldeko jarrerak edo kontrakoak hitzaren edo ekintza zibilen bidez defendatu behar? Gure ustez bai, eta hor aritu giñen erre ke erre, Ertzantzaren jarrera salatzen eta lortu nahirik beste alderdiak ere indarkeria salatu zezaten, eta proposamenaren inguruan hitz egin zezaten. Baina ez genuen lortu. Horregatik, ikusitakoak, ikusita, bozketatik proposamena erretiratu egin genuen, eztabaida guztiz desbirtuatu egin zelako.

09/03/2009

Belar Metatik Lilatoira

Ostiralean, Aretxabaletako gure Felisen gonbidapenari kasu eginez, Mirari eta Idoia Elexpururen (Aretxabaletan gure zerrendetan joandako laguna) Belar Meta denda berriaren inaugurazioan egon nintzen, edozein aitzakia ona baita Atxabaltara hurbiltzeko.

Giro aparta, denda jendez gainezka, arropa politak, jateko eta edateko soberan, musika eta gure atxabaltako aralarkideak pozez zoratzen izandako emaitzengatik igandean, bereziki Joxe Angel. Talde bikaina eta jende bikaina atxabaltan daukaguna, nahiz eta azkenaldian egurra jasotzen besterik ez diharduten alde guztietatik. Han zeuden ere, nire gaztetako futbol taldeko kideak, beraien artean gure atxabaltarrei egurra ematen diharduen EAko zinegotzia, baita ikaskideak ere.

Aspaldiko lagun asko ikusteko parada Belar Meta dendaren inaugurazioak eskaini zidana. Mila esker Felis protokolo arduradun txit gorenari. Atxabaltako Belar Metatik Elgetako Udalaren eta Herri Eskolaren artean antolatzen dugun II. Aste Berdera jauzi egin genuen. Aupa Elakarlana! Ba halaxe, larunbat arratsaldean ur jolasak antolatu behar izan genituen umeentzat. Aurreko urtean ura izan genuen jolasen ardatz, baina oraingoan, ze kontxo! Bururatu zitzaigun urarekin zer ikusia, baina ura ez den elementuekin jolasak egitea, izan ere aurten nahikoa ur baitaukagu gure inguruan, hezurretaraino sartuta.

Eta toaila aukeratu genuen. Ba ez dakizue zeinen ondo pasa genuen toailekin jolasten, eta zenbat jolas egin daitezkeen  toaila sinple batekin, umeak pozik eta gurasoak zer esanik ez. Ez dago gauza hobeagorik jolasaldiaren bukaeran gurasoen esker ona jasotzea baino.

Eta aste bukaera bukatzeko igande goizean Batzar Nagusietako talde desberdinetako emakumeok Lilatoia egitera hurbildu ginen Donostiara. Giro aparta aurkitu nuena, baita gure Batzar Nagusietako familian ere, barre galantak egin genituen geure buruen kontura; han ibili ginen aralarrekoak, Ezker Batukoa, PSE-EEko hainbat batzarkide, Idoia legelaria, Gerardo gure informatikoa argazkilari lanetan…Han aurkitu nituen ere, Irteeran, Jokin, gure furgoneteroa Lorearen gorabeheren zain, Miren Oñatiko zinegotzia, Helmugan Andoni bere familiarekin, Miren itzultzailea bere ilobarekin…

Bukaeran Batzar Nagusietako kideontzat lehendakariak domina eta denok poz pozik trago bat hartzera joan giñan. Azken fiñean hori da normalkuntza politikoa edo eta hori izan beharko litzateke normalkuntza politikoa, hasi harreman pertsonaletatik eta politikoan bukatuz. Ah! eta hemendik Behobiara, Batzar Nagusietako lehendakariarekin egin dut plana, dagoeneko entrenatzen hasiko gera, eta Elgetako arkitektuari kasu eginez, baietz hobetu gure parlamentari eta alkate, Oxelen marka!

06/03/2009

Gipuzkoa: bi buruko gorputz bakarra

Gure Foru Gobernuak, bere lidergo falta estaltzeko, ahulezia ezkutatzeko, lidergo konpartituaren aitzakiarekin Gipuzkoa Aurrera sortu zuen iaz. Erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlana bideratuz. Baina egin zuena izan zen, gure lurraldean zeuden lobbyen aurpegia azaleratu, eta egia esan hori eskertzekoa da. Izen abizenekin agerian geratu da, zeintzuk diren gure gobernuen politiken atzean daudenak: Adegi, Kutxa, MCC eta Merkatal Ganbara.

Gipuzkoa Aurrera omen da, gure lurraldeko etorkizuna era iraunkor batean diseinatzen, lantzen eta garatzen lagunduko omen duena. Bertan dauden lan taldeetan landuko omen dira gure lurraldeak dituen beharrei erantzuteko konponbideak zentzurik zabalenean, zerbitzu sozialei dagozkienak, energiaren inguruan, garraioan, krisiari aurre egiteko neurriak. Eta guzti hori Gipuzkoako elitearen eskutik, gutxiengoaren eskutik! Non gelditzen dira Gipuzkoako beste gizartea ordezkatzen duten ordezkariak? Sindikatuak, herri mugimenduak, mugimendu sozialak ez al dira Gipuzkoarrak? Ez al daukate ezer esatekorik?

 

Ondorioz, Gipuzkoan bi gobernu. Jefe asko eta indio gutxi. Gipuzkoa Aurrerak lidergoa hartu behar baldin badu, zertarako daukagu Foru Gobernu bat? Zeren berriki aurkeztu digute txosten bat Batzar Nagusi hauetan, non Gizarte Zerbitzuen eztabaidaren gidaritzapean Gipuzkoa Aurrera kokatzen zen, eta zehatzagoak izateko Kutxa agertzen zen. En fin, lapikua topin.

 

Eta guzti hori gutxi balitz, kanpainan geundela edo eta kanpaina bezperan… dagoeneko bozken mozkorraldiaren ondorioz ez bainaiz gogoratzen, non agertzen den prentsan Gipuzkoa Aurrera ideien konkurtso bat deitzen Pasaiaren biziberritzea helburu izanik. Kostua 400.000€. Hori bai hori, erakundeetan austeritatea aldarrikatzea. Laburbilduz, bi gobernu, biak ere ideologikoki ahulak, lidergorik gabe, gehien dutenen elitearen ordezkari, denon diru xahutzen ezertarako. Gora Gipuzkoa!

 

10/02/2009

Inauteriak hurbiltzen eta mozorroa kendu

Kutxako Lehendakari Xabier Iturbe, berriki Ibarretxeren aldeko plataforman sinatzaileen artean ikusteko aukera izan dugu. Zur eta Lur geratu nintzen. Teleberri ikusten ari nintzen bitartean, ezin nuen sinistu esaten zihardutena: Xabier Iturbe, Kutxako Lehendakaria, Ibarretxeren aldeko plataforman.

Hamaika ikusteko jaioak gara! Aurpegia behar da, eta lotsa gutxi. Hala ere, betidanik, jakin izan dut EAJko kideek lotsa gutxi izan dutela. Orotariko herritarrak biltzen dituen entitate baten ordezkari dena, alderdi baten aldeko autua egiten publikoki. Egia da, eta denok dakigu Iturbe jauna nondik datorren eta zeinek jarri duen hor, baina beste gauza bat da publikoki horrela agertzea. En fin, batzuk inauteriak hurbiltzean mozorroa jantzi beharrean, erantzi egiten dute.

Ez naiz inor esateko zer egin behar den eta zer ez, baina gauza bat oso argi daukat: gauza bat dela norberaren izenean sinatzea, eta beste gauza bat entitate, edo eta elkarte baten ordezkari bezala sinatzea. Agerian geratzen ari da, Ibarretxe eta bere kuadrila urduri dabiltzala langabezian geratuko ote diren edo!

04/02/2009

Saria zigor

Bide azpiegiturak eta horiek erabiltzeagatik ordaintzen duguna kezka iturri izan da beti guretzat. Erakundeetan sistema bidezkoago baten aldeko apustua egin izan dugu eta egiten jarraituko dugu. Europako beste toki batzuetan egiten den bezala, erabiltzaileek azpiegituren mantenuan, ez inbertsioan, lagundu dezaten eta, horrela, bidesariak ez daitezen haien mugikortasun beharrentzat zigor bilaka. Horretarako urteroko bineta merke bat proposatu izan dugu, soilik dagoeneko ordainketa eskatzen duten bideetan, A-8 eta AP-1ean.

 

Gipuzkoan gai horri heldu zaio, baina ez dut uste bide egokitik egin behar denik. Izan ere, hasieratik bidesariak beste errepide batzuetara hedatzea proposatuko dela entzun dugu. Gure ustez, horrek gaur egungo egoera okertu besterik ez luke egingo eta sariak, bideak erabiltzegatik ordaintzen duguna, zigor izaten jarraituko du. Lehen baino gehiago.

Gaizki ikusiko ez genukeena da nazioarteko pisu astunak daramatzaten ibilgailuek tasa bat ordaintzea, Gipuzkoan zegarik ordaintzen ez dutenez eta Gipuzkoa igarobide garrantzitsua izanik, nolabaiteko konpentsazioa izango litzatekeelako.

26/01/2009

Gazako haurrak

Aspaldi utzi zioten militarrek gerretan kaltetu nagusi izateari. Gerra modernoen ezaugarria da, gerra horiek arautzeko ezarri ziren arauei muzin egitea. Min gehien egiten duen tokira jotzea. Beheko aldean jotako kolpeak ez dira zigortzen Nazio Batuen Erakundeak epaile itsu dituen koadrilatero horietan. Gazan ikusi dugu nork sufritzen dituen gerraren ondorioak zuzenean: zibilek oro har, haurrek bereziki.

EAEko Batzar Nagusiak urruti daude Gazatik. Han ez dugu eskumenik. Hemengo bizilagunen bizi baldintzak ahal dugun neurrian hobetzea dugu helburu Aralarreko erakundeetako ordezkariok, baina urrutiago daudenen egoera bidegabeak ahal dugun neurrian arintzeko proposamenak egitea ere badagokigu, baldin eta elkartasuna gure jardunaren printzipioetako bat bada. Horregatik bideratu dugu Gazako haurrak uda pasatzera etorri ahal daitezen bitartekoak ezartzeko proposamena Batzar Nagusietan.

Acciones de Documento
Rebeka Ubera
image

Rebeka Ubera Aranzeta

Elgeta, 1972

1972an jaioa, Elgetan. Irakaslea da. Haur hezkuntza eta Heziketa fisiko ikasketak egin zituen, baita Psikomotrizista ikasketak ere. Gipuzkoako Batzar Nagusietan dihardu 2005etik hona, urte horretan Aintzane Ezenarrok Eusko Legebiltzarrera joateako utzitako aulkia hartu zuen. Azken hauteskundeetan, berriz, Urola-Kostako hautes-barrutiko zerrendaburua izan da. Batzar Nagusietako Emakumeen berdintasunerako batzorde burua da. Elgetako udaletxean zinegotzi da 2003tik.