Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ezkerrekoa eta abertzalea

Atalak
Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Blogak Jon Abril. Polietika 2009 Ekaina 11 Euskarak elkartzen gaituelako

Euskarak elkartzen gaituelako

UEMA eguna eginen da larunbatean Beran. Ez da euskararen inguruko besta handi eta masifikatu horietakoa. Baina badu bere inportantzia. Larunbatean ofizialki sartuko garen zazpi udalerriekin 61 udalerri izanen gara euskararekiko konpromisoa eguneroko praktika eginen dugunak. Udalak herritarrengandik hurbilen dauden administrazio publikoak izaki, eta administrazioen euskalduntzean ahaleginik handienak egin dutenak izan direla aitortuta, elkarren esperientzia eta ezagutzea partekatzea, eta euskararen normalizaziorako udaleko planak garatzeko eta bulkatzeko tresna ezin hobea da UEMA Aralarren ustean.

Tamalez, baina, ez gara denak egonen Beran. Diskurtsotik ekintzetarako jauzia handia delako gurean, oraindik, eta bereziki euskararekiko praktikari dagokionean. Ez baita aski euskararekiko atxikimendua agertzea, euskaraz jardutea ezinbertzekoa da. Ukaezina da hogeita hamar urteotan aitzinpausu garrantzitsuak eman direla euskararen normalizazioan, eta udal administrazioa izan dela urrats horiek ematen ausartenetakoa. Baina egitekoa, oraindik, aunitz da. Beran, bertan, normalizazioan lan franko egin bada ere, oraindik euskara ez da udaleko lan hizkuntza arlo guztietan. UEMAn sartzeak abiadura handitzea ekarriko digu.

Euskal Herri osoko administrazio publikoak euskalduntzea berebizikoa da euskararen normalizazioan. Eta administrazioak, bere osotasunean hartuta, ez du behar bezainbertze aurreratu normalizazioari dagokionean. Anitzez gehiago egin zitekeen, eta egin behar zen. Urrutira gabe, Aralarrek Funtzio Publikoaren legea aldatzeko proposamena egin zuen Eusko Legebiltzarrean joan zen legegintzaldian, administrazio publikoan jendearen aitzineko zerbitzu guztietan euskarazko atentzioa bermatzeko. Bakarrik gelditu ginen. EAEn eztabaidatuko den udalerrien legean ere, udaletako euskara normalizatzeko unitateek zerbitzu izaera eduki dezaten eskatuko dugu.

Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian anitzez makurragoa da egoera. Ofizialtasuna da egoera aldatu dadin eman beharreko lehenbiziko urratsa. Bitartean, UEMAn parte garen udalek bezala, konpromisoak handitzea eta indarrak metatzea behar du izan helburua. Sektarismo, maximalismo eta bazterkerien gainetik, euskararentzat esparruak irabaztea izan behar du helburua.

Euskarak ereduak behar ditu. Ereduak politikarien artean. Ereduak kultur arloan. Ereduak hezkuntzan, osasun arloan eta profesionalen artean. Eta baita administrazio publikoan ere. Hizkuntzaren erabilera bermatzen dute UEMAko udalerriek, eta herri euskaldunetan euskararen erabilera gizarteko arlo guztietara zabaltzen laguntzeko ekimen eredugarria da.

Zazpi herri gehiagorekin 61era heldu da UEMA. 18 urteotan egindako lana bistakoa da. Baina UEMA indartzea eta udalerri euskaldunen erreferentziazko erakundea bihurtzeko ahalegina egin behar dugu guztiok, alderdikerien gainetik, aitzakia faltsuen gainetik. Izan ere, euskaldunen portzentaia altua den herrietan garatu beharreko hizkuntza politika eta hartu beharreko neurriak ezin dira berdinak izan euskaldunen kopurua hain handia ez duten herriekin alderatuta.

UEMA egunaren atarian UEMArekiko konpromisoa berretsi nahi du Aralarrek,  euskararen lurralde osoa hartzen duelako kontuan, eta euskarak behar dituelako sozialki nagusiak izango diren lurraldeak aurrera egiteko, eta UEMA horiei eusteko eta handitzeko tresna egokia delako.

Beran elkartuko gara. Euskarak batzen gaituelako.

Dokumentuaren akzioak
Jon Abril
image

Jon Abril Olaetxea

Bera, 1975

Kazetaritzan lizentziatua eta Kultur kudeaketan aditua da.2003 urtean egin zen aralarkide eta baita zinegotzi kargua lortu ere.