Politikaren alderdi konstruktiboan paratuko dut begirada nire blogean. Politikak dituen gauza ederretan. Politika eta etikaren uztarketan. Politikan bada ezer politikan errateraino. Jon Abril naiz, 33 urteko beratarra. Kazetaritzan eta kultur dinamizazioan aritu ondotik, Aralar alderdiko koordinatzaileordea naiz egun.
04/03/2010
Kurdistanen, negoziazioaz eta bakeaz
Kurdistanetik heldu naizenetik 48 ordu joan dira. Joan zen astean Ibrahim Binici Euskal Herrian izan zen, eta bere eskutik entzun ahal izan genuen herri kurduaren egoera latza, politika zein gizarte arloetan. Egunotan Kurdistan turkiarreko hiriburuan izan naiz ni, Diyarbakirren, eta Binicik kontatutakoa bizi ahal izan dut, labur bada ere, bertan.
<!-- /* Font Definitions */ @font-face {font-family:"Times New Roman"; panose-1:0 2 2 6 3 5 4 5 2 3; mso-font-charset:0; mso-generic-font-family:auto; mso-font-pitch:variable; mso-font-signature:50331648 0 0 0 1 0;} /* Style Definitions */ p.MsoNormal, li.MsoNormal, div.MsoNormal {mso-style-parent:""; margin:0cm; margin-bottom:.0001pt; mso-pagination:widow-orphan; font-size:12.0pt; font-family:"Times New Roman"; mso-ansi-language:EU;} table.MsoNormalTable {mso-style-parent:""; font-size:10.0pt; font-family:"Times New Roman";} @page Section1 {size:595.0pt 842.0pt; margin:70.85pt 3.0cm 70.85pt 3.0cm; mso-header-margin:35.4pt; mso-footer-margin:35.4pt; mso-paper-source:0;} div.Section1 {page:Section1;} /* List Definitions */ @list l0 {mso-list-id:420955245; mso-list-type:hybrid; mso-list-template-ids:-1052062224 67764239 67764249 67764251 67764239 67764249 67764251 67764239 67764249 67764251;} @list l0:level1 {mso-level-tab-stop:36.0pt; mso-level-number-position:left; text-indent:-18.0pt;} @list l1 {mso-list-id:2079549649; mso-list-type:hybrid; mso-list-template-ids:441737436 67764239 67764249 67764251 67764239 67764249 67764251 67764239 67764249 67764251;} @list l1:level1 {mso-level-tab-stop:36.0pt; mso-level-number-position:left; text-indent:-18.0pt;} ol {margin-bottom:0cm;} ul {margin-bottom:0cm;} -->
Negoziazio eta gatazken konponketarako esperientzien gaineko Nazioarteko Konferentzian izan naiz, hizlari eta entzule. Bidenabar, Kurdistan pixka batean ezagutzeko balio izan dit. Eta ezin aitortu gabe utzi, Kurdistanekiko arra barren-barrenean ekartzeko.
Osman Baydemir, Diyarbakirreko alkateak eman zigun ongi etorria. “Armak uzteak ez dakar, bere horretan, bakea, baina bakea eraikitzeko beharrezkoa eta baliagarria da”, aitortu zuen. “Bake garaian, seme-alabek euren gurasoak lurperatzen dituzte; gerra-garaian, gurasoak dira seme-alabak lurperatzen dituztenak”.
Yuksel Genç emakume aktibista kurduak konferentziako hitzik hunkigarrienak egin zituen. Nabarmendu zuen “Sadam Husseinen erregimena erori zenetik, kurduena Ekialde Hurbileko arazo bilakatu dela”. Kurduak politikaren bidetik saiatzen ari direla nabarmendu zuen, bortizkeriarengandik askatu nahian. Horretarako, “bide soilik politikoak defenditzen ditugu”. Bost urte eman zituen kartzelan Genç-ek. “Inolako ekarpenik egiten ez duen denbora da hori, galdutako denbora”. Denbora hori berrekuraezina bada ere, “beste inork ez dezan galdu lan egin behar dugula” nabarmendu zuen.
Leyla Zana emakumezko politikari ezagunak itxi zuen Konferentziaren inaugurazio ekitaldia, beste hitzaldi gogoangarri batekin. “Turkiako gizarteari modu positiboan, konstruktiboan hitz egin behar diogu, ez garela suntsitzaileak erakutsi behar diegu” esan zuen Zanak. “Nortasunen arazoak konponbide erraza du: pluraltasuna onartzea”.
Erresuma Batuko esperientzia ezberdinen lekukotza jaso genuen lehendabiziko mahaian. Ipar Irlanda, Gales edota Eskoziako egoera eta errealitate ezberdinen azterketa egin zen.
Bigarren mahaian Espainiako estatuak dituen hiru gatazka nagusiak aztertu ziren. Galiziako egoeraz Camilo Nogueira BNGko kidea mintzatu zen; Kataluniaz Escola de la Pau-ko Ana Villellas; eta Euskal Herriaz aritu ginen Miren Legorburu eta biok. Bakoitzak gure xehetasunak agertu genituen. Autonomiak aurrerapausoak ekarri dituela onartuta ere, agortutako bidea dela ondorioztatu genuen, eta hiru eremuetan dauden gatazkak gainditzeko bidea erabakitzeko eskubidea onartzetik etorriko dela bat etorri ginen guztiak.
Hirugarren mahaiak Europaz kanpoko gatazka batzuk izan zituen hizpide: Bolivia, Chile, Hegoafrika... Kongresuko testigantzarik zirraragarriena eta interesgarriena eman zuen Hassen Ebrahim Hegoafrikarrak. Talde armatuko kidea zen Ebrahim, eta suetena eman eta negoziazioen lehen lerroan aritu zen. “Hegoafrikan arazoa arraza zein klaseetakoa zen, arazo bikoitza. Lehena gainditze bidean da, bigarrena, aldiz, 15 urtean apenas aldatu da”. Mandelaren papera eta lidergoa nabarmendu zituen. “Gobernuak jarrera zentzuduna izan zuen, eta preso politikoak behar zen unean askatu zituen, tartean Mandela. Mesfidantzak gainditzen joan ginen, eta lidergo sendo batek ahalbidetu zuen negoziazioak emaitzak ematea. Mandela beltzen liderra zen, eta zuriak erakartzen jakin zuen”. Ebrahimek aipatu zuen Hegoafrikako nortasun guztiekin (11 hizkuntza hitz egiten dira) osatzen ari direla nortasun berria.
Hans C. Von Sponeck Kofi Annan Nazio Batuen Erakundeko buru ohiaren lankide izan zenak gatazken konponketarako eman beharreko 5 oinarri aipatu zituen:
- Gatazkako alde guztietako eragile guztiekin osatu behar da negoziazioa.
- Nazioarteko legeen onespena beharrezkoa da (hizkuntza zein kultura eskubideak aitortu...)
- Arazoaren muinari heldu behar zaio, ez ondorioetara.
- Elkarren arteko konfiantza sortu behar da. Irtenbideak gizarte osoarena behar du.
- Nazioarteko eragileen inplikazioa bilatu
Konferentziaren bigarren egunean Kurdistango egoera aztertu zen, Kurdistango zein nazioarteko ikuspegi ezberdinetatik. Sadam Husseinen erregimena erori zenetik kurduen egoerak Ekialde Hurbilean hartu duen tokia aipatu zen.
Bide soilik politikoen aldeko apustua egin beharra aipatu zen, eta negoziazioa eremu guztietara zabaltzeko beharra azpimarratu zen, amnistia; kultura zein demokrazia erreforma; biktimen konponketa; gizarte zibila prozesu guztian txertatzeko beharra; eta soluzioaren ondorenerako ere programak martxan jarri beharraz aritu ziren hizlariak.
Turkiako gobernuarengandik deus ere itxaron baino, kurduek gizarte demokratikoago bat eraikitzen joan behar dutela mahaigaineratu zen, eskaini, sortu...
Guztiarekin, Konferentziak 10 ondorio nagusi bildu zituen:
- Nazioarteko esperientziek agerian uzten dute elkarrizketa dela akordioetara heltzeko bidea.
- Bortizkeriak ez du laguntzen gatazkak konpontzen, gehiago sakontzen du horietan.
- Bi aldeek arazoak zehaztu behar dituzte, eta elkar ulertzeko hizkuntza bat eraiki behar dute.
- Bi aldeek elkar entzun behar dute.
- Akordioak gobernua eta gizartearen artekoa behar du izan, ez gobernua eta oposizioaren artekoa.
- Iraganari aurre egiteak arazoak konpontzen laguntzen du.
-
Nazioarteko laguntza eskatu behar da.
- Berdintasuna bi aldeen artean bilatu behar da.
- Bi aldeek onartzeko moduko konstituzio/tratatu bat atera behar da negoziazio prozesutik.
- Alde guztiek eskubidea dute euren interlokuzioa aukeratzeko.
Konferentziak Turkiako Gobernuari dei egin zion elkarrizketei ekin diezaion, “kurduek ulertuak izan nahi dutelako, eta Turkia ulertu nahi dutelako”.
11/02/2010
Euskalerria irratiak arrazoi
Epaile batek arrazoia eman dio, bertze behin, Euskalerria irratiari lizentzien auzian. Epaile batek, berriz ere erran du Nafarroako Gobernuak ez zuela ongi jokatu, tranpa egin zuela, lapurreta egin ziola Euskalerria Irratiari.
Baina bitartean, Nafarroako Gobernuan inork ez du esplikaziorik ematen. Inork ez du dimititzen, inork ez du ardurarik hartzen. Eta bertze behin Euskalerria Irratia zigortua, zanpatua. Bertze behin euskaldunon hizkuntza eskubideak murriztuak. Eskuin muturreko gobernu honen gehiegikerietako bat gehiago.
Mikel Bujanda irratiko zuzendariak ezin izan du bere poztasuna disimulatu. Eta ez da harritzekoa, zailtasun eta oztopoz beteriko ibilbidea baitarama Euskalerria irratiak, eta poztasunak guti izaten dira horrelakoetan. Baina epailearen sententziak arrazoia emanagatik ere, Gobernuak ez du inolako desgasterik izanen, PSNren babes osoa du, kazikismoz eta agintekeriz beteriko bidea daramanean, zein ondorio praktiko izanen du epai honek? Berriz ere lehiaketara aterako dute... eta berriz ukatuko diote lizentzia Euskalerria Irratiari... eta horrela noiz arte? Noiz etorriko da sententzia bat lizentzia emanez? Edo hobe, noiz inhabilitatuko dituzte gobernuko arduradunak gehiegikeriz jokatzeagatik?
01/02/2010
Herria hemen dago, Ankaran
Ankara. Goizeko 10ak. Kiroldegiko ataria jendez lepo dago, lehertzear. BDPren Kongresura etorria naiz, lehen kongresura. DTP legez kanporatu ondotik, lekukoa hartzera etorriak dira. Legez kanporatzea eta berez kurduek bizi duten egoera latza ezagututa, ez nuen giro ederrik espero. Baina kiroldegi atariko giroak erakutsi dit ez dela horrela. Kurduek berezko bizitasuna dute, alaitasuna, eta itxaropena ez dute sekula galtzen.
Harmailak bete-beteta daude, eta pistan jarritako aulki guztiak ere bai. 4.000 lagunetik goiti. Kanpoan, ehundaka lagun ezin sartuz. Zorte gehien izan dutenek kafetegiko kristalen gibeleko aldetik jarraitzen dute ekitaldia.
Itxurari dagokionean, amerikar itxura du guztiak: koloretako ehundaka globo zintzilik, ortzadarraren kolorearen banderak, oholtza handia... Turkiako bandera erraldoia dago oholtzan, legeak hala aginduta. Kurduen koloreak, baina dira nagusi: berdea, horia eta gorria.
Publikoaren artean adin guztietako gizon-emakumeak. Batzuk euren haurrekin etorriak dira. Gazte anitz. Zaharrak gehiago. Nekazari girokoak gehienak. Ekitaldia hasi aitzinetik kurduen kantu herrikoiak entzun daitezke, eta jendea kantuan. Alderdiko agintariek, eta alkateek bereziki, jendea agurtzen eman dute denbora guztia, baita ekitaldiak iraun dituen lau orduak ere!
Ekitaldia ongi etorri hitzekin hasi da, eta ondoren, Demir Çelik alderdikide ezagunak hartu du hitza. Ia 45 minutu aritu da. Denek adi-adi jarraitu dugu bere diskurtsoa, eta publikoak maiz eten du, txalo zaparradekin, presoen askatasuna eskatzeko oihuekin, eta baita arerio politiko eta Ankarako agintarien kontrako txistu eta oihuekin ere. Futbol partidu baten traza gehiago du mitin batena baino! Çelik solasean ari dela, ikaragarrizko zurrunbiloa sortu da. Ahmet Türk DTPko agintari karismatiko historikoa sartu da kantxan, eta hogeien bat argazki eta telebista kamera ditu inguruan. Publiko guztia zutitu da, eta txalo artean hartu dute, bere izena goraipatzen duten bitartean. Çelik-ek isildu egin behar izan du.
Hitzaldiak ez du etenik. Agintariei agurrak eta eurekin argazkiak egiteak ere ez. Adineko emakumeek eta neska-mutil gazteek eskua eman, musua eman, eta argazki makina zein telefonoa eskuetan dutela emozioz heldu dira euren agintariak ikustera, ukitzera.
Gúltan Kisonak izan da oholtzara igotzen hurrengoa. Bere hitzaldia hasi aitzin, nazioartetik etorri garen kideak aurkeztu gaituzte. Nazioarteko 12 alderdi politikotako ordezkariak, eta mundu osoko 19 enbaxadatako ordezkariak, tartean AEBkoa. Herri mugimenduetatik 78 erakunde etorri dira. Kisonak-en hitzaldiak edukin politiko sakonagoa izan du, baina hitzaldi guztietan errepikatu da anitz hizkuntza eta kultura aniztasuna, emakumeen eskubideak, giza eskubideak, eta batez ere, bake eta demokrazia gosea. Espetxeraturik dauden DTPko 100 agintariak ere gogoan izan dituzte, bai eta atxiloketa hauek salatzeagatik kartzelan diren beste hamarnaka nerabeak ere.
Kisonaken hitzaldiaren bukaeran (ia ordu eta erdiz aritu da oholtzan!) harmailak hustutzen hasiak dira. Komunera joateko aprobetxatu dut. Pasiloak lepo daude, jendez eta kez. Denak ari dira erretzen. Emakume gazteren bat salbu, adineko gizonak batez ere. Kanpora ematen duten kristaletatik bi irudik harrapatu naute: polizi mordoa kiroldegi guztia inguratzen, eta ehundaka lagun, kiroldegira ezin sartuz gelditu direnak.
Komuneko irudia ere sekula ikusi gabe nuen: 70en bat gizon ilara ezberdinetan, komunera sartzeko zain. Zutikako pixatokietarako apenas dago ilararik, eta nahiko azkar egin dut sartu-irtena.
Iritsi naizenean igo da oholtzara Selahattin Demirtas. Harrera ezin beroagoa egin diote. Orain sei hilabete Ankaran izan nintzenean ezagutu nuen. Hizlari aparta da. Atsegina. Kongresuan BDP (orain arte DTP) taldeko bozeramaleordea da, eta gaurdanik, BDPko lehendakaria, Kisonak-ekin batera, gizon-emakume bana agintean. Hitzaldi polita egin du. Giza eskubideak, elkarrizketaren premia, demokrazian sakontzeko beharra, langabezia eta korrupzioarekin bukatzeko premia, hizkuntza eta kulutra eskubideak... sakon aritu da. Eta jendeak arreta handiz jarraitzen dio. Hasieran bezain indartsu. Txaloak, ufakadak, txistuak, oihuak... bere diskurtsoa eten behar izan du, honek ere, behin baino gehiagotan. Publiko artean Okalanen argazkia zeramaten bi gazte agertu dira. PKKren aldeko oihu franko aditu da, “PKK herria da, eta herria hemen dago”. Eurena bide politikoen aldeko hautua dela nabarmendu du Demirtasek. Turkiako gobernuari eskari batekin amaitu du: kurduen arazoa bere egin dezala. Txalo zaparradaren ostean, martiriak ekarri ditu gogora.
Gazteen ordezkaria igo da ondoren oholtzara. Aurrekoen ondoan, labur aritu da neska gaztea. Besta giroan eman dituzte lau ordu t’erdi pasatxo. Guk bazkaltzeko bidea egin dugu. Eurek, baina, bozketak zituzten, lehendakariak aukeratu beharra. Zerrenda bakarra zegoen, eta emozio faltan, bazkariaren alde egin dugu. Gauean agurtuko ditugu bi lehendakari berriak, Demirtas jauna eta Kisonak andrea.
18/01/2010
Asel Luzarraga eta konspirazio eusko-maputxea
Deian argitaratutako iritzi artikulua.
Asel Luzarraga idazle euskalduna espetxeratua dute Txilen joan den gabon zahar gauetik, lehergaiak edukitzearen akusazio faltsupean. Baina Luzarragaren atxiloketa ez da kasualitatea, ez denboran, ez Txileko une politikoan. Eta batez ere, Asel Luzagarrak herri maputxearen aurka behin eta berriro egiten diren erasoak salatu dituelako.
Gainera, prozesu hori irregulartasunez betea dago, haren atxiloketak ez duelako Txileko legedia betetzen, epaileak eskubide konstituzionalak urratzen dituzten eskumenak eman dizkiolako poliziari. Joan den abenduaren 7an atentatu batean parte hartu izana da Aselen kontrako akusazio nagusia, nahiz eta hori egiaztatzen duen froga bat bera ere ez egon. Luzarraga, bere pasaportean jasotzen den bezala, Txiletik atera zen azaroaren 22an, eta ez zen itzuli abenduaren 12a arte. Eta prozesuan Txileko legedian aitortzen diren eskubideak urratu dira: osotasun fisikorako eskubidea, berdintasuna legearen aurrean, pertsonaren ohorea, etxebizitzaren bortxa ezintasuna, askatasun pertsonala eta segurtasun indibiduala.
Gainera, atxiloketa horrek bat egiten du denboran Txileko presidentetarako hauteskundeekin. Txilen abenduaren 13an egin zuten presidentetarako hauteskundeetako lehen itzulia, eta bigarren itzulia urtarrilaren 17an eginen dute, igandean. Hauteskunde horiek ez dira batere demokratikoak. Izan ere, Txileko hauteskunde sistema binominala zein hauteskunde legea erabat antidemokratikoak dira, alderdi handiei bakarrik mesede egiten dielako eta indar politiko berriak agertzea blokeatu eta eragozten duelako; eta hori ongi nabaritzen du herri maputxeak eta Wallmapuwen bere alderdiak, legeak ezartzen dituen baldintza guztiak bete arren, estatuak ez duelako legeztatzen.
Gustavo Quilaqueo alderdiko agintari eta gure lagunak (bi aldiz izan da Euskal Herrian, Aralarrek gonbidatuta), borrokalari bakezalea, etengabe pairatzen ari da estatuaren gehiegikeriak, eta ezin izan du hauteskundeetara aurkeztu, alderdi handi bateko ordezkaria ez izateagatik. Debeku hori jaso du presidentetarako hauteskunde hauetan, eta baita martxoan egin behar diren hauteskunde orokorretan ere.
Herri maputxea Txileko gobernu ezberdinen politika errepresiboa pairatzen ari da hagitz modu larrian, eta Bacheleten gobernua ez da salbuespena izaten ari. Kontzentraziotik lau militante maputxe izan dira erailak, eta 50tik goiti dira preso politikoak. Preso maputxeak Barne Segurtasunerako Legediagatik eta Lege Antiterroristagatik daude prozesatuak, nahiz eta hainbat nazioarteko erakundek eskatu duten Diktadura garaitik datozen bi lege errepresibo horiek ez erabiltzeko. Herri maputxea behin eta berriz pairatzen ari da oinarrizko giza eskubideen urraketa.
Eta herri maputxearen arazoaren oinarrian dago Txileko eredu politiko eta ekonomiko neoliberala, makroproiektuen bitartez egindako kontrolik gabeko baso-ustiapenetan oinarritua. Horrek, aldi berean, Herri Maputxea, Wallmapu, desitxuratzen du, eta multinazional handiek ondasun naturalak arpilatzea ahalbidetzen du.
Giza eskubideetan eta
arlo politikoan, 1993ko lege indigenak, diktaduratik zegoen legedia
ordezkatu zuenak, aldaketarako eta herri maputxeak pairatzen dituen
pobrezia eta bazterketa gainditzeko itxaropena ekarri zituen. Baina
legeak ez du balio izan bazterketarekin bukatzeko.
Wallmapuwen, beste erakunde politiko eta sozial demokratikoekin batera, sistema politikoan eta eredu ekonomikoan aldaketak egitea eskatzen ari da.
Eta testuinguru horretan,
eta ez beste batean, gertatzen da euskal aktibista baten, herri maputxearen
eskubideen aldeko aktibista baten atxiloketa. Eta atxilotua euskal herritarra
izatea ez da kasualitatea. Herri maputxea eta bere borroka baketsua
indarkeria babestu edota erabiltzen duten atzerriko taldeekin lotzeko
estrategia darabil gobernuak. Era horretara, Bacheleten gobernuak leporatzen
die maputxeei FARCekin, EZLNrekin eta azkenaldian ETArekin harremanak
izatea. Hain justu, 2008ko udan Wallmapuwenek Sinn Fein, ERC eta Aralarrekin
hitzarmenak sinatu izanak areagotu egin zuen herri maputxearen kontrako
errepresioa, eta maputxeen lehen alderdi politikoko agintarien gaineko
kontrola zorrotzagoa da. Nabarmentzekoak dira joan den irailean Quilaqueo
Euskal Herrira, Aralarren kongresura, etorri ondoren Patricio Rosende
Txileko barne idazkariordeak egindako adierazpenak.
Horregatik guztiagatik, Aralar osatzen dugun guztiok herri maputxearen askatasunagatik borrokatzen jarraitzen dugu, eta elkartasuna adierazten diegu haien egoerari eta borroka baketsuari. Joan den udaberritik Txilen dagoen Asel Luzarraga euskal idazleak egin duen bezala. Aselen ibilbide pertsonal zein artistikoa eta Euskal Herriarekin zein herri maputxearekin eta haien kulturarekin daukan konpromisoa ezagutzen dugunok, itsu-itsuan sinesten dugu errugabea dela eta berehala aske uzteko exijitzen dugu.
17/01/2010
Asel Luzarraga y la conspiración vasco-mapuche
Articulo de opinión publicado en Deia.
El escritor euskaldun Asel Luzarraga está encarcelado en Chile desde la pasada nochevieja, bajo la falsa acusación de tenencia de explosivos. Pero la detención de Luzarraga no es casual, ni en el tiempo, ni en las circunstancias políticas chilenas, y sobre todo, porque Asel Luzarraga ha alzado la voz para denunciar los constantes atropellos contra el pueblo mapuche.
Un proceso, además, lleno de irregularidades, pues su detención no cumple las leyes chilenas, al otorgar la juez facultades a la policía que vulneran los derechos constitucionales. La principal acusación contra Asel es la de participar en un atentado el pasado 7 de diciembre, aunque no existe ni una sola prueba que demuestre su implicación. Luzarraga, tal como consta en su pasaporte, abandonó Chile el 22 de noviembre, y regresó al país el 12 de diciembre. Y durante el proceso se han violado derechos reconocidos en la legislación chilena, como el derecho a la integridad física, la igualdad ante la ley, la honra a la persona, la inviolabilidad del hogar, la libertad personal y la seguridad individual.
Pero es que además, esta detención coincide en el tiempo con la celebración de las elecciones presidenciales chilenas. Chile celebró la primera vuelta de sus elecciones presidenciales el pasado 13 de diciembre, y la segunda vuelta será este mismo domingo, 17 de enero. Unas elecciones nada democráticas. Y es que tanto el sistema electoral binominal como la ley de partidos chileno son totalmente antidemocráticos, pues sólo favorecen a los grandes partidos, y bloquea e imposibilita la aparición de nuevas fuerzas políticas, algo que sufre notoriamente el pueblo mapuche, y su partido Wallmapuwen, que pese a cumplir todos los requisitos legales, no consigue ser legalizado por el estado.
Su máximo dirigente, y amigo nuestro, Gustavo Quilaqueo (presente en dos ocasiones en Euskal Herria, invitado por Aralar), luchador pacifista, ha sufrido continuamente los abusos del estado, y sufre la imposibilidad de presentarse a unas elecciones, por el mero hecho de no ser miembro de ninguno de los grandes partidos. Ha sufrido esa prohibición ante estos comicios presidenciales, pero también para las próximas elecciones generales a celebrar el próximo mes de marzo.
El pueblo mapuche viene sufriendo de forma muy grave y continuada la política represiva de los distintos gobiernos chilenos, y el gobierno de Bachelet no está siendo una excepción. Desde la Concertación han sido asesinados cuatro militantes mapuches, y son más de medio centenar los presos políticos. Los prisioneros mapuche están procesados por Ley de Seguridad Interior y Ley Antiterrorista, pese a las recomendaciones de organismos internacionales de derechos humanos de no hacer uso de estas leyes represivas heredadas también de la Dictadura. La vulneración de derechos humanos fundamentales es una constante contra el pueblo mapuche.
Y en el fondo del problema mapuche está el modelo político y económico neoliberal chileno, basado en la explotación forestal incontrolada de grandes macroproyectos, que a su vez desfiguran el País Mapuche, Wallmapu, y permiten el saqueo de los recursos naturales por grandes multinacionales.
En el terreno político y de los derechos humanos, la ley indígena de 1993, que reemplazó la legislación de la dictadura, abrió la esperanza al cambio y a la resolución de los graves problemas de pobreza y marginación que afectan al pueblo mapuche. Pero la ley no ha servido para finalizar con la discriminación.
Wallmapuwen, junto a otros organismos políticos y sociales democráticos vienen abogando por cambios profundos en el sistema político y el modelo económico.
Y es en este contexto, y no en otro, en el que se da la detención de un activista político vasco, que lucha por los derechos del pueblo mapuche. Y no es casual que el detenido sea un ciudadano vasco. Existe una campaña orquestada por parte del gobierno para vincular al pueblo mapuche y su lucha pacífica con grupos extranjeros que amparan y/o utilizan la violencia. Así, el gobierno de Bachelet, acusa a los mapuches de tener contactos con las FARC, el EZLN, y últimamente intenta vincularlo con ETA. Y precisamente, a raíz de que en verano de 2008 Wallmapuwen firmara acuerdos de colaboración con el Sinn Fein, ERC y Aralar, la represión contra el pueblo mapuche ha crecido, y es más férreo el control sobre los dirigentes del primer partido político mapuche. En especial, la visita de Quilaqueo a Euskal Herria con motivo del último congreso de Aralar celebrado el pasado mes de septiembre, puso en alerta al gobierno chileno, como manifestó públicamente el subsecretario de interior chileno Patricio Rosende.
Es por todo ello que nosotros, los hombres y mujeres de Aralar, seguimos luchando por la libertad de los pueblos como el mapuche, y nos solidarizamos con su causa y su lucha pacífica. Al igual que lo hizo el escritor vasco afincado en Chile desde la primavera pasada, Asel Luzarraga. Los que conocemos la trayectoría personal y artística de Asel, y su compromiso con el pueblo y la cultura vasca y mapuche, creemos por completo en su inocencia y exigimos su inmediata libertad.
05/01/2010
EREgeen 47 opari
47 kaleratze. Horixe onartu du gaur Nafarroako Gobernuak Berako Funvera enpresan. Orain urtebete 202 langile zituen enpresak, 100 langilerekin hasiko du urtea, eta EREan jarraituko dute horiek guztiek, gainera.
55 kaleratze proposatu zituen enpresak. Abenduaren 2az geroztik mugagabeko greban dira enpresako langileak, kaleratze horiek salatzeko. Abenduaren 30ean Nafarroako Parlamentuan izan ziren, Nafarroa Bairen eskariz, euren egoeraren berri emateko. Talde parlamentari guztiek aitortu zuten justifikaziorik gabeko kaleratzeak zirela. Roig Industria Sailburuak, baina, egun bat beranduago sinatu zuen 47 kaleratzeak onartzen dituen EREa.
Funverak, 2003 eta 2008 urteen artean, 11,3 milioi eurotako irabaziak izan ditu. Nafarroako Gobernuak milioika eurotako dirutza inbertitu du azken urteotan enpresa honetan. Eta orain, bide berdea eman dio enpresari kaleratze masiboak egiteko.
Baztan-Bidasoa eskualdea da, Sakanarekin batera, krisiak gogorren astindu duen eskualdea. Nafarroako Gobernuak ez du xentimo bakar bat ere inbertitu azken urteetan eskualdean lanpostuak sortzeko. Eta badirudi, asmorik ere ez duela lanpostuak sortzeko inolako neurririk hartzeko.
Elkartasuna eta berotasuna Funverako langileei. Animorik beroena. Borrokaren segitu behar dugu, eskualdeak behar du eta.
26/11/2009
Gutunak
Aspaldian abandonaturik dudan blog honetan gutun batzuek ekarri naute berriz. Gutun bat Xabi Lasari, Berriozarko alkateari. Bertze bat Euskal Herriko kazetetako zuzendariei. Eta azkeneko gutun bat, hizpide hartuko dudana.
Gutuna desagertzeko zorian omen dago. Ez omen da maitasun gutunik idazten. Baina gaur, bertzelakorik ikusi ahal izan dut nik.
Eguerdian Iruñean izan naiz, auzitegiko atarian. Xabi Lasa Berriozarko alkatea deklaratzera deituta zegoen. Zer eta buruhaundi beltz batek txupina bota zuelako herriko besten hasieran. Babesa ematera hurbildu gara Aralarreko hainbat kide. Lekuko gisa deitua zuten. Udako amesgaiztoa ezin gainetik kendu dabil Xabi. Bere ohiko irribarre eta umorearekin heldu da. Lasai. Kontzientzia lasai du, eta edukitzeko modukoa. Epaitegiaren aitzinean adierazi duen bezala, Nafarroako agintarien politika zikoitz eta eroen ondorio joan behar izan du berak deklaratzera.
Baina gaur, komunikabideetan eta politikarien artean Kataluniako 12 egunkarik batera argitaratu duten editoriala izan da hizpide. Eta ez da gutiagorako. Sekula ikusi gaberik ginen, ideologia desberdineko eta interes ekonomiko hain desberdineko 12 kazetak editorial bera argitaratzea. Bistan da zeinen haserre dagoen Kataluniako gizartea. Kataluniako Parlamentuak onartutako estatut-a Zapateroren eskutara erori eta edukiz hustutzea nahiko ez, erreferendum bidez onartu... eta oraindik aski ez! Espainiako konstituzioa herritarren soberaniaren gainetik omen! Espainiako alderdi eta komunikabide gehienek bat egin dute "presio onartezin" hori salatzen. Baina ez dira ohartzen, hemen, onartezina den bakarra euren inposizioa eta herriaren borondatearen kontra jardutea dela.
Ikusiko al dugu egunen batean Euskal Herriko kazeta guztiek editorial bakar eta bateratua argitaratzea? Ez, hemen ez da posible. Politikariei adostasuna eskatzen zaigun bezala, zergatik ez eskatu komunikabideetako zuzendariei halakorik? Tira, horietako batek, Martxelo Otamendik (Berriak ez du editorialik, baina salbuespena eginen lukete egun horretan), martxa honetan ezin izanen du editorialik idatzi, Egunkaria auzia abiatzear da eta. Bertze astakeria juridiko-politiko bat!
Euskal Herriko makina bat zinegotzi eta zinegotzi ohik ere gutuna bidali diote gizarteari, bertze auzi baten harira: Udalbiltza. Antzinekoaren harira, bertze astakeria bat. Honek ez du amaierarik.
Eta eguneko bertze hizpidea, dudarik gabe, Urrusolo Sistiagak eta Gisasolak idatzitako gutuna da. Hain da argigarria, hain da zuzena, deus guti dudala eransteko. Gogoeta egin behar duenak egin dezala.
Ia hurrengo gutuna idazterako ez naizen hainbertze alfertzen!

13/10/2009
Politika da bidea
Politika egiteagatik atxilotu dituzte Batasunako kideak. Astakeria horren aitzinean ezin dut isilik egon. Politika da bide bakarra, eta politikaren aldeko apustua argia eskatzen diegunean dator kolpe hau. Batasunaren barrenean gauzak aldatu eta politikaren aldeko apustua argien egiten ari diren pertsonak atxilotzearekin helburu argia du Garzonek eta Espainiako estatuak: politikari bidea moztea.
Askatasuna eskatu bertzerik ezin dut egin. Atxilotuak berehalakoan askatu ditzatela, eta poliziaren eskuetan dauden bitartean bermatu daitezela giza eskubide guztiak. Onartezina da politikan jarduteagatik pertsonak kartzelaratzea. Onartezina ideien kriminalizazioa eta jararpena.
Bertze behin, Espainiako estatua urrunegi joan da. Demokrazian onartezina den jokaera erakutsi du, eta muga guztiak apurtu ditu. Politikan aritzea inoiz ezin da delitu izan, inoiz ez.
05/10/2009
Nafarroako nahasmena
UPN bitan zatitua, PP indarra hartzen, CDN gobernutik kanporatua, PSN jokoz kanpo eta NaBairen kontra egin behar... Politikoki nahasmasean dago Nafarroa. Eta eguneroko politikak erabat ahantziak! Hau martxa!
PSNk gero eta eskuinerago egiten du, eguna joan eguna etorri. Dagoeneko harritzeko gaitasuna ere galdu dugu, baina gaur NaBairen kontra egin dituenak bere noraeza erakutsi bertzerik ez du egiten. Aldaketari atea itxi zion alderdia lekurik gabe gelditu da. UPN eta PPren arteko zatiketak erabat urduri utzi ditu sozialistak, eta UPNren hatzaparretan guztiz erorita. Bere politika itxurakeria eta faltsukeria bertzerik ez denean, aginterik gabeko gidaritza bat, eta iparrik gabeko bidea. Nora doa PSN?
NaBai barreneko gauzak ez daude ongi. Bistakoa da. Baina aukera paregabea dugu gainerako alderdien noraezetik ondorioak ateratzeko. Eta hori ezkerreko ideologian sakonduz egin behar dugu. Ezker izaera hori inoiz baino gehiago azpimarratuz. Horrek are deserosogo utziko baititu sozialistak.
09/09/2009
Anormalak
Gaur ere anormalidadea izan da nagusi. Aterki beltzetan ezkutatuta, normalidadea saldu nahi izan digute. Komunikabide handiek "normaltasuna" saldu digute. Nik, aldiz, ez dut Hondarribian egoera normalik aurkitu.
Hamahiru urte badira gatazka karrikaratu zela, eta lehenbiziko urteetako bortizkeria fisikorik ez badago ere, egoera anormalak segitzen du oraindik Alardean. Eta horretan instituzioek dute ardurarik handiena. Hamahiru urte geroago, konponbidea ez da bat-batean etorriko. Ez. Ezinbertzekoa izanen da bitartekaritza lan bat egitea, aitzinpausoak ematea eta irtenbideak denen artean bilatzea. Baina badirudi Hondarribiko alkateak, eta udalaren gehiengoak (ez guztiek, ordea), eta bertze euskal instituzioek ere (ezkutatu egiten baitira goiko agintariak, arazorik ez balego bezala, normaltasuna salduz), ez dutela inolako asmorik arazoari heltzeko, irtenbide bat bilatzeko, bestak duintasunez garatzeko. Nahiago dute anormalidadean segitu. Anormalidadea eurena egin dute.
17/08/2009
Pabloren azken irakasgaia: laizismoa
Pablo Antoñana handia joan zaigu. Nafarroak izan duen luma handi horietako bat. Nortasun handikoa, herriari atxikia, eredugarria. Asteazkenean eginen zaio azken agurra, bere borondateari erantzunez, ekitaldi laiko baten bidez. Maisu baten azken irakasgaia, oraingoz.

Eliza katolikoak hainbertze ohitura eta eredu ezarri eta inposatu ditu, zaila dela laikoa izatea gizarte honetan. Kosta egiten da. Ateoek erabakiak hartuta ere, esplikazio gehiegi eman behar izaten dugu maiz, eta ez zaigu behar bezainbertzeko arretarik paratzen. Errespetatu egiten dugu bakoitzak bere erlijioari, bere konfesioari men egitea, amen egitea. Errespetatu eta onartu egiten dugu, gizarte zabal eta anitz honetan, nahi duenak bere moduan erran dezakeela agur, baietz ezkontzari, bizitzeko modu bat hauta dezakeela erlijio baten guardasolaren azpian. Baina oraindik gizarte honek duen zama erlijioso-katoliko-apostolikoa gehiegizkoa da.
Egunotan, baina, inposizio horri ozen eta argi ezetz erran dioten bi eredu topatu ditut, non eta Nafarroa tradizionalista elizkoiean!
Pablo Antoñanarena da bata. Idazle haundi batek utzi gaitu, betirako. Bere lana geratzen da gurekin. Sekulakoa. Aski ez eskertua. Edo ez guztiongandik, bederen. Izaera berezikoa, nortasun handikoa, maisuen moduan utzi du azken enkargua: bere despedida elizatik kanpo nahi du, ekitaldi zibila. Asteazkenean izanen da, Iruñeako Erraldoien Txokoan. Pozgarria da (tamalez hain gutitan ikusten ditugu!) pertsonaia publiko batek ekitaldi laikoa nahi duela eskatzea. Nire bizi testamenduan ere bildu dut borondate hori: ekitaldi zibila nahi dut, elizarik gabekoa.
Eta bertze eredua Burlatatik etorri zaigu. NaBaiko bi zinegotzik eta NEB-IUNeko batek, herriko bestetan eliza ospakizunetara udalbatza moduan ez joatea erabaki dute. Bestetan elizkizunek modu pribatuan izan behar dute leku. Nahi duenak, joan dadila. Baina zergatik joan behar du udalbatzak bere osotasunean eliza katolikora ekitaldi batera? Zergatik mugatzen da udalbatzaren presentzia elizkizunetara? Tradizioaren izenean? Ez, faborez!!!
Berriki izan diren Berako bestetan ere ez naiz agertu ni elizkizunera. Bestatan zeharo murgildua egon naiz. Ia-ia ekitaldi guztietan egon naiz, baina elizara ez! Nahi duenak joan dadila, baina udalbatzak herri osoa ordezkatu behar du, eta guztiei erakutsi behar die errespetua: katolikoei, ateoei, baina baita azkeneko urteotan gure gizartean areagotu diren protestanteei, musulmanei, ortodoxoei...
Noizko eztabaida serio bat gai honen gainean gure gizartean?
30/06/2009
Ez da nahi genuena, ez da espero genuena
Etsipenez eta saminez hartu dugu Estrasburgeko berria. Ez da nahi genuena, ez da espero genuena. Estrasburgeko auzitegiak Batasunaren legez kanporatzearen alde egin izana berri txarra da demokraziarentzat.
Espainiako sasi-demokraziak Europan ere jaso du merezi ez duen babesa. Alderdien Legeari airea eman dio. Ankerkeriari bidea egiten jarrai dezan uzten dio. Albiste txarra, guziz.
Non daude bere hautu politikoa legez kanporatua duten milaka herritarren eskubideak? Bide politikoen aldeko apustua egitea eskatzen zaio Batasunari, baina nola eginen du, aurkezten ere uzten ez bazaio?
Ez dut ulertzen demokrazian sakontzea eskubideak murriztetik datorrenaren estrategia. Ez dut ulertzen milaka herritarren eskubieak urratzea helburu izatea.
Ez da Estrasburgetik aditu nahi nuena. Ez da Estrasburgetik espero nuena. Berriz ere, etsipena. Berriz ere zirimola. Sorgin gurpila. Noiz etorriko zaigu haize fresko bufada bat?
19/06/2009
Euskal Herriko oihartzuna Kurdistanen
Turkian gara egunotan, Kurdistango DTP alderdiko kideekin. Gaur, gure herria notizi da hemen, tamalez.
ETAren indarkeriak lekurik ez duela uste dute kurduek. Auzi politikoak demokratikoki konpondu behar direla. Elkarrizketa dela bide bakarra. Euskal Herriak askatasuna ez duela bonben bidez lortuko diote. Kurdistanek bezala. Kurdistanen ere ez dute ulertzen ETAren jarduna.
Bakea opa digute.
Inshala
11/06/2009
Euskarak elkartzen gaituelako
UEMA eguna eginen da larunbatean Beran. Ez da euskararen inguruko besta handi eta masifikatu horietakoa. Baina badu bere inportantzia. Larunbatean ofizialki sartuko garen zazpi udalerriekin 61 udalerri izanen gara euskararekiko konpromisoa eguneroko praktika eginen dugunak. Udalak herritarrengandik hurbilen dauden administrazio publikoak izaki, eta administrazioen euskalduntzean ahaleginik handienak egin dutenak izan direla aitortuta, elkarren esperientzia eta ezagutzea partekatzea, eta euskararen normalizaziorako udaleko planak garatzeko eta bulkatzeko tresna ezin hobea da UEMA Aralarren ustean.
Tamalez, baina, ez gara denak egonen Beran. Diskurtsotik ekintzetarako jauzia handia delako gurean, oraindik, eta bereziki euskararekiko praktikari dagokionean. Ez baita aski euskararekiko atxikimendua agertzea, euskaraz jardutea ezinbertzekoa da. Ukaezina da hogeita hamar urteotan aitzinpausu garrantzitsuak eman direla euskararen normalizazioan, eta udal administrazioa izan dela urrats horiek ematen ausartenetakoa. Baina egitekoa, oraindik, aunitz da. Beran, bertan, normalizazioan lan franko egin bada ere, oraindik euskara ez da udaleko lan hizkuntza arlo guztietan. UEMAn sartzeak abiadura handitzea ekarriko digu.
Euskal Herri osoko administrazio publikoak euskalduntzea berebizikoa da euskararen normalizazioan. Eta administrazioak, bere osotasunean hartuta, ez du behar bezainbertze aurreratu normalizazioari dagokionean. Anitzez gehiago egin zitekeen, eta egin behar zen. Urrutira gabe, Aralarrek Funtzio Publikoaren legea aldatzeko proposamena egin zuen Eusko Legebiltzarrean joan zen legegintzaldian, administrazio publikoan jendearen aitzineko zerbitzu guztietan euskarazko atentzioa bermatzeko. Bakarrik gelditu ginen. EAEn eztabaidatuko den udalerrien legean ere, udaletako euskara normalizatzeko unitateek zerbitzu izaera eduki dezaten eskatuko dugu.
Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian anitzez makurragoa da egoera. Ofizialtasuna da egoera aldatu dadin eman beharreko lehenbiziko urratsa. Bitartean, UEMAn parte garen udalek bezala, konpromisoak handitzea eta indarrak metatzea behar du izan helburua. Sektarismo, maximalismo eta bazterkerien gainetik, euskararentzat esparruak irabaztea izan behar du helburua.
Euskarak ereduak behar ditu. Ereduak politikarien artean. Ereduak kultur arloan. Ereduak hezkuntzan, osasun arloan eta profesionalen artean. Eta baita administrazio publikoan ere. Hizkuntzaren erabilera bermatzen dute UEMAko udalerriek, eta herri euskaldunetan euskararen erabilera gizarteko arlo guztietara zabaltzen laguntzeko ekimen eredugarria da.
Zazpi herri gehiagorekin 61era heldu da UEMA. 18 urteotan egindako lana bistakoa da. Baina UEMA indartzea eta udalerri euskaldunen erreferentziazko erakundea bihurtzeko ahalegina egin behar dugu guztiok, alderdikerien gainetik, aitzakia faltsuen gainetik. Izan ere, euskaldunen portzentaia altua den herrietan garatu beharreko hizkuntza politika eta hartu beharreko neurriak ezin dira berdinak izan euskaldunen kopurua hain handia ez duten herriekin alderatuta.
UEMA egunaren atarian UEMArekiko konpromisoa berretsi nahi du Aralarrek, euskararen lurralde osoa hartzen duelako kontuan, eta euskarak behar dituelako sozialki nagusiak izango diren lurraldeak aurrera egiteko, eta UEMA horiei eusteko eta handitzeko tresna egokia delako.
Beran elkartuko gara. Euskarak batzen gaituelako.
20/05/2009
Langileon eskubideengatik
Greba eginen dugu bihar, langileon eskubideengatik. Kalera aterako gara. Motiboak soberan daudelako.
11/05/2009
Breoganeko izpiritua
Breogan mendia mitikoa da galiziarrentzat, abertzale galiziarrentzat, bereziki. BNGko kongresuan Breogango kantuarekin amaiera eman zioten alderdi galiziarreko bozeramale berriaren aukeraketari.

Barne zatidura handiarekin iritsi da BNG bere kongresura. Kontseilurako lau hautagaitza zeuden (UPGren inguruko Alternativa Pola Unidade, Guillerme Vazquezek gidatua; Mais BNGko Carlos Aymerich -Anxo Quintanak babestutakoa-, Lista de Encontro -Xose Manuel Beirasena-, eta Mais Alá -Rafael Villar buru zuela-). %45, %36, %15 eta %3a, hurrenez hurren, lortu zituzten. Arratsaldean, zuzendaritza hautatu zuten, eta bi lehen zerrendak baino ez ziren geratu. %55-45 gelditu zen kontua, eta Anxo Quintanaren bidea utzi, eta ezkerrerago egingo du BNGk, Vazquezen eskutik.
Egoera zailean iritsi dira galiziar abetzaleak kongresu honetara, azkeneko hauteskundeetan PPk gehiengo osoa berreskuratuta, gobernutik kanpo gelditu da BNG. Zuzendaritza berriak galiziar abertzaleen artean ilusioa berreskuratzea izanen du erronka nagusia.
Europako hurrengo hauteskundeetan izanen du aukera horretarako. Eurekin koalizioan joanen gara, eta gure presentzia zinez eskertu zuten. Santiagon bildutako 2.500 ordezkariek gogotik txalotu zuten Aralar, eta anitz izan ziren zutitu eta Aralarren izena oihuka goraipatzen aritu zirenak. Hunkigarria izan zen.
Zorte on, Guillerme!
09/05/2009
Burniaren martxa
Funverako langileek (Berako lantegia) oinez egin dute Bera eta Iruña arteko bidea joan zen asteazkenetik ortziralera bitartean. Haiei ongi etorria ematen izan ginen Nekane Perez eta biok. Gaur, berriz, Zalain eta Bera lotu dituen manifestazioan izan gara.
Ez da debaldekoa. Bortzirietako eskualdea da Nafarroa guztian langabezi tasarik handiena duena. Orain urtebete langabezia erabat teknikoa zen, eta orain, berriz, krisiak gehien astindu duen eskualdea da gurea. 21.000 lagun inguru bizi gara. Aktiboan, goiti-beheiti, 8.000 gara. Gaur-gaurkoaz, 1.000 langabe ditu eskualdean, eta bertze 2.000 lagun EREren batek kalteatuak, gehienak modu bortitzean.
Funverako langileen egoera latza da. Lantegiak izugarrizko diru irabaziak izan ditu orain arte. 140 langile ditu enpresak, eta guztiak daude langabezian, horretarako eskubidea duenak langabezia jasotzen. Irailera arte, gutienez, horrela egon beharko dute. Burniaren martxa deitu diote asteazkenetik ortziralera Bera eta Iruña oinez lotzeko egin duten ibilbideari. Atzo Iruñara ailegatutakoan eurekin solasean izan ginen. Eskertu zuten gure presentzia.
Nekatuta ailegatu ziren. Asfaltoaren gainean egindako 70 kilometroak luze egin zaizkie. Baina emaitzarekin pozik ziren. Lankideen arteko giroa ona dela aipatu ziguten batzuek eta bertzeek. Gaurko manifestazioaren bukaeran ere, ELA eta LABeko ordezkariek hori azpimarratu dute, diferentzien gainetik, zailtasunei aurre egiteko bat eginda daudela.
Saverako lankideak ere han ziren, babesa ematera. Hilabetean sei-zortzi eguneko EREa dute eurek. Talde berekoak dira bi lantegiak, eta taldearen zein lantegien zenbakiak hagitz onak badira ere, produkzioa jaitsi orduko hartu dituzte neurri zorrotzak. Eta horixe da krisi honen arazorik latzena. Enpresak orain arte irabazten ari ziren dirutza pixka batean murriztu zaienean, EREak paratu dituztela martxan, nahiz irabazi handiak izan.
Burniaren martxa aunitz beharko dugu panorama ikusita. Maiatzaren 21eko grebarako, bederen, jendea bero-bero dago!
07/05/2009
Badatoz!
Hasi da espainiarren inbasioa! Gaur armada, militarrak, guardia zibil eta polizien buruak, Espainiako agintariak... etorri dira Gernika hartzera. 1937ko apirilaren 26an bezala, baina orain demokraziaren izenean! Eta berriz erranen digute ez direla eurak izan!
Hasi da Patxi Lopezen agintaldia, espainiarzaletasunari gorazarre eginez! Okupazioa hasi da. Fisikoa eta linguistikoa. Euskara instituzioetatik ere ezabatzeko eginen dituzten ahalegin guztien erakusle izan da gaurkoa. Euskara askatasunean agertu digute.
Presta gaitezen, burua hotz, bihotza bero, badator eta frente espainolista!!
06/05/2009
Agurra
Eusko Legebiltzarrean eman dut arratsalde osoa. Goiz parteko saioa internet bidez segitu behar izan dut. Horrelakoetan ohikoa den eguna. Viva España!-ren bat entzutea falta izan zait bakarrik.
Giro hori bizi izan dut. Ibarretxe lehendakariaren emaztea eta alabak izan ditut ondoan arratsalde osoan. Lasai. Baita Juan Joxe berak agurra iragarri duenean ere. Abertzale gehienak hunkiturik. Inguruan nituen sozialistak eta popularrak, errespetu guti agertuz, pozik. Edonola ere, urduritasuna somatu dugu frente espainiarra bultzatu dutenen artean. Diskurtsoetan, kolorerik ez. Lopezek urrun du Ibarretxeren tamainako politikaria izatea. Bai bederen diskurtsoan. Eta herri honetako errealitatea ulertzen.
Aintzane Ezenarroren diskurtsoa irmoa izan da. Uneak eskatzen zuena. Zorrotza eta bikaina. Aunitz gustatu zait. Politika sozialetan eta herri ereduan EAJrekin ditugun aldeak ongi bereizi ditu, eta argi utzi du gaur zergatik eman diogun (dioten) bozka Ibarretxeri: bozka politikoa izan da. Gehiengo sozial eta politikoa gara abertzaleok, baina parlamentuak ez du hori islatzen, eta anitzez gutiago gobernuak.
Egunak utzi ditu anekdota politak. Aintzanek Lopezi lurraldetasuna kontuan hartzea eskertu dioneko hori, Axular bere lurraldekotzat duela aipatu baitu Lopezek. Nafarrak ere bagara Baskoak, nonbait. Edo Laboa eta La Oreja de Van Gogh parez pare jarri dituenekoa lehendakari berriak. Edo Sarrionandiaren poema irakurri duenekoa. Edo Lauaxeta burkide jeltzaleaz egindako erreferentziak... Literatura hagitz presente egon da. Euskara ez hainbertze. Quirogak hitz soil batzuk egin ditu euskaraz. Gaizki. Basagoitik ere ez du gainditu. Hitz guti eta pattal. Maneirok harritu nau gehien. Ongiegi ez, baina saiatu da. Lopezek aunitz hobetu behar du. Onartezina gidatuko duen herriko bi hizkuntzak menperatzen ez dituen lehendakaria izatea. Pastorrek hitz erdirik ez gure hizkuntzan. Ibarretxe eta Egibar ongi euskaraz, baina gehiago egin beharko lukete. Larrazabalek apenas egin du euskaraz, eta Aranak orain arte EBk egin izan duena baino anitzez ere gehiago. Euskara huts-hutsean jardun da Aintzane. Eta ez da kasualitatea. Antzineko lau urteetan ere bera izan zen legebiltzarkide bakarra euskara hutsez aritutakoa.
Lana badago. Lana badugu. Animo Ezenarro, Basabe, Erostarbe, Maeztu.
Agur, Juan Joxe.
28/04/2009
Ikastea delitu
Ikastearen garrantzia transmititu izan didate etxean, ttikitandik. Ezaguna nuen presoek espetxean ikasteko zituzten zailtasunak, oztopoak eta trabak. Baina oraingoz, ez du izenik. Ikastea ia ia delitu bihurtu dute presoentzat.
EHUko irakasle eta ikasle aunitzen laguntzari eta konpromisoari esker lortu du hainbat presok espetxealdian unibertsitate ikasketak egitea. Zailtasunez eta oztopoz beteriko bidea da ikasketa prozesu hori. Orain, Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi du Euskal Herriko Unibertsitateak presoen ikasketak arautzeko onartu zuen protokoloa.
Ulergaitza zait. Ez al luke kartzelak bergizarteratzea lehenbiziko helburu behar? Eta bergizarteratzeko zer hoberik ikastea baino? Zergatik bertze zigor erantsi bat preso direnei? Zer administrazio mota da trabak ezartzen dituena herritarrek ikas dezaten, hauek preso egon edo aske egon? Ikasteko eskubidea ez al luke bera izan behar? Zergatik ez erraztu ikaste prozesuak?
Bertze behin, erantzunik gabeko galderak izanen dira. Nonbait, ikastea delitu dela sinistarazi nahiko dute!

