Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ezkerrekoa eta abertzalea

Atalak
Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Blogak Jon Abril. Polietika 2010 Otsaila 01 Herria hemen dago, Ankaran

Herria hemen dago, Ankaran

Etiketak:

BDPren kongresua

Ankara. Goizeko 10ak. Kiroldegiko ataria jendez lepo dago, lehertzear. BDPren Kongresura etorria naiz, lehen kongresura. DTP legez kanporatu ondotik, lekukoa hartzera etorriak dira. Legez kanporatzea eta berez kurduek bizi duten egoera latza ezagututa, ez nuen giro ederrik espero. Baina kiroldegi atariko giroak erakutsi dit ez dela horrela. Kurduek berezko bizitasuna dute, alaitasuna, eta itxaropena ez dute sekula galtzen.

 

Harmailak bete-beteta daude, eta pistan jarritako aulki guztiak ere bai. 4.000 lagunetik goiti. Kanpoan, ehundaka lagun ezin sartuz. Zorte gehien izan dutenek kafetegiko kristalen gibeleko aldetik jarraitzen dute ekitaldia.

 

Itxurari dagokionean, amerikar itxura du guztiak: koloretako ehundaka globo zintzilik, ortzadarraren kolorearen banderak, oholtza handia... Turkiako bandera erraldoia dago oholtzan, legeak hala aginduta. Kurduen koloreak, baina dira nagusi: berdea, horia eta gorria.

 

Publikoaren artean adin guztietako gizon-emakumeak. Batzuk euren haurrekin etorriak dira. Gazte anitz. Zaharrak gehiago. Nekazari girokoak gehienak. Ekitaldia hasi aitzinetik kurduen kantu herrikoiak entzun daitezke, eta jendea kantuan. Alderdiko agintariek, eta alkateek bereziki, jendea agurtzen eman dute denbora guztia, baita ekitaldiak iraun dituen lau orduak ere!

 

Ekitaldia ongi etorri hitzekin hasi da, eta ondoren, Demir Çelik alderdikide ezagunak hartu du hitza. Ia 45 minutu aritu da. Denek adi-adi jarraitu dugu bere diskurtsoa, eta publikoak maiz eten du, txalo zaparradekin, presoen askatasuna eskatzeko oihuekin, eta baita arerio politiko eta Ankarako agintarien kontrako txistu eta oihuekin ere. Futbol partidu baten traza gehiago du mitin batena baino! Çelik solasean ari dela, ikaragarrizko zurrunbiloa sortu da. Ahmet Türk DTPko agintari karismatiko historikoa sartu da kantxan, eta hogeien bat argazki eta telebista kamera ditu inguruan. Publiko guztia zutitu da, eta txalo artean hartu dute, bere izena goraipatzen duten bitartean. Çelik-ek isildu egin behar izan du.

 

Hitzaldiak ez du etenik. Agintariei agurrak eta eurekin argazkiak egiteak ere ez. Adineko emakumeek eta neska-mutil gazteek eskua eman, musua eman, eta argazki makina zein telefonoa eskuetan dutela emozioz heldu dira euren agintariak ikustera, ukitzera.

 

Gúltan Kisonak izan da oholtzara igotzen hurrengoa. Bere hitzaldia hasi aitzin, nazioartetik etorri garen kideak aurkeztu gaituzte. Nazioarteko 12 alderdi politikotako ordezkariak, eta mundu osoko 19 enbaxadatako ordezkariak, tartean AEBkoa. Herri mugimenduetatik 78 erakunde etorri dira. Kisonak-en hitzaldiak edukin politiko sakonagoa izan du, baina hitzaldi guztietan errepikatu da anitz hizkuntza eta kultura aniztasuna, emakumeen eskubideak, giza eskubideak, eta batez ere, bake eta demokrazia gosea. Espetxeraturik dauden DTPko 100 agintariak ere gogoan izan dituzte, bai eta atxiloketa hauek salatzeagatik kartzelan diren beste hamarnaka nerabeak ere.

 

Kisonaken hitzaldiaren bukaeran (ia ordu eta erdiz aritu da oholtzan!) harmailak hustutzen hasiak dira. Komunera joateko aprobetxatu dut. Pasiloak lepo daude, jendez eta kez. Denak ari dira erretzen. Emakume gazteren bat salbu, adineko gizonak batez ere. Kanpora ematen duten kristaletatik bi irudik harrapatu naute: polizi mordoa kiroldegi guztia inguratzen, eta ehundaka lagun, kiroldegira ezin sartuz gelditu direnak.

 

Komuneko irudia ere sekula ikusi gabe nuen: 70en bat gizon ilara ezberdinetan, komunera sartzeko zain. Zutikako pixatokietarako apenas dago ilararik, eta nahiko azkar egin dut sartu-irtena.

 

Iritsi naizenean igo da oholtzara Selahattin Demirtas. Harrera ezin beroagoa egin diote. Orain sei hilabete Ankaran izan nintzenean ezagutu nuen. Hizlari aparta da. Atsegina. Kongresuan BDP (orain arte DTP) taldeko bozeramaleordea da, eta gaurdanik, BDPko lehendakaria, Kisonak-ekin batera, gizon-emakume bana agintean. Hitzaldi polita egin du. Giza eskubideak, elkarrizketaren premia, demokrazian sakontzeko beharra, langabezia eta korrupzioarekin bukatzeko premia, hizkuntza eta kulutra eskubideak... sakon aritu da. Eta jendeak arreta handiz jarraitzen dio. Hasieran bezain indartsu. Txaloak, ufakadak, txistuak, oihuak... bere diskurtsoa eten behar izan du, honek ere, behin baino gehiagotan. Publiko artean Okalanen argazkia zeramaten bi gazte agertu dira. PKKren aldeko oihu franko aditu da, “PKK herria da, eta herria hemen dago”. Eurena bide politikoen aldeko hautua dela nabarmendu du Demirtasek. Turkiako gobernuari eskari batekin amaitu du: kurduen arazoa bere egin dezala. Txalo zaparradaren ostean, martiriak ekarri ditu gogora.

 

Gazteen ordezkaria igo da ondoren oholtzara. Aurrekoen ondoan, labur aritu da neska gaztea. Besta giroan eman dituzte lau ordu t’erdi pasatxo. Guk bazkaltzeko bidea egin dugu. Eurek, baina, bozketak zituzten, lehendakariak aukeratu beharra. Zerrenda bakarra zegoen, eta emozio faltan, bazkariaren alde egin dugu. Gauean agurtuko ditugu bi lehendakari berriak, Demirtas jauna eta Kisonak andrea.

 

BDPren Kongresua (2)

Dokumentuaren akzioak
Jon Abril
image

Jon Abril Olaetxea

Bera, 1975

Kazetaritzan lizentziatua eta Kultur kudeaketan aditua da.2003 urtean egin zen aralarkide eta baita zinegotzi kargua lortu ere.