Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ezkerrekoa eta abertzalea

Atalak
Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Blogak Jon Abril. Polietika Topics Funvera

Funvera

2010/01/05

EREgeen 47 opari

47 kaleratze. Horixe onartu du gaur Nafarroako Gobernuak Berako Funvera enpresan. Orain urtebete 202 langile zituen enpresak, 100 langilerekin hasiko du urtea, eta EREan jarraituko dute horiek guztiek, gainera.

55 kaleratze proposatu zituen enpresak. Abenduaren 2az geroztik mugagabeko greban dira enpresako langileak, kaleratze horiek salatzeko. Abenduaren 30ean Nafarroako Parlamentuan izan ziren, Nafarroa Bairen eskariz, euren egoeraren berri emateko. Talde parlamentari guztiek aitortu zuten justifikaziorik gabeko kaleratzeak zirela. Roig Industria Sailburuak, baina, egun bat beranduago sinatu zuen 47 kaleratzeak onartzen dituen EREa.

 

Funverak, 2003 eta 2008 urteen artean, 11,3 milioi eurotako irabaziak izan ditu. Nafarroako Gobernuak milioika eurotako dirutza inbertitu du azken urteotan enpresa honetan. Eta orain, bide berdea eman dio enpresari kaleratze masiboak egiteko.

 

Baztan-Bidasoa eskualdea da, Sakanarekin batera, krisiak gogorren astindu duen eskualdea. Nafarroako Gobernuak ez du xentimo bakar bat ere inbertitu azken urteetan eskualdean lanpostuak sortzeko. Eta badirudi, asmorik ere ez duela lanpostuak sortzeko inolako neurririk hartzeko.

 

Elkartasuna eta berotasuna Funverako langileei. Animorik beroena. Borrokaren segitu behar dugu, eskualdeak behar du eta.

2009/05/09

Burniaren martxa

Funverako langileek (Berako lantegia) oinez egin dute Bera eta Iruña arteko bidea joan zen asteazkenetik ortziralera bitartean. Haiei ongi etorria ematen izan ginen Nekane Perez eta biok. Gaur, berriz, Zalain eta Bera lotu dituen manifestazioan izan gara.

Ez da debaldekoa. Bortzirietako eskualdea da Nafarroa guztian langabezi tasarik handiena duena. Orain urtebete langabezia erabat teknikoa zen, eta orain, berriz, krisiak gehien astindu duen eskualdea da gurea. 21.000 lagun inguru bizi gara. Aktiboan, goiti-beheiti, 8.000 gara. Gaur-gaurkoaz, 1.000 langabe ditu eskualdean, eta bertze 2.000 lagun EREren batek kalteatuak, gehienak modu bortitzean.

Funverako langileen egoera latza da. Lantegiak izugarrizko diru irabaziak izan ditu orain arte. 140 langile ditu enpresak, eta guztiak daude langabezian, horretarako eskubidea duenak langabezia jasotzen. Irailera arte, gutienez, horrela egon beharko dute. Burniaren martxa deitu diote asteazkenetik ortziralera Bera eta Iruña oinez lotzeko egin duten ibilbideari. Atzo Iruñara ailegatutakoan eurekin solasean izan ginen. Eskertu zuten gure presentzia.

Nekatuta ailegatu ziren. Asfaltoaren gainean egindako 70 kilometroak luze egin zaizkie. Baina emaitzarekin pozik ziren. Lankideen arteko giroa ona dela aipatu ziguten batzuek eta bertzeek. Gaurko manifestazioaren bukaeran ere, ELA eta LABeko ordezkariek hori azpimarratu dute, diferentzien gainetik, zailtasunei aurre egiteko bat eginda daudela.

Saverako lankideak ere han ziren, babesa ematera. Hilabetean sei-zortzi eguneko EREa dute eurek. Talde berekoak dira bi lantegiak, eta taldearen zein lantegien zenbakiak hagitz onak badira ere, produkzioa jaitsi orduko hartu dituzte neurri zorrotzak. Eta horixe da krisi honen arazorik latzena. Enpresak orain arte irabazten ari ziren dirutza pixka batean murriztu zaienean, EREak paratu dituztela martxan, nahiz irabazi handiak izan.

Burniaren martxa aunitz beharko dugu panorama ikusita. Maiatzaren 21eko grebarako, bederen, jendea bero-bero dago!Langileak

Jon Abril
image

Jon Abril Olaetxea

Bera, 1975

Kazetaritzan lizentziatua eta Kultur kudeaketan aditua da.2003 urtean egin zen aralarkide eta baita zinegotzi kargua lortu ere.