Cambiar a contenido. | Saltar a navegación

Ezkerrekoa eta abertzalea

Secciones
Herramientas Personales
Usted está aquí: Inicio Blogs Jon Abril. Polietika 2009 Noviembre 26 Gutunak

Gutunak

Aspaldian abandonaturik dudan blog honetan gutun batzuek ekarri naute berriz. Gutun bat Xabi Lasari, Berriozarko alkateari. Bertze bat Euskal Herriko kazetetako zuzendariei. Eta azkeneko gutun bat, hizpide hartuko dudana.

Gutuna desagertzeko zorian omen dago. Ez omen da maitasun gutunik idazten. Baina gaur, bertzelakorik ikusi ahal izan dut nik.

 

Eguerdian Iruñean izan naiz, auzitegiko atarian. Xabi Lasa Berriozarko alkatea deklaratzera deituta zegoen. Zer eta buruhaundi beltz batek txupina bota zuelako herriko besten hasieran. Babesa ematera hurbildu gara Aralarreko hainbat kide. Lekuko gisa deitua zuten. Udako amesgaiztoa ezin gainetik kendu dabil Xabi. Bere ohiko irribarre eta umorearekin heldu da. Lasai. Kontzientzia lasai du, eta edukitzeko modukoa. Epaitegiaren aitzinean adierazi duen bezala, Nafarroako agintarien politika zikoitz eta eroen ondorio joan behar izan du berak deklaratzera.

 

Baina gaur, komunikabideetan eta politikarien artean Kataluniako 12 egunkarik batera argitaratu duten editoriala izan  da hizpide. Eta ez da gutiagorako. Sekula ikusi gaberik ginen, ideologia desberdineko eta interes ekonomiko hain desberdineko 12 kazetak editorial bera argitaratzea. Bistan da zeinen haserre dagoen Kataluniako gizartea. Kataluniako Parlamentuak onartutako estatut-a Zapateroren eskutara erori eta edukiz hustutzea nahiko ez, erreferendum bidez onartu... eta oraindik aski ez! Espainiako konstituzioa herritarren soberaniaren gainetik omen! Espainiako alderdi eta komunikabide gehienek bat egin dute "presio onartezin" hori salatzen. Baina ez dira ohartzen, hemen, onartezina den bakarra euren inposizioa eta herriaren borondatearen kontra jardutea dela.

 

Ikusiko al dugu egunen batean Euskal Herriko kazeta guztiek editorial bakar eta bateratua argitaratzea? Ez, hemen ez da posible. Politikariei adostasuna eskatzen zaigun bezala, zergatik ez eskatu komunikabideetako zuzendariei halakorik? Tira, horietako batek, Martxelo Otamendik (Berriak ez du editorialik, baina salbuespena eginen lukete egun horretan), martxa honetan ezin izanen du editorialik idatzi, Egunkaria auzia abiatzear da eta. Bertze astakeria juridiko-politiko bat!

 

Euskal Herriko makina bat zinegotzi eta zinegotzi ohik ere gutuna bidali diote gizarteari, bertze auzi baten harira: Udalbiltza. Antzinekoaren harira, bertze astakeria bat. Honek ez du amaierarik.

 

Eta eguneko bertze hizpidea, dudarik gabe, Urrusolo Sistiagak eta Gisasolak idatzitako gutuna da. Hain da argigarria, hain da zuzena, deus guti dudala eransteko. Gogoeta egin behar duenak egin dezala.

 

Ia hurrengo gutuna idazterako ez naizen hainbertze alfertzen!

 

Xabi Lasa

Acciones de Documento
Jon Abril
image

Jon Abril Olaetxea

Bera, 1975

Kazetaritzan lizentziatua eta Kultur kudeaketan aditua da.2003 urtean egin zen aralarkide eta baita zinegotzi kargua lortu ere.