Cambiar a contenido. | Saltar a navegación

Ezkerrekoa eta abertzalea

Secciones
Herramientas Personales
Usted está aquí: Inicio Blogs Jon Abril. Polietika Pabloren azken irakasgaia: laizismoa

Pabloren azken irakasgaia: laizismoa

Pablo Antoñana handia joan zaigu. Nafarroak izan duen luma handi horietako bat. Nortasun handikoa, herriari atxikia, eredugarria. Asteazkenean eginen zaio azken agurra, bere borondateari erantzunez, ekitaldi laiko baten bidez. Maisu baten azken irakasgaia, oraingoz.

Pablo Antoñana idazlea

 

Eliza katolikoak hainbertze ohitura eta eredu ezarri eta inposatu ditu, zaila dela laikoa izatea gizarte honetan. Kosta egiten da. Ateoek erabakiak hartuta ere, esplikazio gehiegi eman behar izaten dugu maiz, eta ez zaigu behar bezainbertzeko arretarik paratzen. Errespetatu egiten dugu bakoitzak bere erlijioari, bere konfesioari men egitea, amen egitea. Errespetatu eta onartu egiten dugu, gizarte zabal eta anitz honetan, nahi duenak bere moduan erran dezakeela agur, baietz ezkontzari, bizitzeko modu bat hauta dezakeela erlijio baten guardasolaren azpian. Baina oraindik gizarte honek duen zama erlijioso-katoliko-apostolikoa gehiegizkoa da.

 

Egunotan, baina, inposizio horri ozen eta argi ezetz erran dioten bi eredu topatu ditut, non eta Nafarroa tradizionalista elizkoiean!

 

Pablo Antoñanarena da bata. Idazle haundi batek utzi gaitu, betirako. Bere lana geratzen da gurekin. Sekulakoa. Aski ez eskertua. Edo ez guztiongandik, bederen. Izaera berezikoa, nortasun handikoa, maisuen moduan utzi du azken enkargua: bere despedida elizatik kanpo nahi du, ekitaldi zibila. Asteazkenean izanen da, Iruñeako Erraldoien Txokoan. Pozgarria da (tamalez hain gutitan ikusten ditugu!) pertsonaia publiko batek ekitaldi laikoa nahi duela eskatzea. Nire bizi testamenduan ere bildu dut borondate hori: ekitaldi zibila nahi dut, elizarik gabekoa.

 

Eta bertze eredua Burlatatik etorri zaigu. NaBaiko bi zinegotzik eta NEB-IUNeko batek, herriko bestetan eliza ospakizunetara udalbatza moduan ez joatea erabaki dute. Bestetan elizkizunek modu pribatuan izan behar dute leku. Nahi duenak, joan dadila. Baina zergatik joan behar du udalbatzak bere osotasunean eliza katolikora ekitaldi batera? Zergatik mugatzen da udalbatzaren presentzia elizkizunetara? Tradizioaren izenean? Ez, faborez!!!

 

Berriki izan diren Berako bestetan ere ez naiz agertu ni elizkizunera. Bestatan zeharo murgildua egon naiz. Ia-ia ekitaldi guztietan egon naiz, baina elizara ez! Nahi duenak joan dadila, baina udalbatzak herri osoa ordezkatu behar du, eta guztiei erakutsi behar die errespetua: katolikoei, ateoei, baina baita azkeneko urteotan gure gizartean areagotu diren protestanteei, musulmanei, ortodoxoei...

 

Noizko eztabaida serio bat gai honen gainean gure gizartean?

 

 

Acciones de Documento
Jon Abril
image

Jon Abril Olaetxea

Bera, 1975

Kazetaritzan lizentziatua eta Kultur kudeaketan aditua da.2003 urtean egin zen aralarkide eta baita zinegotzi kargua lortu ere.